«Atsekabetuta» agertu da Mosku AEBek goi bilera bertan behera utzi dutelako

Kremlinen arabera, «Etxe Zuria ez dago prest bi herrien artean berdintasunezko harremanei heltzeko»

Erredakzioa
2013ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
AEBetako presidente Barack Obamak bertan behera utzi zuen herenegun Etxe Zuriaren eta Errusiako Gobernuaren arteko goi bilera, eta horrek «berdintasunezko harremanak» sustatzeko borondaterik ez dagoela erakusten du, Moskuren esanetan. Errusiako presidentearen bozeramaile Juri Uxakovek atzo adierazi zuenez, Washingtonen erabakiak Edward Snowdenen auzian du oinarria: «Atsekabetuta gaude irailean Obama presidenteak Moskura egin behar zuen bilera bertan behera uztekoAEBetako administrazioak hartutako erabakiarekin. Argi dago erabaki horrek zerikusia duela Snowden inteligentzia zerbitzuko langile ohiaren inguruan sortu den egoerarekin. Egoera hori, alta, ez dugu guk sortu. Hainbat urtez, AEBek saihestu egin dute Errusiarekin estradizio hitzarmena sinatzea, eta horretan oinarrituta, ezezkoa eman diete Moskutik egindako eskaera guztiei». Idazkariak gaineratu du goi bilera bertan behera uzteko erabakiarekin Etxe Zuriak agerian utzi duela «Errusiarekin dituen harremanak sakrifikatzeko gai dela, barne arazo baten mesedetan»

Uxakoven arabera, alta, Obama presidenteari egindako gonbita «indarrean da oraindik», eta Errusiako Gobernua prest dago «AEBetako kideekin batera lanean jarraitzeko, aldebiko agendaren afera garrantzitsuenetan».

AEBetako Gobernuko bozeramailearen esanetan, Snowden auzia goi bilera bertan behera uzteko arrazoietako bat besterik ez da. Misilen defentsa sisteman, merkataritza harremanetan, segurtasun aferetan eta giza eskubide gaietan aurrerapausorik ez dagoela nabarmendu du.

Snowdenen aita, Errusiara

Lon Snowdenek, CIAko analista ohiaren aitak, berriz, Errusiara joateko bisa lortzeko agiri guztiak igorri ditu jada, haren abokatuaren esanetan. Snowdenek hil honetan bertan joan nahi du herrialdera, semearekin elkartzeko. Edward Snowdenen abokatu Anatoli Kutxerenak gonbidatuta joanen da Lon Snowden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.