ERRESUMA BATUA Bozen azken txanpa (I). Kanpainako ezustekoak.

Atentatuak bozen atarian

Bi atentatuk astindu dute hauteskunde kanpaina, eta etziko bozen gai nagusia 'brexit'-ak izan behar bazuen ere, segurtasun eta gizarte gaiek Theresa May lehen ministroaren mezua lausotu dute.

Londresen joan den larunbatean hil zituzten herritarren aldeko omenaldia, atzo. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Asier Arrate Iruskieta.
Londres
2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurreko hauteskunde orokorretatik bi urte baino gutxiago pasatu dira, baina Erresuma Batua zeharo aldatu da, brexit-aren atarian baitago, eta emaitzek herrialdearen etorkizuna erabat markatuko dute. Alderdi laboristaren ahulezia aprobetxatuz erabaki zuen Theresa May lehen ministro kontserbadoreak hauteskundeak aurreratzea, Jeremy Corbynen lidergoak Alderdi Laboristan sortutako banaketak aukera emango ziolakoan gehiengo osoa eskuratu, eta brexit-aren negoziazioei etxeko babesarekin ekiteko —ekainaren 19an dira negoziatzen hastekoak—. Hasieran, Mayren estrategiak funtzionatu zuen. Lehen inkestek hogei punturen aldea eman zieten kontserbadoreei, eta maiatzaren 4ko udal hauteskundeetan bai laboristek eta bai UKIP eskuin muturrekoek hainbat udal galdu zituzten kontserbadoreen mesedetan. Hala ere, hainbat gertaeraren ondorioz, egoera nahastu egin zaio Mayri, eta gehiengo osoa eskuratzeko helburua zuenak eserlekuak berdintzeko lanak izango ditu, joerak berdin jarraitzen badu.

Atentatuak

Kanpainarik zorrotzena eta landuena izanda ere, oker daiteke kanpoko gertakarien eraginez, edota hautagaiaren beraren urrats traketsen ondorioz, eta bi elementuok nahastu dira. Lehena Manchesterko eta Londresko atentatuak izan dira. Mesede nori egingo dion ez badago argi ere—ezta asko eragingo duten emaitzan ere—, bi aldiz eten behar izan dute kanpaina, eta mezuak ere halabeharrez aldatu egin dira, segurtasuna lehen lerroan jarriz. Mayren gobernuak ondo eta azkar erantzun du, baina David Cameronen gobernuan Barne ministro zela Polizian egindako murrizketak bere kontra jarri zaizkio. Joan den maiatzaren 22an Manchesterko Arenan gertatutako leherketak —22 lagun hil eta 56 zauritu zituen Salman Abedi usteko suizidak—, kritikak ekarri zizkion, baina gertaeraren harira denek bat egin eta kanpaina eten ostean, segitu zuen nork bere mezuarekin. Larunbat gaueko Londresko erasoaren ostean—zazpi lagun hil eta 58 zauritu zituzten—, poliziek ustezko hiru ekintzaileak hil zituzten, eta haien lana goraipatu dute politikari guztiek, baina Corbynek, aldiz, Mayren dimisioa eskatu zuen atzo, Barne ministro zela 20.000 poliziaren murrizketa egiteagatik sei urtean, Ingalaterran eta Galesen: «Jendea oso kezkatuta dago, Polizian murrizketak egin ziren urteetan bera zelako Barne ministro». Ez da dimisioa eskatu duen bakarra. Steve Hilton Cameronen aholkulari izandakoak ere dimititzeko eskatu dio, atentatuen harira politika antiterrorista gaizki kudeatzeagatik.

Atentatuek ez ezik, Theresa Mayren hutsek ere aldatu dute norabidez kanpaina. Besteak beste, pertsona helduen zaintzarako tory-ek egindako proposamena ustel atera zaie. Laburrean, proposamenak helduen zaintza euren jabetzatik ordaintzea aurreikusten du. Nahiz eta tory-ek behin eta berriz azaldu duten proposamena aldatu daitekeela, Mayren erantzun zalantzatiak ez zituen kritikak baretu. Dementia tax deitzen duten proposamenak Erresuma Batuko gizarte laguntzen sistemak duen krisia kontserbadoreen krisi bihurtu du. Andrew Gwinne laboristen kanpainako koordinatzaileak Mayren ahultasuna eta ziurgabetasuna kritikatu ditu. «Ez da gai izan lau egunez manifestuan esandakoari eusteko». Horren ostean, laboristek ez dute aukera galdu, eta kanpaina politika sozialetara bideratu zuten.

Tory-ek brexit-ean eta Mayren lidergoan jarri dute arreta, eta laboristek, berriz, barne politikako proposamenei eman diete garrantzia. Horietako askok herritarren babesa lortu dute, eta kontserbadoreen estropezuaren ostean inkestetan gora egiteko balio izan die.

Esaterako, 80.000 liberatik gora irabazten dutenei errentaren gaineko zerga igotzeko proposamena egin du, inbertsio banku publiko bat sortzea, edo milioi bat etxe eraikitzea, etxebizitza arazoari aurre egiteko, gazteen arazo nagusietakoari, bide batez. «Gure manifestuak esperantza eman die [gazteei]», adierazi zuen Corbynek. The Guardian egunkariaren inkestaren arabera, 18 eta 34 urte bitartekoen %41ek laboristen alde bozkatuko dute, eta %16k kontserbadoreen alde. Hala ere, ikusteko dago oraindik gazteen parte hartzea zenbatekoa izango den, eta horren baitakoa izango da bien arteko aldea.

Brexit-aren diskurtsoan dabil Corbyn ahulen, eta May, aldiz, sendoen. Baina, printzipioz, laboristek ez dute brexit-a atzera botako, eta herritarren nahia errespetatuko dutela ziurtatu dute. Hala ere, kontserbadoreen aldean, «brexit arin» baten alde daude. Horri loturik, immigraziori mugak jartzearen aurka agertu dira, baina, halere, sistema berri bat ezartzearen alde. Arlo horretan, laboristek ezinezkoa erdietsi beharko dute: Europako Batasunean jarraitzeko bozkatu zutenak mantentzea, eta brexit-a hautatu zutenen babesa berreskuratzea.

Inkestak

Laboristek lortu dute dagoeneko ezinezkoa. Desagertzeko zorian zeudela zioten, eta kanpainak sasoia eman die. Oraintxe bertan, inkesta baikorrenek hiru punturen aldea soilik ikusten dute bi alderdi nagusien artean; hamabi bat punturen aldea, berriz, ezkorrenek, kanpaina hasieran ziurtzat ematen zen kontserbadoreen garaipena erabatekoa kolokan jarriz. Aipatzekoa da laboristei Londresen ematen dieten hamazazpi punturen aldea. Edonola ere, aurreko hauteskundeetan argi geratu zen inkestek ere huts egiten dutela, eta, kanpainan gertatutako nahasmena ikusirik, botoen dantza garrantzitsua egon daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.