AEBetan legealdi erdiko hauteskundeak izan dituzte, eta demokratek berreskuratu dute Ordezkarien Ganberako gehiengoa —ez, ordea, Senatukoa—. Atzoko bozetarako, inoiz baino emakumezko gehiago aurkeztu ziren hautagai gisa; horietako %75 Alderdi Demokrataren hautagaiak. Behin-behineko emaitzei begiratuta, 113 ordezkari izango dira emakumeak Kapitolioko bi ganberetan, eta 422 gizon —orain arte, 107 andre ziren—.
Andreena ez da, ordea, gainditutako langa bakarra. Bestelako pitzadura txiki batzuk ere izan dira gizon zuri adintsuen mende dagoen Kapitolioan:
-Alexandria Ocasio-Cortez. 29 urte ditu, eta bera izango da Kongresuko emakumerik gazteena. New Yorkeko 14. barrutian irabazi ditu hauteskundeak. Joe Crowley izan zuen parean Alderdi Demokrataren primarietan Bronxen hazitako gazteak, eta botere finantzarioen babesik izan ez arren, aurrea hartu zion askok Kongresuan demokraten hurrengo bozeramailetzat jotzen zutenari.
-Ilhan Omar eta Rashida Tlaib. Emakumeak eta musulmanak dira biak, Minnesotakoa lehena eta Michiganekoa bigarrena. Orain arte bi musulman bakarrik ziren iritsiak Kongresura, biak gizonak.
-Deborah Haaland. Jatorrizko amerikar herrietakoa edo indigena da. 230 urteko historian, jatorrizko herrietako ordezkaririk ez da izan Ordezkarien Ganberan. 57 urte ditu Halaandek, eta Mexiko Berrian irabazi ditu hauteskundeak.
-Sharice Davids. Jatorrizko amerikar herrietakoa edo indigena da Davids ere. Kansasen lortu du aulkia, eta publikoki aitortua du lesbiana dela. Lehenengoa izango da Kapitolioan.
-Jared Polis. Homosexuala dela publikoki adierazi duen lehenengo gobernadorea izango da. Coloradoko estatuan lortu du Alderdi Demokratako kideak kargura iristea. New Jerseyko gobernadore Jim McGreevyk behin karguan zela jakinarazi zuen homosexuala zela. 44 urte ditu Polisek, eta 400 milioi dolar inguru ondasunetan.
-Ayanna Pressley. Massachusetts estatuan aukeratutako lehenengo ordezkari beltza izango da. Michael Capuanori irabazi zion primarioetan; Capuano 19 urtez aritua zen aurrez Kongresuan. “Gutako inor ez da lehiatu historia egiteko. Aldaketa bat egiteko lehiatu gara”, esan du gaur, emaitzak ezagutu ondoren.
-Marsha Blackburn. Tennessee estatuan aurkeztu eta senatari izango den lehenengo emakumea da. Zerrendako gainerakoak ez bezala, errepublikanoa. Migranteen aurkako Trumpen politikak eta Mexikoko mugan harresia eraikitzea babesten ditu.
-Veronica Escobar eta Sylvia Garci. Texasen, sekula ez zuten aukeratu jatorri latinoamerikarreko emakumerik, biztanleen %40 inguru hispanoak izan arren. Biek lortu dute aulki bana Ordezkarien Ganberan.