Mehatxu, eroskeria eta iruzur salaketak ez dira sinesgarriak Myanmarko Junta Militarrarentzat; ez, behintzat, oposizioak egiten baditu. Izan ere, haren eta bere esanetara duen telebista publikoaren arabera, herenegungo hauteskundeak -hogei urtean egiten dituzten lehenak- «demokraziaranzko urratsa» ez ezik, «pozgarriak eta libreak» ere izan dira. Parlamentu berriko eserlekuen laurdenak armadaren kontrolpean geratzea eta bozetara era askean aurkeztu ahal izan duten bakarrak militarrek sortutako alderdiak izatea txikikeriak dira, antza, diktadurarentzat. Errepresio gogorraren erdian, gainera, borrokak piztu dira karen etniako gerrillaren eta armadaren artean, Thailandiako mugatik gertu. Ondorioz, 10.000 lagunek baino gehiagok -30.000k, oposizioko iturrien arabera- ihes egin dute auzoko naziora.
Juntako iturrien arabera, herenegun hasi ziren borrokak, gerrillariek polizia etxe bati eraso ziotenean, mugatik gertu, Myawaddy herrian. «Goizean goiz, armadak ohartarazi zigun herritik ihes egiteko hil nahi ez bagenuen. Txalupan gurutzatu dut nik ibaia, baina beste batzuek igerian zeharkatu dute», azaldu du Maung Maungek, borroketatik ihes egin duen errefuxiatuetako batek. Hark eta beste milaka lekualdatuk Thailandiako armadaren base batean hartu dute aterpe. «Tiroak entzun genituen, eta berehala egin genuen ihes; eskuetan genuenarekin irten ginen. Ez dakit noiz itzuli ahalko dugun etxera», adierazi du atsekabetuta 50 urteko emakume batek. Haiek, hala ere, salbu daude oraingoz. Ezin dute gauza bera esan euren etxeetan geratu direnek. «Etxetik ez irteteko agindu digute soldaduek. Ateratzen bagara tiro egingo dutela ohartarazi digute. Hilko gaituzten beldur gara», azaldu du Myawaddyn geratu den herritarretako batek. Junta Militarrak salbuespen egoera ezarri zuen herenegun, eta herria setiatua du geroztik. Oposizioko kideen esanetan, zazpi lagun hil dira borroketan, tartean militar bat.
«Gobernu zibila»
Nazioartearen presioei amore eman eta hauteskundeak egitea erabaki zuen Junta Militarrak. Aurretik, ordea, armadaren agintaldia betikotuko zela bermatu zuen Konstituzioa aldatuz. Horiek hala, bozak edonork irabazten dituela ere militarrenak izango dira bai Legebiltzarreko eserlekuen laurdena eta baita Defentsa, Muga eta Barne ministerioak. Horretaz gain, armadaburuak hartuko du nazioaren gaineko kontrola salbuespen egoera ezarriz gero. Hori guztia kontuan hartuta, eta hauteskundeetarako kanpaina egiteko askatasuna izan duten bakarrak militar ohiek sortutako alderdiak izan direla ahaztu gabe, ez da harritzekoa nazioarteak bozak gaitzetsi izana. Estatuaren komunikabideek datorrena hogei urtean izan den lehen «gobernu zibil» gisa deskribatzen badute ere, Washingtonek «hauteskundeak lapurtzea» egotzi dio Naypyidawri. Leunago hitz egin du, aldiz, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak: «Igandeko bozek ez zuten parte hartzea eta gardentasuna behar adina bermatu».
Juntako buruek emaitzak noiz emango dituzten zehaztu ez duten arren -kontaketa bera ere ezkutuan egiten da-, lehen datuen arabera, bi dira aurretik doazen alderdiak, biak ere Juntako kideek osatutakoak: Thein Sein lehen ministroaren Batasunaren Garapen eta Elkartasunerako Alderdia, eta Ne Win diktadorearen gertukoa den Yun Tik zuzendutako Batasun Nazionaleko Alderdia. Hori kontuan hartuta, lehen ministroaren taldeak gehiengo osoa lor dezake Legebiltzarreko bi ganberetan.
Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren Demokraziarako Liga Nazionala alderditik banatutako talde txiki bat ere aurkeztu zen bozetara, baina militarrek kanpainari jarritako oztopoen ondorioz, eserleku gutxi batzuk ematen dizkiote lehen datuek. Oposizioa izan da, hain zuzen ere, bozetako iruzurra eta mehatxuak salatu dituen bakarra, baina Hauteskunde Batzordeak atzera bota ditu haien salaketa guztiak.
«Azken egunetan mehatxuak jaso dituzte oposizioko jarraitzaileek; segurtasun indarrak haien etxeetan sartu dira nortasun agiriak ikusi nahi zituzten aitzakiarekin», gaitzetsi du Thaung Thek, Indar Nazional Demokratikoa alderdiko kideak. Horretaz gain, askok salatu dute nekazaritza eremuetan eta herri txikietan militarrek Juntaren alde bozkatzera derrigortu dituztela hautesleak edo, beste kasu batzuetan, botoak erosi dituztela.
Armadaren erasoaldiak 10.000 iheslari eragin ditu Myanmarren
Soldaduek setiatu egin dute Myawaddy herria, eta herritarrak mehatxatu dituzte etxetik atera ez daitezen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu