Kolonbiako bahiketa

Asier Huegun: "Esperientzia gogorra izan da; hotz handia eta gosea pasatu dugu"

Bi hilabete dira gaur Kolonbiako ELN gerrilak Asier Huegun donostiarra eta beste sei turista atzerritar bahitu zituztenetik. Euskal Telebistak, Reuters agentziaren bitartez, Asier Huegunen adierazpenak eta irudiak ere lortu ditu. Asier Huegun donostiarra bizarrarekin, itxuraz osasuntsu eta nahiko garbi ageri da bideoan ELNren bandera handi bat atzean duela. Bideoa urriaren amaieran egina da, eta gazte donostiarra azukre kainaberatik ateratako pasta moduko bat eskuan duela ageri da, indarra eman diola esanez.

2003ko azaroaren 12a
16:02
Entzun
Asier Huegunek dio "esperientzia gogorra" izan dela, asko ibili behar izan dutela eta gosea eta hotza pasatu dutela. "Esperientzia gogorra izan da. Hasieratik asko ibili behar izan dugu. Nik ez nuen hori pentsatzen baina, hotz handia pasa dugu, gose asko...". Huegunek deia egin dio Kolonbiako Gobernuari bide eman diezaiola ELNk egindako erreibindikazioari, alegia, Sierra Nevadako biztanleek eta nekazariek bizi duten krisia aztertzeko batzorde humanitarioa eratu dadila.

Bideoan bahitutako turisten hainbat irudi ageri da, kartetan jokatzen, kafea edaten edota asto gainean ibiltzen. Bahituta dagoen turista alemaniarrak ere batzorde humanitarioa eskatu du, esanez, Sierra Nevadako herritar asko gose direla, ez dutela botikarik eta hotz asko pasatzen dutela, "berak ikusi ahal izan duelako".

Azkenik, ELNko komandante batek ohartarazten du Kolonbiako armadak ez duela bahituak askatzeko saiakerarik egin behar, bestela bahitutakoak exekutatu egingo dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.