Liskarrei aurre egiteko zapalkuntza neurriak agindu ondoren, atzo Asanblea Nazionalean etorkinak kanporatzeko asmoa azaldu zuen Sarkozyk. Kale istiluetan parte hartzeagatik zigortutakoak, egoitza paperak dituztenak eta ez dituztenak egotzi nahi ditu. «Egoitza baimena edukitzeko ohorea duzularik, esan daitekeen gutxiena da ez ezazula deus egin hiri indarkerian atxilo zaitzaten», nabarmendu zuen. Herritar guztiek «segurtasunerako eskubidea» dutela argudiatu, eta hirietako inguruneetako auzoetan ekonomia beltza identifikatu eta jazartzeko neurrien sendotzea iragarri zuen. «Isileko ekonomia desegiteko 60 ikerketa daude abian gaur bertan [atzo], hainbat auzunetan». Herenegun Gobernuak indarrean jarritako larrialdi egoeraz baliatuta, etxeratzeko agindua ezarri zuten atzo 30 hiritan. Dena den, Paris inguruko bi udalerrik, Savigny-sur-Orgek eta Le Raincyk, eta Orleans hiriak lege horretatik kanpo ezarri zuten etxeratze agindua. Amiens hiriak, aldiz, 1955eko legeari jarraiki larrialdi egoera ahalbidetzen duena hartu zuen neurria herenegun gauean. Gobernu iturrien arabera, 25 departamenduk dute aukera larrialdi legeak aurreikusten dituen neurriak ezartzeko.Atzo Le Havre, Rouen, Lille, Dijon, Estrasburgo (Alsazia) eta Okzitaniako Tolosa eta Marseilla hirietan ezarri zuten. Okzitanian ere, Itsas Alpeak departamenduko 21 hiritan abiatu zuten etxeratzeko agindua, hala nola Antibes, Cannes, Grasse, Niza eta Villefranche-sur-Merren.Aitzitik, Paristik gertu dagoen Seine-Saint Denisko prefet Jean-François Cordetek ez zion beharrezko iritzi bere departamenduan neurria ezartzeari, han egunotan liskarrak «gutxitzen» joan direla argudiatuta. Etxeratze aginduari jarraiki, 16 urtetik beherakoek ezingo dute heldurik gabe 22:00etatik 05:00era kalera atera. Gainera, gasolina erostea debekatu diete. Neurriak neurri, hainbat hiri eta auzo istiluen eta erasoen lekuko izan ziren atzo goizaldean ere, kopuruak behera egin bazuen ere. Hala, Lyon hirian molotov koktel bat jaurti zuten tren geltokira, eta ondorioz agintariek garraio publiko sare osoa gerarazi zuten. Bordelen molotov koktel batek autobus bat leherrarazi zuen eta Tolosan gazte batzuek poliziei molotov koktelak jaurti eta hainbat auto erre zituzten. Bart ere erasoak izan ziren.Paris zein ingurunean eraso bakan batzuk izan ziren, eta Poliziak zenbait lagun atxilotu zituen. Hauetako seiri iragan igandean Grignyn (Parisko hegoaldea) poliziei perdigoizko eskopetekin tiro egin izana leporatu zieten. Eraso horietan 10 polizia zauritu zituzten, gehienak arin.
Le Penen proposamena
Fronte Nazionaleko buru Jean-Marie Le Pen Sarkozy baino haratago joan zen istiluetan parte hartzen ari diren etorkinen eta etorkinen ondorengo frantziarren kontra zigor neurriak proposatzean. «Liskarretan esku- hartu dutela frogatzen den kasuetan hiritartasuna kendu behar zaie. Duinak ez direnei pasaportea kentzea baimentzen du Frantziako legeak», esan zuen, eta haiei «paperezko frantses» iritzi zien. «Haien gurasoak eta aiton-amonak Frantziara Eldorado zela pentsatuta etorri baziren eta beren bilobek uste badute aukerarik ez dutela, haien jatorrizko herrialdeetara itzul daitezela».
Haatik, Gobernuak ez ditu soilik zapalkuntza neurriak hartu. Herenegun Dominique de Villepin lehen ministroak larrialdi egoera justifikatu eta bazterkeriaren aurkako neurri sorta iragarri zuen gune «berezietarako». Neurriak hezkuntza, lana eta etxebizitza alorrean ezartzen hasiko zirela azaldu zuen. Lanbide Hezkuntzan hasteko aukera 16 urtetik 14 urtera jaistea proposatu zuen, baita «bidegabekeria sentimendua» eta ikasteko talentua duten ikasleentzako «meritu laguntzak» hirukoiztea ere. Langabeziari dagokionez, lan arloko erakundeek gazte langabetu guztien egoera aztertu eta hiru hilabeteko epean lanpostu bat edota prestakuntza eskaintzea nahi du Villepinek. Etxebizitzaren alorrean, aldiz, auzoak eraberritzeko plana bizkortzeko asmoa iragarri zuen; hiri inguruetako auzuneetan martxan da jadanik. Era berean, tokian-tokian lan egiten duten elkarteetarako diru laguntzak leheneratuko dituztela adierazi zuen.
Istiluen ondorioak
Atxilotuak:
Justizia Ministerioak jakinarazi zuenez, liskarrak hasi zirenetik asteartea arte 626 pertsona galdekatu eta horietako 117 kartzelatu dituzte. Espetxeratutako 117 horietatik 23 adingabeak dira, 52ri kartzela zigor irmoak ezarri dizkiete eta 42ri bermea; beraz, auzibidearen zain geratuko dira. Galdekatutako 626 horietatik 371 aske utzi dituzte, kargurik gabe. Asteartean 330 lagun atxilotu zituzten eta atzo goizaldean beste 204; beste iturri batzuek 280 atxiloturen datua ematen zuten.
Hildakoak:
Liskarra piztu zuten 15 urteko Bouna Traoreren eta 17 urteko Zied Bennaren istripuzko heriotzaz gain, 61 urteko gizonezko bat hil zen, gazte batzuek hari eraso eta koman sartu ondoren.
Zaurituak:
Ez dago datu zehatzik zauritutako protestagileen inguruan. 10 polizia gutxienez zauritu dituzte egunotan.
Erretako ibilgailuak:
Atzo goizaldean 617 ibilgailu kiskali zituzten (1.173 astearte goizaldean). Orotara, 6.060 ibilgailutik gora erre dituzte.
Istiluen lekuak:
Atzo goizaldean 116 tokitan izan ziren liskarrak. Asteartean, berriz, halako bitan.