Bosforon dauden bi zubiak batzen ditu ur azpiko tunelak. Gaur zabaldu duten tarteak 13,6 kilometro dauzka, eta horietatik 1,4 ur azpitik doaz. Bi minutuoro igaroko da trena, eta egunean 1,5 milioi pertsona hartzeko gaitasuna izango du sareak. Turkiaren Asiako eta Europako trenbide sareak batu ditu tarte honek, eta aurrerago, Europaranzko eta Asiaranzko beste sare batzuekin egingo dute bat. Marmaray Proiektuak 77 kilometroko sarea eskainiko du etorkizunean.
Munduan den ur azpiko eraikuntza sakonena da: leku baxuenean 62 metro behera egiten du. Japoniako enpresen teknologia erabili dute lurrikaren arriskua saihesteko, eta orohar segurtasun neurrietan diru asko inbertitu behar izan dute. 1,3 bilioi euroko inbertsioa izan du. Egitasmoa, gainera, ez da horretan geratuko. Recep Tayyp Erdoganen gobernuak autoak igarotzeko beste tunel bat eraiki nahi du, itsasadarrean hirugarren zubi bat eraiki, eta Istanbulen aireportu handi bat egin.
Turkiako herritar askok kritikatu dute proiektua, hala nola oposizioak. Ingurumenean izango dituen eraginak ez kontuan hartzea leporatzen diote; zati batean lurrikarak izateko arrisku handia dagoela ere ohartarazi dute, eta herri galdeketa eskatu dute herritarrei ekonomikoki eta sozialki horrenbeste eragingo dien proiektuaren inguruan.
Teknikoki ere salatu dute proiektua. Turkiako Arkitektoen eta Ingenierien Ganberak agerian utzi ditu tunelaren ahuldadeak, ohartaraziz "oso arriskutsua" egiten dutela bidaia. "Ni ez nintzateke igoko eta inork ez luke egin behar", aholkatu du Sulayman Solmazek, erakundeko ordezkariak.