Protestak herrialde arabiarretan

Aro berriaren lehen eguna

Kairoko kaleetan etengabeak dira festa eta ospakizunak, euren etorkizuna guztiz aldatu dutela baitakite herritarrekEtorkizuna zalantzaz josita badago ere, ziur daude orain artekoa baino hobea izango dela

Kristina Berasain Tristan.
Kairo
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
«Hitzez ezin dut azaldu barruan dudan poza. Erabatekoa da. Inmensoa eta zabala. Lorik ere ezin dut egin». Mahsam Kamelek (52) astebete eman du kalean eta bart joan zen etxera joatekoa. «Gau eta egun osoa eman ditut kale kantoi honetan, eta ez ni eta ez beste inork ez du lorik egin gaur hemen. Egipto esnatu da eta ez da berriro lokartuko». Tahrir plazatik ari da hizketan alaba alboan duela. Familia osoko zortzi kideak egon dira hiriburuaren bihotzean dagoen plazan. Irakurtzen eta idazten ez badaki ere, ideiak argi ditu. Hosni Mubaraken 30 urteko diktadura hiru hitzetan laburbildu du: pobrezia, tirania eta injustizia. Iraileko hauteskundeetan bozkatuko du lehen aldiz. «Oraindik ere ez dakit nori emango diodan botoa, aurkeztuko diren hautagaiak ere zeintzuk izango diren ez baitakigu». Etorkizuna, dena den, oparoagoa eta duinagoa izango dela dio ahoan duen irribarrea ezabatu ezinik.

Ahmed Shaukik (33) hurrengo presidentea gizarte zibilaren ordezkaria izatea baino ez du espero. «Egiptoko presidente guztiak militarrak izan dira eta bada garaia agintean ordezkari zibil bat izateko». Mohamed el Baradei hurrengo presidentea izatea erabat baztertzen du. «Hitz politak esaten ditu baina ez da ekintzetara pasa. Urrian itzuli zenean ez zuen herriarekin bat egin, diplomazialaria da bera, eta presidentea izango bada lan handia egin beharko du herriarengana gerturatzeko; atzerriko bere etxean hemen baino denbora gehiago egonda nekez egingo du hori». Amro Musa Liga Arabiarreko idazkari nagusiaren aldeko apustua egiten du. «Bigarren planoan izan dute beti, kargu hori ere horregatik eman zioten; boterera iristeko baldintzak betetzen dituelako». Oposizioa sakabanatuta egotea da, bere hitzetan, behin diktadorea botata herrialdeak egun duen erronka nagusia.Diktaduraren garaian aberatsek baino ez zutela bozkatzen dio, botereak eta oposizioak botoak erosten zituztelako. Anai Musulmanei egin die erreferentzia. «Pobreentzako baliabideak sortu dituzte klase zabal horren sostengua bereganatzeko».

Shauski gida turistikoa da baina lanik gabe dago. Egiptoko ditu iturri nagusia da turismoa eta lau milioi lagun aritzen dira sektorean. Sekula manifestazio batean parte hartu gabekoa zen baina egunotan kalera atera da: «Mubarakek ez zuela dimisioa emango esan zuenean, ostegun iluntzean, etsituta joan nintzen etxera. Berak bazekien biharamunean zer egingo zuen, baina guk ez». Biharamunean hirian arnasten dena askatasunaren kresala dela dio.

Aiman Hassem (37) ingeniaria, emaztea eta bi alabekin dago plazan. «Une historikoa bizi dugu eta eskenatoki honetan egon nahi nuen alabak eskutan hartuta». Imajinatu ere ez zuen egiten egun hau iritsiko zenik. «Harrituta nago oraindik ere».

Mubarakek armadaren eskuetan utzi du boterea eta armadak herriaren hitza beteko duela hitzeman du. Iraultzan izan duen rolaz mintzatu da Hassem. «Neutrala izan nahi izan du eta horregatik izan da hainbat unetan anbiguoa ere. Diktadura amaitzeko ezinbestekoa izan da izan duen jarrera, eta, trantsizioan ere erabakigarria izango da».

Tahrir plazako protestari eusteko asmoa erakusten dute oraindik askok. Demokrazian sakondu artean ez duela alde egingo dio Mustafa Mosafaredek (21). «Aurreneko egunetik nago hemen eta hemen jarraituko dut trantsizioak zein bide hartuko duen argitu artean, salbuespen egoera kendu artean, parlamentua desegin artean, eta preso politikoak askatu artean». Herria faraoia bezain irmoa izan delako gauzatu da ametsa bere ustetan.

Gazteen grinaz harro

Mubarakek garaia baino ezagutu ez duten gazteek bideratu dituzte protestak eta helduak harro dira izan duten adoreaz. Mosafareden ustez, beldurrak baldintzatu ditu helduak hasieran, agintariek segurtasun ezaren mamua zabaldu nahi baitute protestak isilarazteko. Nadia Hamdik (49) horixe aitortzen du: «Ni hasierako egunetan ez nintzen kalera atera, izututa nengoen, baina, protestek hartzen ari ziren indarra eta norabidea ikusita nik ere iraultza honekin bat egin behar nuela pentsatu nuen, ezin nion nire herriari bizkarra eman». Ahizpari besarkatuta dago eta erratza bana dute eskuetan. Tahrir plazan egunotan bildutako zaborra garbitzen aritu dira.

Norhem Zaater (14) lagunekin batera gerturatu da plazara. Aita dauka atzean. «Pozarren gaude. Gazteon kemenagatik lortu da iraultza eta duela hilabete pentsatu ere ez genuen egiten hau gerta zitekeenik. Gure patua aldatzeko gai izan da herria». Alak ere lagundu duela gaineratu du aitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.