George Floyden heriotza

Asfixiatuta hil zen Floyd, artatu zuen mediku baten arabera

Heriotzaren «arrazoirik probableena» oxigeno falta izan zela defendatu du Bradford Lagenfeld medikuak, Derek Chauvin polizia agentearen aurkako epaiketan.

Haur bat Black Live Matters mugimenduaren bandera bat eskuan duela, Minneapolis hirian. CRAIG LASSIG / EFE
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 6a
15:00
Entzun

Arnas faltak itota hil zen George Floyd gizon afro-amerikarra iazko maiatzaren 25ean, hil aurretik ospitalean artatu zuen Bradford Lagenfeld medikuak azaldu duenez. Floydi lepoa estutu zion minutu batzuk lehenago Derek Chauvin polizia agenteak, eta haren aurkako epaiketa ari dira egiten egunotan AEBetako Minneapolis hirian. Bertan deklaratu du Lagenfeldek, lekuko moduan.

Minnesotako Hennepin konderriko ospitaleko langilea da Langenfeld, eta bertara eraman zuten Floyd hil zen egunean, artean bizirik zela. Ordu erdiz saiatu ziren suspertzen, medikuak azaldu duenez, baina ez zuten lortu.

«Ez zegoen inolako trauma esanguratsurik edo argirik pentsatzeko hemorragia bat izan zuela, eta horrek bihotz biriketako geldialdi bat eragin ziola», adierazi du Lagenfeldek, eta haren heriotzaren «arrazoirik probableena» hipoxia bat izan zela; hots, oxigenoa falta izan zitzaiola garunean eta beste organoetan. Arrazoi nagusia, haren ustez, oxigeno falta izan ote zen galdetu dio orduan Jerry Blackwell akusazioaren abokatuak, eta baietz erantzun dio Lagenfeldek: «Momentu horretan nuen informazioaren arabera, hori gertatu izana da probableena». Zehatzagoa izateko eskatu dio Blackwellek, eta «oxigeno galera» beste hitz batzuen bidez azaltzeko. «Asfixia bezala ezagunagoa da», zehaztu du medikuak.

Horrenbestez, akusazioak defendatzen duena berretsi du Lagenfeldek: Chauvinen belaunak lepoa estututa hil zela Floyd. Defentsak, berriz, orain arte adierazi izan du droga gaindosi baten edo bihotz biriketako geldialdi baten ondorioz zendu zela.  

Poliziaburuaren gaitzespena

Medaria Arradondo Minneapoliseko poliziaburuak ere deklaratu du, eta irmoki kritikatu du Chauvinek izandako jokabidea. «Behin Floyd jaunak erresistentzia egiteari utzi zionean, eta, zalantzarik gabe, larrituta zegoela eta hori hitzez adierazten saiatu zenean, amaitu egin behar zuen». Halaber, Arradondok esan du bere lankide ohiak Floydenaren moduko atxiloketetan jarraitu beharreko protokoloa hautsi zuela. «Buruz behera eta bizkarrean eskuburdinak jarrita dagoen norbaiti halako indarra egiten jarraitzea ez da, inolaz ere, arauzkoa. Gure trebakuntzaren aurkakoa da, eta, noski, baita gure etikaren eta balioen aurkakoa ere», gaineratu du.

Bigarren graduko erailketa eta bigarren zein hirugarren graduko giza hilketa egozten dizkio fiskaltzak Chauvini. 40 urtera arteko kartzela zigorrarekin zigortu ohi da erailketa, eta 25 urtera artekoarekin, giza hilketa. Hala ere, aurrekari penalik ez duenez, gehienez ere hamabi urte eta erdiko zigorra jaso dezake lehen bi karguengatik, eta lau urtekoa, azkenengoagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.