[youtube]https://youtu.be/nKK488hI89o[/youtube]
“Ekitaldi sorpresa”. “Ate irekien eguna”. “Musikaren eguna”. Urriaren 1a hamaika modutara bataiatu dute Kataluniako ehunka eskolatan eginiko “festetan”, “itxialdietan”, “jolas ekitaldietan”. Hamaika izen, dozenaka metafora, gauza bera esateko: Katalunia estatu independente izateari buruzko erreferendum eguna. Eta, ekitaldien xedea, argia: bihar goizean bozkaleku guztiak zabalik egotea.
Bartzelonako Gracia auzoan kokatutako hamabost bozkalekuetan pilatzen dira boto independentista asko eta asko. Univers eskolan, “ikasturte hasierako festa” dute ostiralaz geroztik, eta harrezkero, bertan daude dozenaka guraso, irakasle eta ume. Izen gehiago darabilzki Irene Lop eskolako gurasoak asteburuko egonaldiari esateko, “udazkenaren festa” edo “bizitzako aro berri bat hasteko festa”, esaterako.
Eskulanak eginez igaro zuten ostiral arratsaldea, eta gauarekin batera heldu ziren afaria eta oheratu aurreko film emanaldia. Lehenago, ordea, bisita izan zuten; 20:30 aldera iritsi ziren bi mosso, bertakoei galdetzeko zertan ari ziren, ordezkaririk ba ote zuten, eta begiratzeko erreferendumaren antolaketari lotutako jarduerarik egiten ari ote ziren. Ohartaraziz gauean zehar behin baino gehiagotan igaroko zirela, hamar minutura joan ziren, guraso ugariren aurpegietan islatzen zen lasaitasunerako. “Zer gertatzen da?” galdezka zegoen umeetako bat, poliziaren presentziak eta telebista kameren fokuek aztoratuta. Agindu bezala, itzuli ziren mossoak, eta gutxienez hiru lagun identifikatu zituzten.
Universera bezala, okupatutako ikastetxe eta bozkaleku izango diren zentro guztietara joan ziren mossoak. Hala agindu zien Mercedes Armas Kataluniako Auzitegi Nagusiko epaileak. Esaterako, Girona hiriburuan, 21 bozkalekutik hemeretzitara sartu ziren, eta guztietara joan ziren poliziak, zein jarduera zituzten prestatuta jakiteko.
Gracian bertan, mahai luze batek egin zien harrera mossoei Jujol ikastetxean. Hor ere, guraso, ikasle eta irakasleak baino ez ziren lotara geratu eraikin barruan, eta, horiek gutxi izan zitezkeelakoan, jende gehiago batu zen eskola atarian. Marc Cortal irakasleak, ordea, gehiago espero ditu datozen orduetan, auzoan eskola ezaguna delakoan. Hain justu, ostiral gauean
baino, larunbat gauean dute jende beharra; igandeko 06:00ak arteko baimena dute eskola barruan egoteko, ordu horretatik aurrera joan behar baita Polizia, epailearen aginduz, ikastetxea zigilatzera. Ordu horretarako jendetza biltzea da asmoa, poliziek ezin dezaten galarazi bozketa gauzatzeko material guztia prestatu eta bozkalekuak zabaltzea.
Bestelako egoeran zeuden Graciako Siracusa adinekoen etxea zaintzen ari zirenak. Hori ere bozkaleku izango da, baina zuzendariak ez du baimenik eman asteburuan zehar eraikina zabaltzeko. Hortaz, kalean kanpin dendak zabalduz igaro dute gaua hainbat herritarrek, “Poliziak zentroa zigilatzea galarazteko”. Erreferenduma Babesteko Batzordeetako kide da Barbara, eta hura da zentroaren atarian gaua igaroko dutenetako bat. Haren esanetan, asmoa dute bertan egoteko “bozkalekuak zabaldu, eta herritarrak botoa ematera sartzen diren arte”.
Oro har, egonaldi lasaia izan zuten eskola gehienetan; ez, ordea, Manlleuko Puig Aguten. Ikastetxea babesten ari ziren lau pertsona balinez zauritu zituzten, pareko eraikinetik tiro eginda.