Auto batek Westminstergo parlamentuko kanpoaldeko hesia jo du Londresen, eta bi oinezko zauritu ditu. Goizean, 08:37ean, gertatu da erasoa; Scotland Yard poliziak lekuan bertan atxilotu du hogei urte inguruko gidaria. Zaurituak ospitalera eraman dituzte, baina Poliziak baztertu egin du zauri larriak dituztenik.
Londresko Poliziak atentatu terroristatzat jo du parlamentuaren kontrako erasoa. Autoko gidaria, hogei urte inguruko gaztea, Londres hegoaldeko polizia etxe batera eraman dute atxilotuta. Terrrorismoaren Aurkako Unitatea ari da erasoa ikertzen.
Westminster in lockdown after car crashes into barriers outside parliament, leaving pedestrians injured
— BBC News (UK) (@BBCNews) 2018(e)ko abuztuaren 14(a)
https://t.co/tWhzm9w5Ahpic.twitter.com/2gyzOqQknf
Londresko metroko Westminster geltokia itxi egin dute segurtasun neurri gisa, eta parlamantuko inguruak ere itxita daude. BBCkateak zabaldu duenez, hainbat lekukoren arabera, gidariak nahita egin du oinezkoen aurka.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi du bere gogoa zaurituekin dagoela eta larrialdi zerbitzuei eskerrak eman dizkie Twitter bidez zabaldu duen mezuan. Sadiq Khan Londresko alkateak zabaldu du larrialdi zerbitzuekin harremanetan dagoela, eta eskerrak eman dizkie erasoa izan den lekura "oso azkar" iritsi direlako.
Parlamentuaren aurka berriro
Ez da Londreseko parlamentuak horrelako eraso bat pairatzen duen lehen aldia, joan den urteko martxoaren 22an gizonezko bat Parlamentura sartzen saiatu baitzen. Westminstergo zubian hainbat pertsona harrapatu eta horietako bi hil ondoren, parlamentuko hesia jo, eta barrura sartzen saiatu zen. Polizia bat labankadaz hil zuen erasotzaileak, eta, ondoren, segurtasun indarrek tiroz hil zuten. Orduko hartan, Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain erasoa.
Eraso horren ondoren, parlamentu inguruko segurtasun neurriak zorroztu zituzten, eta hormigoizko blokeak jarri zituzten kanpoaldean babes neurri gisa.