Nolanahi ere, Huegunek Goikoetxea kazetariari adierazi dionez, gerrilariek hasieratik esan zioten bere bizitza errespetatutako zutela. Halaber, goizean goiz jaiki eta oihanean barrena hainbeste kilometro egin behar izatea nekeza egin zaiola adierazi dio 'Berria'-ri, baina, hala eta guztiz, fisikoki ondo sentitzen dela: "Kilo bakarra galdu dut ", azaldu du.
Asier Huegun Etxeberria donostiarra eta haren gurasoak arratsaldeko ordubiak aldera iritsi dira Hondarribiako aireportura, 72 egun Kolonbiako ELN gerrilaren esku egon ondoren. Fisikoki eta psikologikoki "ondo" dagoela adierazi du aireportuaren atarian, eta gurasoak ondo aurkitzeak asko lagundu diola nabarmendu du. Halaber, laguntza eta elkartasuna adierazi dien guztiei eskerrak eman dizkie Huegunek.
Xehetasun gehiago emateko bihar kazetarien aurrean agerraldia egiteko asmoa du gazte donostiarrak.
Asier Huegunen adierazpenak 'Berria'-ri
Asier Huegun: "Hasieratik esan zidaten nire bizitza errespetatuko zutela"
Ia bi hilabete eta erdiz Kolonbiako ELN Nazio Askapenerako Armadak bahituta egon ondoren, gaur heldu da Asier Huegun donostiarra etxera. 'Berria'-ko kazetari Jakes Goikoetxeak Asier Huegunekin eta haren gurasoekin egin du Bogotatik Euskal Herrira arteko hegaldia. Asier berarekin hitz egiteko aukera izan du hegazkinean, eta, besteak beste, ELNko gerrilariek hasieran iragarritako askapena atzeratzea "oso kolpe gogorra" izan zela esan dio. Bizipen horien guztien berri biharko 'Berria'-k emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu