Bolivia

Armadak esku hartu du La Pazko egoera kontrolatzeko

Egoera larria bizi dute Bolivian. Gonzalo Sanchez de Lozada presidenteak gasa esportatzeko erabakia atzera botatzea erabaki badu ere, herritarren haserrea ez da baretu, eta protesta handiak eta enfrentamenduak gertatzen ari dira hainbat gunetan; areago, herrialde guztira zabaltzen ari dira. Atzo, Armadak esku hartu zuen La Paz hiriburuko istiluetan. Gutxienez, 14 lagun hil ziren atzoko istiluetan.

2003ko urriaren 14a
12:04
Entzun
Boliviako aberastasun handiena, gas naturala, Mexiko eta AEBetarako esportatzea erabaki zuen Gonzalez Sanchez de Lozada presidentearen Gobernuak. Oposizioko alderdi eta sindikatuek, zein herritar askok, ordea, haserre hartu dute erabaki hori, haien iduriko, boliviarrei beren ondasun preziatuena kendu eta multinazionalei ematea baita. Halaber, operazio horren bidez irabaziak Gobernuak soilik eskuratuko zituela iritzi diote. Esportazioaren ordez, hidrokarburoen inguruko industria Bolivian bertan sortzea eskatzen dute.

Protesta handiak izan dira azken asteetan Bolivian esportazio asmoen aurka. Egoera egunetik eguera txartzen joan da gainera: joan den astean, esate baterako, El Alto hiria "greba zibiko mugagabean" sartu zen, eta istilu handiak izan dira. Hogeitamar bat lagun hil ziren joan den astean El Alton herritarren eta segurtasun indarren enfrentamenduetan.

Gainera, pixkanaka, beste gune batzuetara joan dira zabaltzen protestak. Atzo, La Paz hiriburuan lehertu zen herritarren haserrea. Egoeraren larritasuna ikusita Sanchez de Lozada presidenteak atzera egin eta gizarte eragileekin adostasunik lortu arte gas esportaziorik ez egitea erabaki bazuen ere, jendeak protestekin segitu zuen, batik bat, azken egunetako herritarren hilketak direla eta presidentearen dimisioa eskatzeko. Azkenean, Armadak esku hartu zuen atzo iluntzean La Pazen (bart gaua Euskal Herrian). 14 bat lagun hil ziren herritarren eta segurtasun indarren arteko istiluetan.

Zenbait adituren arabera, gerra zibiletik gertu dago Boliviako gatazka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.