Ashura jai xiita ospatzen ari ziren 38 lagun hil ditu ekintzaile batek Iranen

Sistan-Balutxistan probintziako Iundula talde armatu suniak bere gain hartu du Txabaharko atentatua

Erredakzioa
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ashura jaiegun garrantzitsuena da xiita islamdarren egutegian. Iran estatu xiita bakarra da munduan, eta Ashura ospatu zuten atzo. Atentatu suizida batek odolez busti zuen jaia, 38 hildako eta ehundik gora zauritu eraginezPakistanekin muga egiten duen Sistan-Balutxistan probintziako Txabahar portu hirian.

Goizean goiz hiriaren erdialdean dagoen Iman Hussein mezkitaren atarian ospakizun erlijiosorako pilatu ziren fededunen artean gerrira lotua zuen lehergailua eztandarazi zuen gizonezko batek. Ali Batahi hiriko gobernadoreak esan duenez, tragedia are handiagoa izan zitekeen. Izan ere, Poliziak soinean lehergailua zeraman beste gizon bat harrapatu zuen eztanda egitekotan zegoela. «Gure poliziek bi terrorista identifikatu zituzten, baina, zoritxarrez, batek bere burua lehertzea lortu zuen guk eragotzi baino lehen».

Batahik jakinarazi duenez, «operazioaren erantzule nagusia atxilotuta dago». Iundula (Jainkoaren Armada) talde balutxe suniak bere gain hartu zuen atentatua atzo, Al Arabia telebista katean. Iaz 67 lagun hil izana leporatzen dio Irango Gobernuak talde horri. Abdul Malek Rigi Iundulako burua otsailean atxilotu zuen Irango Poliziak. Heriotza zigorra ezarri, eta urkatuegin zuten hilabete batzuk geroago.

Irango gobernuaren arabera, talde armatu horrek harremana du AEB Amerikako Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko zerbitzu sekretuekin. Gainera, Yundula finantzatzea eta trebatzea ere leporatzen die Mahmud Ahmadinejaden gobernuak bi herrialdeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.