Egunsenti Urrekara alderdi neonaziari eta Grezian ugaritzen ari diren eraso arrazistei aurre egiteko, parlamentuan lege proposamen bat aurkeztu zuten atzo Pasok Alderdi Sozialistak eta Dimar Ezker Demokratikoak, Andonis Samaras lehen ministroaren gobernua sostengatzen duten ezkerreko bi indarrek. Eta gobernu koalizioa kolokan jarri dute, ND Demokrazia Berria eskuindarrak ez duelako bide hori babesten.
Arrazakeriaren kontrako legedia 2010erako egokitu behar zuen Greziak, Europako Batasunaren zuzentarau bat betetzeko, baina ez zuten egokitu, diputatu gehienak kontra zeudelako. Atzo aurkeztu zuten lege proposamena Andonis Rupakiotis Justizia ministroak landutakoa da, baina, NDk hasieran legea aldatzea babestu zuen arren, berriki adierazi du egungo legedia, 1979an onartua, egokia dela: «Ukitu batzuk egitea nahiko izango da».
Arraza, etnia edo sexu joeragatik diskriminazio ekintzak egiten dituzten banako eta entitateei zigor gogorragoak ezarri nahi dizkiete Pasok-ek eta Dimarrek. Eta arrazakeria eta xenofobia delituen ikerketa nahiz auzipetzea ofizioz egitea eskatzen dute. Izan ere, gaur egun salaketa aurkeztea ezinbestekoa da, eta kasu asko zigorrik gabe geratzen dira, erasoa jasan duten pertsonak paperik gabeko immigranteak direlako.
Bazterkeria jendaurrean sustatzen dutenei sei hilabetetik gorako espetxea eta 5.000 eta 20.000 euro arteko isunak ezartzea aurreikusten du arrazakeriaren kontrako lege proposamenak. Aurrera ateratzeko aukera handirik ez du, ordea, ND kontra egoteaz gain oposizioko indar nagusiak, Syriza ezkerreko alderdiak, bere proposamena aurkeztuko duelako.
Alexis Tsipras Syrizako buruari dei egin dio Dimarreko buru Fotis Kuvelisek, «jolasak utzi eta lege proposamena bozkatzeko».
Egunsenti Urrekarak botoen %7 eta 18 diputatu lortu zituen duela urtebeteko bozetan; orain, inkestek %10 ematen dizkiote.
Arrazakeriaren aurkako lege egitasmoak kolokan jarri du Greziako gobernu koalizioa
ND Demokrazia Berria kontra agertu arren, Dimar eta Pasok-ek parlamentuan aurkeztu dute proposamen berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu