Arenys de Munten 2009an hasitako galdeketa boladak independentista katalanen «autoestimuaren gorakada» eragin zuela uste du Carme Renedok (Girona, 1963). «Jabetu ginen nahi izanez gero lor daitekeela helburua, eta horretarako ahaleginean gabiltza orain». ANC Biltzar Nazional Katalana behin-behineko idazkaritzako kide izan da azken urtean Renedo. Aurrerantzean, herri mailan egingo du lana, lekuko biltzarretan.
Zein da ANCren helburua?
Independentziari zalantzaz begiratzen dioten hautesleak konbentzitzea dugu helburu, horretarako argudio arrazionalak erabiliz, baina argudio sentimentalak baztertu gabe. Erreferenduma iristen denerako botoa erabakita izango lukete horrela, eta ez genuke guztia arriskatuko galdeketa batean.
Nola konbentzitu zalantzatia?
Herrietako lana da garrantzitsuena, konferentzia txikiak egitea. Zer gertatuko da erretiratuekin independentzia lortuz gero?... Jende askok badu erretiroa galtzeko beldurra, eta ulertzekoa da. Bada, argudio ekonomikoak ematen dizkiegu beldurrik ez izateko. Aitzitik, Negozioen Zirkulu Katalanaren aurreikuspenen arabera estatu propioarekin orain baino gehiago kobratuko lukete. Horixe da gure lana, jendeari argudio ekonomikoak, juridikoak, legalak ematea, eta batez ere, jendeak independentziaren inguruan dituen beldur edo kezkak ezagutzea.
Gero eta indar handiagoa hartzen ari al da arrazoi ekonomikoa independentismoan?
Ikusten ari gara krisi ekonomikoa asko ari dela laguntzen, jende asko arrazoi ekonomikoengatik ari dela independentismora hurbiltzen, nortasun edo kultura arrazoiengatik izan beharrean. Ongi etorriak dira horiek ere. Duela hamabost urte balantza fiskala aipatzen genuenean zorotzat hartzen gintuzten, eta orain Espainiaren lapurreta fiskala oso barneratuta dago Kataluniako gizartean. Argudio demagogikoa badirudi ere, krisiak lagundu egiten digu, aldaketa politikoa egiten denean hobeto bizitzeko egiten delako, eta guk badakigu Espainiarik gabe hobeto bizi gaitezkeela. Indarra galtzen ari den motorra da Katalunia, Espainiak indarra xurgatzen diolako. Dena den, jabetzen gara babes hori ahula dela, itun fiskal on bat lortuz gero jende hori autonomiaren bidera itzuliko litzatekeelako.
Azken hamarkadan nabarmen egin du gora independentismoak Katalunian, eta Madrilek estatutu berriaren inguruan erakutsitako jarrerak izan du zerikusirik.
Oso nekatuta gaude. 30 urte daramatzagu Espainiako Gobernuarekin leialtasunez lan egin nahian. Hiru hamarkadaren ostean oraindik eskoletako murgiltze eredua defendatzen aritu beharra, edota herri batek berretsitako estatutu bat judizializatzea nekagarria da. Hamabost urterekin manifestazioetan defendatzen nituen gauza berberak defendatzen ari naiz oraindik ere. Hori ez da normala, eta sekulako nekea eragiten du. Etsipenak jota iritsi dira asko independentismora, Pujolek dioen bezala. Eta ez gara gauza arraroak eskatzen ari. Pertsona normal baten gisan bizi nahi dut nire herrialdean, edozein pertsona Madrilen bizi den bezala. Beti gurearen defentsan ibili behar barik.
Zerga itunaren balizko porrotak, hortaz, independentismoa aupatuko luke?
Uste dut baietz. Izatez, Madrilek independentista gehiago sortzen ditu bere politiken ondorioz.
2014an independentzia lortzeko bide orria du ANCk esku artean. Loral daiteke?
Finkatutako helburua da bide orria, baldintzen arabera alda daitekeena. Baina aukera handi bat dugu gure alde: udaletxeak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak mugitzen badira, asko egin dezakegu aurrera. 2014an lekuko galdeketa bateratuak antolatu nahi ditugu, gero independentzia aldarrikatzeko. Badakigu zein den helburua eta zein den bidea, baina ez dela erraza izango ere badakigu.
Hala ere, egingarri ikusten duzue.
Bai. Josep Maria Tericabras filosofoak oreka ponderatuaren legea aipatzen du. Hau da, bat-batean, kanpoko kausa txiki baten ondorioz, gauzen orekak apurtu egiten direla, Berlingo harresian gertatu zen bezala. Testuingurua egokia dela uste dugu, eta kausa hori berez ateratzen ez bada geuk eragingo dugu. Unea aprobetxatu behar da, eta posible da lortzea.
Edinburgon hasiak dira independentziaren bidea jorratzen. Nola begiratzen duzue Eskoziara?
Sekulako inbidiarekin. Erresuma Batuaren estilo demokratikoak ez du zerikusirik Espainiakoarekin. Han planteatu daiteke independentziaren aukera, nahiz eta Londresek baldintzak jarri: data dela edo galdera kopurua dela. Baina hori politika da. Erresuma Batuak alternatiba bat proposatzeko aukera demokratiko eta arrazionala onartzen du. Hemen beti ukatzen digute alternatiba hori. Eskoziako eredua oso interesgarria da guretzat, batez ere Kataluniako gizartea hangoa baino independentistagoa dela kontuan hartuta. Horregatik, askatasuna ematen ez baldin badigute, geuk hartuko dugu.
Kataluniako klase politikoa prest dago independentziari buruzko benetako eztabaidan murgiltzeko?
Momentuz, anbiguotasunez jokatzen du. Generalitateari, gainera, ondo datorkio mugimendu hau Madrilekin negoziatzean indar handiagoa izateko. Baina itun fiskal on edo txar bat lortzea alferrekoa izango da. Behin gizartea mugitzen hasita, ez da itun batekin aseko. Hortaz, independentismoa hedatu nahi dugu gizartean, eta erakunde eta alderdientzako presio lobby bat izan nahi dugu. Artur Mas presidenteak bozen aurretik esan zuen ez zuela galdeketarik antolatuko ez dagoelako horretarako gehiengo sozialik. Bada, argudio barik laga nahi dugu Mas, gehiengo sozial hori badagoela erakutsi behar diogu.
Carme Renedo. ANCko behin-behineko idazkaritzako kidea
«Askatasuna ematen ez baldin badigute, geuk hartuko dugu»
Renedok uste du burujabetza saihetsezina dela gizartearen gehiengoa independentziaren alde mugitzen bada; alderdi politikoei eta erakundeei presio egiteko lobbya ere izango da ANC.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu