Arma nuklearren erabilera mugatuko du Washingtonek

Bushen politikak aldatu, eta nuklearrik gabeko nazioen aurka ez dutela arma atomikorik erabiliko ziurtatu du Obamak

arantxa elizegi egilegor
2010eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
George Bush presidente izandakoak marraztutako muga lausoak zehaztu ditu Barack Obamak. Bakearen Nobel saria arrazoiz eman ziotela erakusteko asmoz edo, AEBetako estatuburuak iragarri du Washingtonek ez duela arma atomikorik erabiliko NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna betetzen duten eta nuklearrik ez duten nazioen kontra. Horrek ez du esan nahi Washington besoak gurutzatuta geratuko dela arma kimikoekin edo biologikoekin erasoz gero; halakoren baten aurka «indar guztiz» erantzungo du Pentagonoak. Etxe Zuriak nuklearren erabilerari jarritako mugak, baina, lurrundu egiten dira, beste behin, Iranen eta Ipar Korearen kasuan. «Bi horien jarrera probokatzaileak ezegonkortasuna handitu du eskualdean, eta horrek arma nuklearrak izateko aukera aztertzera eraman litzake inguruko nazioak», dio Pentagonoak atzo kaleratutako txostenak. Hala, Defentsa idazkari Robert Gatesek ohartarazi du «aukera guztiak» aztertuko dituztela.

«Arma nuklearrei garrantzi gutxiago emango zaien mundu baterantz goazela bermatu nahi dugu. Ziurtatu nahi dugu gure arma konbentzionalek edonor konbentzitzeko adinako indarra dutela edozein egoeratan», azaldu du Obamak berak The New York Times egunkariari eskainitako elkarrizketan. Bide horretan, estatuburuak iragarri du Pentagonoak ez duela arma atomiko berririk egingo. Hori, baina, ez da nahikoa demokrata liberalentzat, horiek legea gehiago zehazteko eskatzen baitzuten. Errepublikanoek, aldiz, ohartarazi dute erabakiak «arriskuan» jar ditzakeela AEBak.

Dena den, Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa idazkari Robert Gatesek esan duenez, bonba atomikoak erabiltzeko prest dauden «talde terroristak» dira egun arriskurik handiena. Horiek hala, «muturreko egoeran» egonez gero, eta inork nuklearrekin eraso gabe ere, Washingtonek aukera izango luke atzera egin eta arma atomikoak erabiltzeko. «Nuklearrak ez ugaltzea eta terrorismoa saihestea dira gure lehentasunak», adierazi du Obamak.

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek gogoz txalotu du Etxe Zuriaren erabakia. Haren iritziz, Obamak nuklearrik gabeko mundua lortzeko konpromisoa hartu duela erakusten du neurriak. Hala, horrek segurtasun nuklearrari buruzko bileran urratsak egiteko balioko duen itxaropena agertu du Banek.

Segurtasuna helburu

Datozen egunetan auzi nuklearra izango du mahai gainean AEBetako agintariak. Bihar bertan armagintza nuklearrari buruzko akordio historikoa sinatzekoa da Moskun. Horren bitartez, bi nazioek %30 murriztuko dituzte armategiak. Egungo datuen arabera, 2.200 buru nuklear dituzteAEBek, eta 2.800 Errusiak -zenbakiak ez dira zehatzak, izan ere, informazio hori sekretua da-. Hitzarmena pauso handia litzateke bi gobernuentzat, baina Errusiako presidente Dmitri Medvedevek ohartarazi du bertan behera geratuko dela Washingtonek misilen aurkako ezkutua jartzen badu Europako ekialdean. Horretaz gain, Moskuk eskatu dio Etxe Zuriari Europako mendebaldeko base militarretan dituen 200 buru nuklearrak kentzeko. Hark, ordea, erantzun dio NATOko aliatuekin negoziatu behar duela erabakirik hartu aurretik.

Errusia eta AEBez gain, buru nuklearrak dituzten beste hiru naziok sinatu dute nazioarteko ituna: Frantziak, Txinak eta Erresuma Batuak. Aldiz, hitzarmena berretsi ez dutenen artean daude Pakistan, India eta Israel -azken hori Washingtonen oso gertuko aliatua da, baina ez du inoiz ofizialki onartu arma atomikorik duenik-.

Zigorrak

Moskutik bueltan, datorren astean, segurtasun nuklearrari buruzko bilera egingo dute AEBetan. Bertan parte hartuko dute 44 herrialdetako estatuburu eta gobernuburuek, eta mahai gainean egongo den eztabaidetako bat izango da Irango auziari buruzkoa. «Hitzarmen sendoa lortu nahi dugu, argi eta garbi zehazten duena datozen lau urteetan giltzapean geratuko direla gai nuklear guztiak», nabarmendu du Obamak.

Aurretik Estatu idazkari Hillary Clintonek egin bezala,AEBetako estatuburuak ere iragarri du udaberri honetan indarrean egongo direla Teherani jarri beharreko zigorra. Izan ere, haren iritziz, bide horretan jarraituz gero Iranek laster egin ahalko ditu buru nuklearrak. «Garai batean ahalmen nuklearra zuen beste estatu bat besterik ez zen Ipar Korea, nazioarteko begiraleak kanporatu eta armak egiten hasi zen arte. Uste dut nazioarteko komunitateak baduela nahiko sen on programa zibila eta armak egitea helburu duena desberdintzeko».



AEBek deitoratu egin diztuzte Kubak egindako akusazioak

Ameriketako Estatu Batuak (AEB) arduratuta azaldu dira Raul Castro Kubako presidenteak berriki egindako adierazpenekin; CastrokAEBen eta Europaren xantaiari ez diela amore emango esan zuen herenegun, eta hitz horiek deitoratu ditu Philip Crowley AEBetako Estatu Departamentuko ordezkariak. Presoek bizi duten egoeraz ere mintzatu da; kartzeletan «masifikazioa eta higiene falta» dagoela esan du. Era berean, Kubak giza eskubideen erakundeei egoera aztertzea debekatzea arbuiatu du; horren haritik, presoei gerta dakieken edozer gauza «Kubako Gobernuaren ardura» dela gaineratu du. Euren kalkuluen arabera, 200 preso politiko daude uhartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.