«Usain txarra du honek», dio Bjoern Hurtig-ek, Assangeren abokatuak. «Beste zerbait egon behar da honen guztiaren atzean».
Joan den abuztuaren 20an hasi ziren Assangeren eta Suediako Justiziaren arteko tirabirak. Egun hartan, Suediako Fiskaltzak Wikileaksen sortzailea espetxeratzeko agindua eman zuen, ustezko bortxaketa bat leporatuta. Alabaina, 24 ordu geroago baliogabe utzi zuten akusazioa, eta Assangeren kontrako karguak «sexu jazarpenagatiko delitu txikitzat» jo zituzten. Astebete geroago, Marianne Ny fiskalburuak aurretiazko ikerketa berriz zabaltzeko agindu zuen, ustezko bortxaketa eta abusu delituak aztertzeko. Ikerketaren harira, joan den astean, Assange kartzelatzeko agindua eman zuen beste behin Ny fiskalburuak.
Leporatzen dizkioten ustezko delituen jatorria Assangek Wikileaksen jarduerari buruzko hitzaldiak emateko abuztuan Suedian eginiko egonaldian legoke.
«Juliani buruz idatzi diren gauza asko ez dira egiak». Assangeren amak hitz egin zuen atzo ABC irratian semea errugabe dela esateko. Christine Assangek txotxongilo antzerki bat zuzentzen du Australiako Queensland estatuan, eta, atzo aitortu zuenez, «lur jota» dago.
«Harrigarria da Interpolek era honetako muturreko neurriak hartzea Helegite Auzitegiak indarkeria txikitzat jo duen zerbaitengatik. Lotsagarria dirudi», dio Hurtig abokatuak. Honen atzean bestelako arrazoiak egon daitezkeen susmoa du Hurtigek. Ny fiskalburuak uko egin izanak Assangek testigantza atzerritik emateari, abokatuaren ustez, areagotu egiten du nazioarteko bilaketa aginduaren atzean bestelako arrazoiak dauden susmoa. Horregatik, Assangeren defentsa atzerriko enbaxada batetik bideokonferentzia bidez egitea proposatu du abokatuak berriz ere asteartean Suediako Auzitegi Gorenean jarritako errekurtsoan.
Assangek behin eta berriz esan du errugabea dela eta Suediako Fiskaltzarena «difamazio-kanpaina» dela. Egunetik egunera mundu guztia AEB Amerikako Estatu Batuetako enbaxadetako 251.287 agiri sekretuak biluzten ari den bitartean, inork ere ez daki non gorde den Wikileaksen sortzailea. Astelehenean bost egunkari filtrazioa argitaratzen hasi zirenetik Assange beraren kokalekua bihurtu da ia-ia nazioarteko sekretu bakarra.
Kontu eske
Filtrazioen kontra eta AEBak babestearen alde egin dute potentziek, baina kontrako ahots bakanak ere ari dira goratzen.
Hugo Chavez Venezuelako presidenteak Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariaren dimisioa eskatu zuen astelehenean. Gauza bera egin zuen Julian Assengek berak ere asteartean Time aldizkarian argitaratutako elkarrizketan. Atzo, Recep Tayip Erdogan Turkiako lehen ministroa atera zen kontu eske: «AEBek argibideak eskatu behar dizkie bere enbaxadoreei. Washingtonek eskatu du barkamena, baina informazio hori idatzi duten enbaxadoreekin egin beharrekoa egin behar du».
Robert Gibbs Etxe Zuriko bozeramaleak «zentzugabetzat» jo ditu Clintonen dimisio eskaerak.Gainera, Wikileaksek ez duela AEBetako diplomazian eragingo esan zuen atzo Clintonek.
«Pakistan da munduko mehatxu larriena» AEBentzat
AEBek Islamabaden duten enbaxadorearen arabera, «bonba atomikoen ekoizpena handitu egin da»J. F.
Wikileaksek atzo kaleratutako agirien arabera, AEBei buruko mina sortzen dioten herrialdeak ez dira ezIpar Korea, ez Iran. Charles Hagel eta Tom Harkin senatarien hitzetan, «Pakistan da munduko mehatxu larriena».
Anne W. Patterson AEBen Islamabadeko enbaxadoreak dioenez, «bonba atomikoen ekoizpena igo egin da Pakistanen». Beste agiri batek errusiarren eta estatubatuarren beldurra ageri du, «programa nuklearretan eta misilen sorkuntzan terroristak tartean egon daitezkeelako».
Hautsak harrotzen hasi aurretik, Yusuf Raza Guilani Pakistango lehen ministroak eta AEBek Islamabaden duten enbaxadoreak bilera egin zuten atzo. «Bi herrialdeen arteko harremana ez da aldatuko», esan zuten biek. «Interpretazio okerrei aurre egiteko asmoa dugu bi aldeok».
«Espainiako Gobernuak 'Couso kasua' gelditu zuen»
Candido Conde-Pumpido Espainiako Estatuko fiskalburuak ukatu egin du AEBetako militarrei laguntza eman izanaJ. F.
«Espainiako ministroak lanean ari dira nazioarteko atxiloketa aginduak aurrera egin ez dezan». 2005eko urriaren 21ean AEBek Espainian zuten Eduardo Agirre enbaxadoreak bidalitako isilpeko telegramaren izenburua ageri zen atzo Wikileaksen agiri sekretuen artean.
Cousoren kasua artxibatzeko Espainiako Gobernuak eta Fiskaltzak AEBei emaniko babesa eta laguntza agerian utzi du filtrazioak.
Candido Conde-Pumpido Espainiako Estatuko fiskalburuak ukatu egin du filtrazioak dioena. Haren esanetan, «Espainiako epaileek eta fiskalek askatasun osoz jokatzen dute eta ez dute inolako presiorik eta esku-hartzerik onartzen». UPF Espainiako Fiskal Progresisten Batasunak, aldiz, «argibide zehatzak emateko» eskatu dio Fiskaltzari.
Yemen bonbardatzea leporatu die Amnestyk AEBei
Iazko abenduan 41 lagun hil zituen erasoaren erantzulea ez zela Yemengo Gobernua izan argitu dute filtrazioekJ. F.
«Yemengo Gobernuak bonbak gureak direla esanez jarraituko du, eta ez du zuenak direnik esango». Ali Abdula Sale Yemengo presidenteak egin zion adierazpen hori AEBetako David Petraeus jeneralari 2010eko urtarrilean.
AI Amnesty Internationalek atzo salatu zuenez, AEBak izan ziren iazko abenduan Arhab, Abian eta Shebua bonbardatu zutenak, aurretiaz AIk berak esan zuen bezala. Bertsio ofizialaren arabera, Yemengo Gobernua izan zen Al Kaedako kideei zuzenduriko erasoaren erantzulea.41 zibil hil zituzten; horietatik 21, umeak.
AIk benetako erantzuleak epaitzeko eskatu du. Aldiz, Yemengo Gobernuaren izenean, Wikileaksek kaleratutako informazioa «funtsik gabea» dela esan du Atzerri ministroak, eta erasoaren erantzuleak eurak direla berretsi.