Aske eta kargurik gabe laga du Haitiko Fiskaltzak Duvalier diktadorea

Jude Celestine bigarren itzulitik kanpo lagatzeko gomendatu dio Hauteskunde Batzordeari AEEk

Jon Fernandez.
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Etxean bezala dago Jean-Claude Duvalier diktadorea Haitin. «Bertan geratzeko etorri da», argitu du haren abokatuak. Erbestean 25 urte igaro ostean Port-au-Princera itzulita, ez du Haitiko justiziaren beldurrik. Fiskaltzaren aurrean deklaratzera eraman zuten asteartean, baina lau orduren ostean, Caribbean hotelera bueltatu zen. Eskuburdinarik gabe egin zuen joaneko zein bueltako bidea, jarraitzaileen babes oihuen artean. Gabriel Ambroise epaileak eta Aristides Auguste fiskalak 1971 eta 1986 bitartean ustelkeria, diru publikoa desbideratzea eta lapurreta leporatu arren, aske utzi zuten.

«Ez da behin-behineko askatasuna, behin betikoa baizik. Ez du kontrako kargurik», argitu du Gervais Charles Duvalierren abokatuak. Diru desbideratzeez gain, diktadorearen hamabost urteko agintaldian milaka haitiarren hilketen erantzule ere izan zen. Hala ere, ez dago argi Haitiko legeriak auzi horiek epaitzeko bidea ematen ote duen. «Auzibidea zabaltzeko, ondo antolatutako frogak egon behar dute, eta ikusten ari gara ea horrela den», dio Rupert Colville Navi Pillay NBEko agintariaren eledunak.

Jarraitzaileen babes oihuez gain, ordea, kontrakoak ere entzun zituen Duvalierek Fiskaltzara bidean. «1971 eta 1986 bitartean gizateriaren kontra egin ziren krimen askoren buru izan zen Duvalier. Gainera, torturak eta hilketak ez dira balio gabe geratzen», zioen Pierre Esperance Haitiko Giza Eskubideen Babeserako Sareko zuzendariak. «Harrituta gaude irekitako prozedura judizialaren inguruan eta etorriko diren pausoen inguruan dagoen informazio urriagatik», salatu du Daniele Magloire Eskubideak eta Demokrazia erakundeko arduradunak.

Bestalde, Philip Crowley AEBetako Estatu Departamenduko eledunak esan du diktadorearen itzulerarekin «harrituta» daudela: «Ez gaude Duvalieren itzuleraren atzean». Bien bitartean, Haitiko Gobernuak isilik jarraitzen du.

Martelly Celestinen ordez

AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak Haitiko bozen emaitzen egiaztatze txostena argitaratu zuen atzo. Haren arabera, CEP Behin-behineko Hauteskunde Batzordeak botoen tabulazioa aldatu behar luke. Hartara, gehien bozkatutako zerrendetan bigarrena Michel Martelly abeslariarena litzateke eta ez Jude Celestine hautagai ofizialistarena. AEEk ziurtatu duenez, bozen emaitzak biltzen zituzten 234 orrik ez zituzten oinarrizko baldintzak betetzen, eta orriok zenbaketatik baztertzeko eskatu die Haitiko agintariei.

CEPak atzo bertan erantzun zion AEEri: «Kontuan hartuko dugu gehien bozkatutako zerrendetan bigarrena eta hirugarrena lekuz aldatzeko gomendioa». Behin-behineko Hauteskunde Batzordeak AEEren aholkuari jarraitzen badio, lehen itzulia irabazi zuen Mirlande Manigat eta Martelly pasatuko lirateke bigarren itzulira. Joan den urriaren 28an egin zuten bozen lehen itzulia, eta bigarrena joan den igandean egitekoa bazen ere, oraindik ez dago argi noiz egingo den. «Otsailean izango da», Louis OpontCEPeko zuzendariaren arabera.

Bestalde, Munduko Bankuak Haitira 15 milioi dolar bidaltzea onartu zuen atzo koleraren kontrako borrokarako. Joan den urrian hedatu zen kolera izurritea Haitin, eta, dagoeneko, 3.000 lagun baino gehiago hil dira. «Laguntza hau eskarmentudun GKEak kontratatzeko erabiliko da, kolerari aurre egiteko berehalako ekintzak egin ditzaten. Horrez gain, Gobernuak izurriteari aurre egiteko daukan ahalmena sendotzeko ere erabiliko dugu dirua», esan du Alexandre Abrantes Munduko Bankuak Haitin duen ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.