Astebetean lau erreaktore nuklear geratu dituzte Suedian

Segurtasun argudioak hartu dituzte ahotan agintariek, baina dena kontrolpean dagoela diote

arantxa iraola
2006ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Hamar erreaktore nuklear daude Suedian, hiru zentraletan, eta astebetean horietako lautan jarduna eten egin behar izan dute, segurtasun arazoak argudiatuta. Oskarshammgo zentral nuklearra Suedia hegoaldean dago eta hiru erreaktore ditu; bi geratzea erabaki zuten asteazken iluntzean. Forsmarkoa Stockholm iparraldean dago, 75 kilometrora, eta horrek ere hiru erreaktore ditu; biren jarduna etetea erabaki zuten lehengo astean.

Forsmarko erreaktoreak, itxura denez, zentralean jazotako zirkuitu labur baten ondorioz itxi zituzten. Arazo horrek eragin duen arriskua 0-7 arteko eskalan bikoa dela esan dute SKI Suediako Indar Nuklearreko Ikuskaritzako adituek. «Ez dago hondamendi arriskurik», zehaztu du Anders Bredfellek, erakundeko bozeramaileak. Planta hozteko sistemak lanean jarraitzen duela gogorarazi du, eta kale egingo balu ere larrialdietarako sistema badutela, gas turbinen bidezkoa.

Nolanahi ere, Forsmarko zentralean zer jazo zen aztertu ondoren, lehengo larunbatean SKIk dei egin zien herrialdeko gainerako zentral nuklearretako arduradunei ere, eta Forsmarken jazo zena beren zentraletan ere gerta zitekeen aztertzeko eskatu zieten. Eta azterketa horren ondorioz erabaki zuten atzo Oskarshamneko arduradunek bi erreaktoreren jarduna etetea. «Izan ere, ezin izan da frogatu bertan gauza berbera ezin dela gertatu», azaldu du Bredfellek.

Forsmarken zirkuitu laburraren ostean egin ziren urratsak gertutik jarraitu ditu SKIk, eta zentraleko arduradunek behar bezala jokatu zutela argudiatu du. Forsmarkeko erreaktoreen etenaldia noiz artekoa izango den esatera ez da ausartu: «Ez dakigu noiz arte egongo diren horrela».

ALTERNATIBA BILA. Suedian egitasmo zabala dute datozen urteotan apurka-apurka energia iturri berri eta garbiak bilatzeko eta garatzeko. Petrolioaren kontsumoan oinarritzen den eskematik haratago jardun nahi dute. «Petrolioarekiko dependentzia 2020rako hautsiko dugu», aurreikusizuen urte hasieran Garapen Iraunkorraren ministroak, Mona Sahlinek. Eta zentral nuklearrak ere pixkanaka geratzen joatea da helburua.

Egunotako segurtasun arazoek izan duten oihartzunaren harira, Suediako Greenpeacek herrialdeko zentral nuklear denak ixteko eskatu dio Suediako Gobernuari.

Greenpeacek Espainia kritikatu du

a.i

Kataluniako Vandellos II zentral nuklearrari Espainiako Industria Ministerioak jarri berri dion zigorra «huskeria» dela gaitzetsi du Greenpeace erakunde ekologistak. 1,6 milioi euroko zigorra da --hiru isunetan banatuta--, Espainiako agintariek inoiz jarritako handiena, baina Greenpeaceren aburuz, txikia. «Oso merkea aterako zaie isuna Endesa eta Iberdrola konpainiei». Zentralak zortzi hilabetez segurtasun arauak bete gabe jardun zuela gogorarazi dute erakundeko ekologistako kideek. «Eta isuna ez da Vandellos IIko jabeek zortzi hilabete horietan izan zituzten irabazien %1a ere».

2004ko abuztuan istripua gertatu zen zentral nuklear horretan, baina hori konpontzeko urratsak desegokiak egin zituztela ondorioztatu du Industria Ministerioak, eta horregatik ezarri dio zigorra. Zigorrak ezartzeko sistema okerra dela salatu du, ordea, Greenpeacek, eta lehenbailehen aldatzeko eskaria egin du. «Betiere, jartzen diren isunak izan bitez arauak apurtuz lortu diren irabazien adinakoak».

Zamoran ere (Espainia) bizi-bizi dago zentral nuklearren gaineko eztabaida. Peque udalerriko alkateak herria eskaini du bertan hondakin erradiaktiboen biltegi zentralizatua egiteko. Baina ez dirudi proposamenak aurrera egingo duenik. Herritarrek kalera egin dute protestan, eta Zamorako PPko eta PSOEko zuzendaritzek proposamenari ezezkoa emango diotela jakinarazi dute. Inguruko alkate asko ere aurka azaldu dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.