Armak ez dira eztabaidagai

Aurorako sarraskiak AEBetako bozen kanpaina etetea lortu zuen, baina ez du piztu zibilek armatzeko duten eskubideari buruzko eztabaidarik. Autodefentsaren ideia oso errotuta dago gizartean.

Jon Fernandez.
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Zein herrialdek euts diezaieke bere askatasunei lantzean behin agintariei gogorarazten ez badiote herriak bizirik eusten diola erresistentzia espirituari? Laga iezaiozue armatzen herriari». 1787an egin zion gomendioa Thomas Jefferson AEB Ameriketako Estatu Batuetako hirugarren presidente izango zenak William Stephens Smith diputatu federalistari. Berrehun urtetik gora pasatu dira harrezkero, baina oraindik bizi-bizi dago herritar armatuen defentsa herrialde osoan. Joan den astean Aurorako (Denver, Colorado) zinema areto batean gertatutako sarraskia gai izan da AEBetako presidentetzarako hauteskunde kanpaina gerarazteko, baina ez du lortu herritarrek armak izateko duten eskubideaz benetako eztabaida pizterik. Antzeko tiroketak gertatu izan direnean bezala —Columbinekoa 1999an [hamahiru hildako], Virginia Techekoa 2007an [32 hildako] edo Tucsonekoa iaz [sei hildako]—, lehen lerrora egin du salto gaiak hedabideetan, baina berehala galdu du indarra, eta ez du inolako eraginik legedian.

James Holmes 24 urteko gaztea AR-15 fusil automatiko batekin, Remington eskopeta batekin eta Glock pistola batekin sartu zen Aurorako zinema aretora hilaren 20an, Batmanen sagako The Dark Knight Rises azken filmaren estreinaldian. Hamabi lagun hil zituen, eta beste 58 zauritu, baina,Mitt Romeney presidentegai errepublikanoaren arabera, ez da «une egokia» armak izatearen legeaz berba egiteko. «Gainera, pentsatzen dut Konstituzioaren Bigarren Zuzenketa [gizabanakoari armak izateko eskubidea aitortzen diona] dela babesteko eta defendatzeko biderik egokiena, eta uste dut lege berri batek ez lituzkeela horrelako sarraskiak saihestuko. Gure erronka ez da legea, gure erronka errealitatetik kanpo dagoen jendea da, gauza pentsaezinak eta esplikaezinak egiten dituena».

Holmesek legearen barruan lortu zituen arma guztiak, baita munizioa ere. Oatesko poliziaburuak azaldu duenez, tiroketa aurreko 60 egunetan 3.000 munizio errondatik gora eskuratu zituen fusilarentzat, beste 3.000 pistolarentzat, eta 300 eskopetarentzat, denak Internet bidez. Denverren Holmesi armak saldu zizkion dendako arduradun Larry Whiteleyk argi laga du berak ondo bete zuela legea. «Saldu aurretik bere aurrekari penalak aztertu genituen». Eta ez zuten ezer aurkitu. Abiadura handiegian gidatzeagatik jasotako isun bat baino ez zen ageri Holmesen historialean.

Lege aldaketaren inguruan berba egiten lehena Michael Bloomberg New Yorkeko alkatea izan da. «Zerbait egiteko» eskatu die bi presidentegaiei. Baina ez errepublikanoek ez demokratek ez dute armen gaineko eztabaidarik nahi. Tiroketa izandako hiriko alkate Michael Hancockek ere ez du legea gogortzearen alde egin, demokrata eta Legez Kanpoko Armen kontrako Alkateak koalizioko kidea izan arren. Datorren azaroaren 6an dira Etxe Zurirako hauteskundeak, eta kanpaina bete-betean suizidio politikoa litzateke Barack Obama presidentearentzat armen inguruko legedia aldatzen hastea.Armek AEBetan sortzen duten indarkeria zelan murriztu erabakitzeko «kontsentsua» eskatzera mugatu da presidentea. Izan ere, herritarren %73 dagolegea gogortzearen kontra, eta soilik %26 alde, inoizko gutxien. Duela hogei urte %41ek babesten zuen armen salmenta debekatzea.

Armen salmenten gorakada

Norbanakoaren autodefentsaren ideia erabat sustraituta dagoAEBetan. 1791an idatzitako Konstituzioaren Bigarren Zuzenketak aitortzen du herritar bakoitzak armak izateko eskubidea: «Estatu libre baten segurtasunarentzat beharrezkoa da ondo araututako milizia bat izatea, eta beraz, ezingo da urratu herriak armak izateko eta aldean eramateko duen eskubidea».

Zuzenketa idatzi zeneanAEBek zuten testuinguruak eta gaurkoak ez dute zerikusirik, baina herritarrik gehienek oraindik gordetzem dute mugako espiritua eta defentsa espiritua. Gizabanakoa edozein mehatxutatik—estatuarena barne— defendatzeko oinarrizko eskubide bihurtu da, eta babes handia du gizartean. NRA Erriflearen Elkarte Nazionala da Bigarren Zuzenketaren defendatzaile sutsuena, eta sekulako indarra eta eragina du Washingtongo politikan, errepublikanoengan zein demokratengan. Kontrako indarrak ere badaude: Armen Kontrolerako Brady Zentroa, esaterako. Azken horren eragin ahalmena, baina, oso txikia da: 2010ean 204 milioi euro bildu zituen NRAk, eta 4,8 milioi, Brady Zentroak.

Gaur egun, 270 milioi arma daude AEBetako herritarren eskuetan, Small Arms Surveyren arabera. Hau da, ehun estatubatuarretik 89 armatuta daude. Gainera, sarraski handien ostean beti gertatzen den bezala, Aurorako tiroketaren ostean ere igo egin da armen salmenta: %43 Coloradon. Dick Rutanek Gunners den dendan saltzen ditu armak Arvadan (Colorado), eta hark ere salmenten gorakada igarri du: «Jendeak aukera bat izan nahi du arma bat erosterakoan. Bere burua eta familia babesteko gaitasuna izan nahi du, etorkizunean zineman gertatu zenaren antzeko zerbait gertatzen bada ere».

Zibil armaturik gehien dituzten estatuen artean lehen postuan daude AEBak, eta horren arriskuak herritarrek berek jasaten dituzte, baita auzokoak ere, Mexikok. Narkotrafikatzaile askok muga gurutzatzen dute iparraldean armaz josi, eta berriro behera jaisteko. Ez da kasualitatea Denverko hilketen ostean AEBei armen gaineko legedi «okerra» aldatzeko ozenen eskatu diena Felipe Calderon Mexikoko presidentea izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.