Irango estatuburu Ali Khameneiren hitzetan, «bekatu barkaezina» da arma nuklearrak ekoiztea eta erabiltzea. NAM Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren hamaseigarren goi bileran Khamenei aiatolak aldarrikatu du Ekialde Hurbilak arma nuklearren arriskutik kanpo egon behar duela. Hala ere, energia nuklearra modu baketsuan erabiltzearen alde egin du, eta azaldu du Energia nuklearra denentzat eta arma nuklearrak inorentzat ez dela Iranen leloa. Hala ere, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak jakinarazi du Iranek bikoiztu egin duela Fordo gune nuklearraren gaitasuna.
Khameneiren hitzetan, arma nuklearrek ez dute bermatzen herrialde baten «segurtasuna». Horrez gain, Mendebaldeko herrialdeei «gezurretan aritzea» leporatu die, Iranek bonba atomikoak egiteko asmoa duela ohartarazteagatik, eta salatu du Irani trabak jartzen ari zaizkiola energia nuklearra «helburu baketsuekin» erabil ez dezan.
Mendebaldeak uranioa %20an aberasteari uzteko eta material horren erreserbak atzerrira hedatzeko eskatzen dio Teherani. Baina Iranek ez dio men egin nahi, ekoitzitako uranio guztia haren arabera beharrezkoa delako 800.000 herritar gaixoren tratamendurako isotopo erradioaktiboak sortzeko. Iranek martxoan ekin zion uranioa %20an aberasteari. Eta, AEBen eta Israelen ustez, aurki hel daiteke %90ean aberastera; arma nuklearrak egiteko beharrezko portzentajera, alegia.
Iranek, baina, Teheranek nuklearren arloan dituen eskubideak berma ditzala eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-mooni, nazioarteko akordioetako partaide diren herrialdeak babestea NBEren «betebeharra» baita Said Jalili Irango Segurtasun Kontseilu Nazional Goreneko idazkariaren arabera. Jalilik nabarmendu du nazioarteko presioak ez diola eragingo Irani, eta herrialdeak energia nuklearraren alde egingo duela «aurrerapen ekonomikoak eta garapen politikoa» lortzeko.
Joan den urte amaieratik, NBEk, EB Europako Batasunak, AEBek eta beste hainbat herrialdek zigorrak jarri dizkiote Irango Gobernuari, haren programa nuklearrak armak ekoizteko asmoa ezkutatzen duen susmoa dutelako, eta Irani militarki erasoko diotela ere mehatxu egin dute.
Khameneik, berriz, desarmatze nuklearra gauzatu nahi badu «potentzia handien bidetik» ez joateko eskatu dio Bani. Zehazki, Israel aipatu du, eta Tel Aviven armategi nuklearra husteko ardura NBEren esku dagoela azaldu du. Israel ez da NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren sinatzailea, eta ez du sekula baieztatu ez ukatu arma nuklearrak dituen, baina, adituen kalkuluen arabera, 75 eta 400 jaurtigai militar artean ditu. Banek, berriz, gaitzetsi egin du Israelek eta AEBek Irani eraso egingo diotela esan izana, eta NAMeko kideei elkarlana eskatu die «munduko bakeari eusteko».
«Gardentasuna»
Bestalde, NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak betetzeko eskatu dio Banek Irango Gobernuari, eta nabarmendu du «gardentasuna» ezinbestekoa dela Teheranen kanpaina nuklearrean. Banen arabera, Iranek «frogatu» egin behar du bere programa nuklearrak helburu baketsuak dituela, «hitzezko gerra indarkeriazko gerra bihurtu aurretik». Egiptoko presidente Mohamed Mursik ere onartu du Iranek energia nuklearra erabiltzeko eskubidea duela, baina «nazioarteko araudia errespetatuta». EBko bozeramaile Michael Mannek, berriz, adierazi du Iranek lehenbailehen frogatu behar diola nazioarteari arma nuklearrak ekoizteko asmorik ez duela. Horrez gain, aurreratu du EBk eta Irango Gobernuak «datozen egunetan» ekingo dietela berriro programa nuklearrari buruzko elkarrizketei.
Arma nuklearrak ekoiztea «bekatu barkaezina» da Khameneirentzat
Programa nuklearrean «gardentasuna» izateko eskatu dio NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek Irani
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu