Manifestazio isila da. Hogei bat emakume Hebrongo unibertsitatearen aurrean elkartu dira, eta, astero egin ohi duten bezala, haien semeen, anaien edo senarren argazkiak daramatzate. Emakumeek, halere, ez dute aurretik pasatzen diren herritarren interesa pizten. Gutxik erreparatzen diete argazkietan agertzen diren aurpegiei. Protestak lelo argi bat du, ordea: Ez ahaztu preso palestinarrak.
«Nire semeak 30 urte daramatza kartzelan. Beste 30 pasatu behar al ditu? Nazioarteko komunitatearen laguntza behar dugu». Magda izeneko emakume baten hitzak dira horiek. Bere semeak, Xarif Ahmedek, etxean beharko luke iragan apiriletik. Alta, Israelek bertan behera utzi du Ahmed eta beste 25 preso palestinar askatzeko egitasmoa. Benjamin Netanyahuren gobernuak gogor erantzun dio PAN Palestinako Aginte Nazionalak ofizialki nazioarteko hamabost erakunderekin bat egiteko eskaerari.
Azken urteko bake elkarrizketen barruan, Osloko Akordioen aurretik espetxeratutako 104 preso palestinar lau fasetan askatzeko ados jarri ziren Israel eta PAE Palestina Askatzeko Erakundea. Tel Avivek, ordea, 78 preso askatu ditu, eta ez du bete akordioaren azken fasea.
Oraingoan, harago joateko prest dago Israel. Eta hasi da hainbat neurri hartzen. Netanyahuren gobernuak amnistiaren kontrako lege berri bat onartu du, eta aurrerantzean, legebiltzarraren esku geratuko da norbait hiltzeaz akusaturiko preso palestinarrak aske uzteko erabakia. «Amnistia ez da gobernuaren erantzun politiko bat izango», zehazten du araudi berriak. Helburua jakina da: etorkizuneko bake edo truke akordioei mugak jarri nahi dizkie Israelek, odol delituak dituzten preso palestinarren askapena saihesteko. Orain, Israelgo Parlamentuak berretsi behar du legea, baina babes handia dauka Israelgo gizartean.
NaftaliBennett Ekonomia ministro ultraeskuindarra izan da araudia defendatzen lehena: «Hilketa delituak dituzten presoek kartzelan jarraitu behar dute. Zergatik? Truke akordio bakoitzaren ondotik ehunka terrorista aske geratu direlako. Amaitu dira borondate oneko ekintzak». Netanyahu lehen ministroak ere argi esan du aspalditik datorren egitasmoa dela, baina azken urteetako «aferek» erabakia azkartu dutela. Funtsean, 2011n Israelek eta Hamasek sinatu zuten truke akordioari buruz mintzo da. Gilad Shalit soldadu israeldarra 1.027 preso palestinarren truke aske geratzeko erabakiari buruz, alegia. «Azken 40 urteetan hamar mila terrorista askatu ditugu. Onartezina da hori», esan du gobernuburuak.
«Atzerapauso handia da»
Hormaren beste aldean, palestinarren aldeko erakundeek bat egin dute lege berriaren aurka. «Atzerapauso handia da. Preso palestinarrak gatazkaren pagaburu bilakatu dira. Trukeetan adostutako preso gehienak Osloko Akordioak baino lehenago espetxeratu zituzten, beraz, aske egon beharko lukete», adierazi du Murad Jadallah abokatuak.
Addamer preso palestinarren eskubideen aldeko erakundekoa da Jadallah. Azaldu duenez, legedi berriak egoera politiko jakin bati erantzuten dio: «Israelen eta PAE Palestina Askatzeko Erakundearen arteko bake elkarrizketak hilik daude, eta Al-Fatahek eta Hamasek adiskidetasun akordioa sinatu zutenetik, Israelek estu hartu nahi du Mahmud Abbas».
Jadallahen aburuz, Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteari presio handiagoa egin nahi dio Tel Avivek, bai baitaki presoen afera oso delikatua dela: «Etorkizuneko bake elkarrizketen gaineko kontrola mantendu nahi du Israelek. Trikimailu bat da».
Edonola ere, legeak ehunka palestinarri eragingo die. Israelgo Gobernuak esan du araudiak ez duela atzerako eraginik, eta ez diela espetxean dauden presoei eragingo. Alta, giza eskubideen aldeko erakundeek «gardentasun falta» salatu dute. «Gure ustez, Israelgo naziotasuna duten preso palestinarrei eragingo die. Izan ere, azken akordioetan aske geratu diren gehienak 1948ko palestinarrak dira», azaldu du Jadallahek.
Auzi amaigabea
Palestinako Aginte Nazionalak ez du ezer adieraz Israelen azken erabakiaren inguruan. Ramallaheko gobernuaren iturriek, ordea, «amaitutzat» eman dituzte iazko udan Tel Avivekin hasitako elkarrizketak.
Israelek gaur egun 5.000 preso palestinar ditu kartzeletan atxikita, horietatik 136 atxiloketa administratiboaren pean. Xedapen horri jarraiki, preso palestinarrak mugarik gabe eduki ditzakete espetxean, epaiketarik egin edo kargurik aurkeztu gabe. Lurralde okupatuetan Israelek inposaturiko legedi militarrari erantzuten dio atxiloketa mota honek, eta «segurtasun nazionalarentzat mehatxu bat» izatea egozten diete preso administratiboei.
Ekialde Hurbila. Israelen zigor operazioa Gaza eta Zisjordanian
Askatasuna, kate artean lotua
Israelek ez du truke gehiagorik nahi, eta «odol delituak» dituzten preso palestinar gehiago ez askatzeko lege berri bat onartu du, Benjamin Netanyahuren gobernuak sustatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu