Haiti suntsitua dantzaleku bilakatu zuen kanpainan Michel Martellyk (Port-au-Prince, 1961). Zelai idorretan inoiz ez bezala dantzatzen zen kompas haitiarra, artistaren espezialitatea. Gazteen miresmena zuela ikusirik kopiatu zioten gainerako hautagaiek, baina kantatzen duen herri baten bizipoza irudikatzeko, Sweet Micky bezalakorik ez dago. Fardelak edo soineko biziak soinean, politika egiteko modu tradizionala parodiatu du, eta hura garaitu beharra. Eta ongi atera zaio, haitiarrak betikoaz nazkatuta daudelako.
Ez dakiela politika egiten leporatu diote, eta berak hasiberriaren ilusioarekin erantzuten du. Buruarin eta exibizionista da aurkarientzat, komediantea eta hiztun txarra. Baina kantatu primeran egiten du, eta, haren hitzetan, politikaz mintzatu besterik egin ez dutenek eraman dute Haiti suntsipenera.
Baina politikaz ezer gutxi dakiela dioenak kanpainan ezkutatzen saiatu den iragana du, Jean Bertrand Aristide bota zuen Raoul Cedrasen diktadura lagundu baitzuen, orduan aho handiarekin, eta 2004an ere Aristide botatzeko presio egin zuen taldearekin estu-estu aritu zen. Haitiko inauterietan giroa jartzeko dirutza jaso izana ere ez diote barkatu askok.
Sistemaren aurkakotzat jotzen du bere burua, eta zintzotzat; aberatsegia, esaten duenez, pobreei lapurtzen hasteko. Pianista autodidakta da, eta lehen diskoa 1988an atera zuen, Ou La, La arrakastatsua. Hamalau disko atera ditu harrez gero, baina musikaz gain, ibilbide harrigarria dauka. Saltzaile izan zen AEBetako elikagaien denda batean, 80ko hamarkadan, eta gero eraikuntzan; unibertsitateko ingeniaritza ikasketak armadan sartzeko utzi zituen. Ezkondua dago, eta lau seme-alaba dauzka. •
Soslaia. Michel Martelly
Artistaren konpasean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu