Astebete soilik 'astearte handirako'

Floridan gaur egingo dituzte bozak errepublikanoek; Hego Carolinan irabazita, aurrea hartu du Obamak

arantxa elizegi egilegor
2008ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Soilik astebete geratzen zaie benetako jauzia egiteko. Orain artekoak zertarako gai diren erakusteko probak izan dira, baina datorren asteartean, astearte handian, erabakita geratuko da ziurrenik nortzuk izango diren presidentegai errepublikano eta demokratak. Horiek hala, zazpi egunotan gau eta egun egin beharko dute kanpaina, hurrengo astean bozkatzera deituak dauden hogei batestatutako hautesleak bereganatzeko.

Astearte handiaren aurretik egingo dituzte Floridako bozak. Berez, datorren asteartean zituzten egitekoak, baina bozak aurreratzea erabaki dute, araudia urratuz. Hori eginda estatuak aukeraketan duen eragina handitu nahi izan dute. Asmoak, ordea, okertu egin zaizkie, buruzagi errepublikano nahiz demokratek zigor neurriak hartu dituztelako. Horiek hala, demokratek galdu egin dituzte lor zitzaketen 114 ordezkariak; eta errepublikanoek soilik erdiak lortuko dituzte, 57. Horrek, baina, ez du esan nahi bozketa garrantzitsua ez denik.

Lerro hauek idazteko unean inkestek Massachusettseko gobernadore ohi Mitt Romneyri ematen zioten garaipena, eta Arizonako senatari John McCaini bigarren tokia. Aldiz, hasieran presidentegai izateko gehien aipatzen zutenak, New Yorkeko alkate izandako Rudolph Giulianik, gehienez ere hirugarren lekua lortuko duela diote adituek. Giulianirentzat are garrantzitsuagoak dira Floridako bozak, han bakarrik egin duelako kanpaina, eta atzean geratuz gerozail izango duelako astearte handian ezer egitea.

Demokratek, bestalde, Hego Carolinakoa izan dute azken norgehiagoka, eta Illinoisko senatari Barack Obamak irabazi du. New Yorkeko senatari Hillary Clintonen botoen ia bikoitza lortu ditu Obamak, %55. Hirugarren tokian geratu da John Edwards, botoen %18rekin.

Hego Carolinako herritarren ia erdiak beltzak dira, eta horien bozak lortzeko aritu dira borrokan Clinton eta Obama. Azkenean, ordea, hamar beltzetik zortzik Illinoisko senatariaren alde egin dute. Izan ere, Bill Clinton «lehen presidente beltza» zela aldarrikatu zuen kazetari berak, Toni Morrisonek, jada iragarri du Obama izango dela AEBetako bigarren gobernuburu beltza. Kolpe gogorra izan da hori Hillary Clintonentzat, baina ez da jaso duen bakarra. John Kennedy presidentea izandakoaren familiak ere bizkarra eman dio, Obamaren alde eginez. Kennedy familiak indar handia du demokraten artean; horregatik, azken asteetan haien babesa lortzen saiatu da Bill Clinton, baina alferrik. «Inoiz ez dut izan nire aitak jendearengan sortzen zuen sentimendua sortu didan presidenterik. Baina lehen aldiz, uste dut aurkitu dudala presidente hori izan daitekeen gizona», dio presidente ohiaren alaba Caroline Kennedyk Washington Post-ek argitaratutako iritzi artikuluan.



BUSHEN AZKEN HITZALDIA. Amaitzen ari da George Bushen agintaldia ere. Euskal Herrian goizaldea zenean zuen egitekoa nazioaren egoerari buruzko azken agerraldia. Bertan azken lau urteotako erabakia eztabaidatsuenak izan direnak zituen jorratzekoak: Iraken okupazioa eta AEBetako krisi ekonomikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.