SOSLAIA. Pedro Albizu Campos

Aske izan nahia erein zuen ameslaria

Oihan Vitoria.
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Esaerak dio inor ez dela profeta bere herrian. Pedro Albizu Campos legelari eta politikariaren bizitzari begiratu bizkorra eginda, aldiz, aurkakoa iduri dakioke norbaiti. Euskal herritarren semea zen, jakin-nahi handikoa, eta independentzia zale porrokatua. XX. mendearen lehen erdiaz geroztik, sutsuki borrokatu zen Puerto Ricoren burujabetzaren alde, eta askoren «erreferente» bilakatu zen. 1891n sortu zen, Poncen, eta 74 urtera zendu, San Juanen, 1965eko apirilaren 21ean. Mende erdi bete zen herenegun Albizu Campos hil zela.

Alejandro Albizu El Vizcaíno eta Juliana Camposen semea zen. AEBetako Vermont eta Harvard unibertsitateetan trebatu zen: ingeniaritza kimikoa ikasi zuen batean; filosofia bestean. Garai hartan piztu zitzaion politikarekiko grina. Hala, Ipar Irlandaren eta Indiaren independentziaren alde akuilu lana egin zuen AEBetan, eta hainbat mugimendu martxan jarri zituen.

I. Mundu Gerrara joateko izena eman arren eta hainbat alditan AEBetako Auzitegi Gorenean jardutea eskaini bazioten ere, jaioterrira bueltatu zen, zeregin inportanteak baitzeuzkan parez pare: Puerto Ricoko Batasunaren Alderdia abiaraztea lehenbizi, eta Alderdi Nazionalista gero. Borroka iraultzailean sinesten zuen, independentzia lau haizeetara aldarrikatzeko asmoz.

Irmo aritu zen, halaber, Latinoamerikako herrialdeen arteko senidetasuna hobetzeko. Mexiko, Venezuela eta Kuban egon zen denbora luzez, atxikimenduak erdiesteko. Kuban, justuki, Puerto Ricoren burujabetzaren aldeko batzar nazionala abiatu zuen.

Gerora, hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten, AEBetako boterearen kontra «matxinatzea» leporatuta; Atlantako kartzelan itxi zuten. Halere, 1943an larri gaixotu zen, eta New Yorkeko erietxe batera eraman zuten; han igaro zituen zigorra betetzeko falta zitzaizkion urteak. 1947an, sorterrira bueltatu zen berriz Albizu Campos.

Hiru urte besterik ez zuen iraun han. Izan ere, talde independendista batek 1950ean AEBetako orduko presidente Harry Trumanen etxearen aurka eginiko atentatuarekin lotuta, berriro espetxeratu zuten. Baldintzak gogortu zizkioten bigarren espetxealdi hartan, eta irradak igorri zizkioten, ia etenik gabe. Albizu Camposen osasuna nabarmen okertu zuen horrek, eta, 1953an, Luis Muñoz gobernadoreak kartzelatik irteteko beta eman zion. Albizu Camposek uko egin zion eskaintzari, eta kanporatu egin zuten. Gutxira bueltatu zen barrote artera: 1954an, AEBetako Kongresuaren aurkako eraso batean parte hartzea egotzi zioten.

Bi urtera, hitz egiteko gaitasuna galdu zuen, bihotzekoak jota; bost egun itxaron behar izan zuen osasun arreta jasotzeko. Urteek aurrera egin ahala, okerrera egin zuen, eta, zendu aurretik — 1965ean—, behin betiko indultua jaso zuen.

San Juango hilerrian eman zioten azken agurra. Milaka herrikide batu ziren Albizu Camposi gorazarre egiteko ekitaldian: askok Puerto Ricoko «heroitzat» jotzen dute, herrialdeko burujabetzaren eta askatasunaren alde egindakoagatik; beste batzuk, ordea, mesfidati begiratzen diote, ez datozelako bat indarkeriaren bitartez helburu politikoak erdiesteko ideia horrekin.

Ezin da ukatu, ordea, aldarri zituen bideekin ados egon ez arren eztabaida eragile sutsua zela Albizu Campos. Horren isla dira haren heriotzaren 50. urtemugaren haritik atzo San Juanen antolatutako oroitza ekitaldi eta hitzaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.