Askatasunaren III. Flotilla atxiki du Israelgo armadak, eta portura eraman

Militarrek Poliziaren esku utzi dituzte 'Estelle' ontzian zihoazen 30 ekintzaileak

mikel rodriguez
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hirugarrenean ere ez. Israelgo armadak bertze behin zapuztu du nazioarteko ekintzaileek Gazako blokeoa hausteko egindako ahalegina. Militarrek atzo goizean geldiarazi zuten Askatasunaren III. Flotillako Estelle ontzia, eta kostara eraman, Israelgo Ashdod portura. 2010ean Askatasunaren I. Flotillarekin egindako erasoa etorri da guztien burura —soldaduek bederatzi ekintzaile hil zituzten—; horregatik, Israelgo armadak nabarmendu du oraingoan ontzia geldiarazteko prozesua «baketsua» izan dela. Flotillarekin lotutako gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute, ordea, «erasoa» nazioarteko uretan egin duela Israelek. 30 ekintzaile zeramatzan Estelle ontziak.

Ontzia Gazarantz Suedia izeneko gobernuz kanpoko erakundeak goizean bertan zuzeneko informazioa eman zuen Israelgo armadaren ekintzen inguruan, ontzian bertan zuen kide baten bidez. «Bortz edo sei gerraontzik Estelle inguratu dute. Maskarak jantzita dauzkaten soldaduak itsasontzian sartu nahian ari dira», izan zen Dror Freiler ekintzailearen mezua. Hark jakinarazi zuen nazioarteko uretan zeudela. Horren ondotik Freilerrekin harremana galdu zutela azaldu du Mikael Lofgren Ontzia Gazarantz Suedia erakundeko bozeramaileak. Erakunde horrek, halaber, salatu du atzoko egunean bere webguneari «eraso koordinatuak» egin zizkiotela, eta horregatik hainbatetan ez zela erabiltzeko moduan egon.

Freilerrek mezua eman eta ordu eta erdira berretsi zuen Israelgo armadak Estelle ontzia atxiki zuela, Ashdodeko portura eramateko. Horren arabera, ontzia «nazioarteko legediari jarraituz» geldiarazi zuten, eta Estelle Gazara ailega ez zedin «era guztietako ahaleginak» egin ondoren, «zuzenean eta bide diplomatikoen bidez». «Elkarlanerako borondaterik ez zutenez, eta norabidea alda zezaten eginiko eskaerei jaramonik egin ez zietenez, belaontzia hartu eta Ashdodera eramatea erabaki dugu», erran du armadak.

Iluntzean, Ashdodera ailegatu, eta ekintzaileak Poliziaren eta Immigrazio Ministerioaren esku utzi zituen armadak. Aitzineko kasuetan Tel Avivek bi aukera eman dizkie bertze flotilletako kideei: Israelera legez kanpo sartu direla aitortzea, agiri bat sinatuta; horrek immigrazio legea hautsiko luke, eta 72 orduren buruan deportatuko lituzkete. Hori ukatuz gero, Israelen atxilotuta geldituko lirateke, epaiketaren zain.

Bortz parlamentari europar

Estelle ontziak Finlandiako bandera du, eta Suediatik abiatu zen iragan ekainean. Gazara ailegatzeko asmoa zuen eskifaia osoa Grezian batu da aste honetan bertan, Kreta uhartean. 30 ekintzaile horien artean Europako lau herrialdetako bortz parlamentari daude. Zeraman materialaren artean zituen botikak, medikuntzako materiala, zementua eta jostailuak. «Gazara ailegatzea lortu ez dugun arren, ziur naiz munduak eta Israelgo agintariek ikusi dutela blokeoa legez kanpokoa, gizatasunik gabea eta suntsigarria dela», adierazi du Ontzia Gazara Suedia izeneko gobernuz kanpoko erakundeko kide Lofgrenek. Hamas alderdiak, zeina Gazan agintean dagoen, erran du Estelle-ren aurkako operazioa «pirateria ekintza bat» izan dela.

Israelek 2007an ezarri zion blokeoa Gazari, hain zuzen, Hamasek boterea hartu zuelako. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ukatu egin du Gazan giza hondamenik dagoela. «Ekintzaileak giza eskubideez arduratuta baleude, Siriara joanen lirateke». Estelle geldiaraztea mugen defentsarekin lotu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.