Assange auzia konpontzeko bi proposamen egin dizkio Quitok Londresi

Assangeri Erresuma Batutik irteten uztea edota Suediatik beste inora ez estraditatzea eskatu du Quitok

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Rafael Correa Ekuadorko presidenteak adierazi du Julian Assange Wikileakseko sortzailearen auziaren inguruko «bi konponbide posible soilik» negoziatuko dituela Erresuma Batuarekin. Londresek Assangeri herrialdetik irteteko baimena eman eta Ekuadorrera joaten uzten badio edota Suediara estraditatu ondoren beste herrialde batera ez dutela eramango bermatzen badio soilik hitz egingo du Quitok Erresuma Batuarekin. Correaren arabera, negoziatu beharrekoa «Assange auziaren konponbidea» delako, eta ez «printzipio kontuak».

Erresuma Batuaren erantzunaren zain dauden bitartean, Ekuadorrek bide diplomatikotik konponbide bila jarraituko duela adierazi du Correak. NBE Nazio Batuen Erakundera zein Hagako auzitegira jotzea ez dutela baztertzen azaldu du Ekuadorko presidenteak, baina auzia elkarrizketaren bidez konpontzearen aldekoa dela gaineratu du. Baina, «testuingurua aldatzen ez den bitartean», Assange Ekuadorren Londresko enbaxadan babestearen alde egin du.

«Irain larria»

Bestalde, «ikerketan laguntzeko prest» jarraitzen duela azpimarratu du Correak, eta azaldu du Suediako fiskaltzak Assange Ekuadorko enbaxadan bertan galdekatu dezakeela. Halaber, gogora ekarri du Erresuma Batuak enbaxadara sartzeko egindako mehatxua, eta «irain larria» dela adierazi du. Correak gaineratu duenez, «kalte gehien Londresi» egingo lioke halako zerbait egiteak, «Erresuma Batuak enbaxadak herrialde askotan dituelako eta eraso egiteko arriskuan jarriko lituzkeelako».

Edozein eratara, nabarmendu du Ekuadorrek ez duela «bere burujabetza urratuko ezeren eta inoren aurrean». Hau ere gaineratu du: «Quitok eskubide osoa du inori baimenik eskatu gabe nahi duenari babes politikoa emateko»; eta Erresuma Batuaren barkamenik espero ez badute ere, Londresek esandakoa «zuzentzeko zain» daudela adierazi du Ekuadorko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.