Atzo gauean amaitu zen Ukrainako armadak eta Luhansk eta Donetsk eskualdeetako errusiazaleek hitzartutako su-etena, baina astelehenera arte luzatuko dute.Menia ekainaren 20an iragarri bazuten ere, bi aldeen arteko borrokek ez dute etenik izan. Atzo bertan bost soldadu hil zituzten matxinoek, Ukrainako armadaren arabera. Alexandr Borodai Donetskeko matxinoen buruzagiak eman zuen luzapenaren berri: «Petro Poroxenkok ekainaren 30era arte luzatu du su-etena, eta guk ere hala egingo dugu».Halere, Poroxenkok argitu zuen erabakia atzo gauean hartuko zuela, Segurtasun Kontseilu Nazionalarekin eta Ukrainako Defentsarekin kontsultatu ostean.
Ukrainako Gobernuaren eta matxinoen ordezkariek bilerak egin dituzte egunotan. Etzira arte behintzat jarraituko dute elkarrizketok. Leonid Kuxmak presidente ohiak eta Ukrainarren Aukera mugimenduko buru Viktor Medvedtxuk ari dira gobernuaren ordezkari gisa. Bestalde, Arsen Avakov Barne ministroak esan du armak uzten ez dituzten matxinoen aurka «gogor erantzungo» dutela.
Iheslari kopuruak, gora
16.400 lagun atera dira azken astean Ukrainatik aterpe bila. Urte hasieratik 110.000 iheslarik utzi dute herrialdea, NBEren datuen arabera. Horietatik 9.500 pertsonak babes politikoa eskatu diote Errusiari. Beste 900 iheslarik Poloniari, Bielorrusiari, Txekiari eta Errumaniari eskatu diote.
12.000 lagunek utzi dute Krimea Ukrainatik bereizi ondoren. Penintsulan bizi ziren tatarrak izan dira horietako asko. Ukraina ekialdetik alde egindako 13.000 lagunek Errusiako Rostov eta Briansk hirietara egin dute ihes, horietako askok lagunen eta senitartekoen etxera.
«Iheslarien kopuruaren gorakadak bat egin du egoeraren txartzearekin», azaldu du UNHCRIheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. Beste askok alde egin dute gatazkaren ondorioz bizibidea galdu dutelako.
Bestalde, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko lau kide askatu dituzte errusiazaleek, «borondate onagatik eta aurretiazko baldintzarik gabe». Maiatzaren amaieratik zeuden haien esku. Erakundeko beste lau kide dituzte oraindik. Hainbat herrialdetako 300 bat aholkulari igorri ditu ESLAk Ukrainara.
Astelehenera arte luzatuko dute su-etena Ukraina ekialdean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu