Muammar Gaddafiren tropek Libiako ekialdera aitzinatzen jarraitu dute, eta oposizioaren hiriburu Bengazi gero eta hurbilago dute. Erregimenaren nagusitasun militarra nabarmenagoa da egunez egun, eta, batez ere, aire baliabideetan dago aldea. Gaddafik lurraldeak berreskuratu eta oposizioa gero eta zokoratuago du, atzerrian bakartuta dagoen arren. Nazioarteak esku hartzeko aukera eztabaidagai duen bitartean, errebolta militarki garaitzeko bidean dago erregimena.
Borrokak galdu ahala oposizioaren morala jaisten ari dela jakinda, Gaddafik milizianoei amnistia eskaini die, armak uztearen truke. Barnera begira indartsu egonik ere, Gaddafi jakitun da gerra irabazi arren etorkizun eskasa izanen duela nazioarteak bizkar ematen badio, eta hori saihesteko daukan baliabide nagusia, petrolioa, erabili du. Txinako, Errusiako eta Indiako enbaxadoreekin elkartu da diktadorea, petrolio hornikuntza eskaintzeko herrialde horiei, Libiako Jana agentzia ofizialak jakinarazi duenez. Protestak hasi zirenean atzerriko konpainia gehienek alde egin zuten Libiatik, baina Gaddafik orain Az Zauia, Ras Lanuf eta Bregako petrolio hiriak berreskuratu ditu.
Oposizioarentzat, berandu
Errusiak, baina, herrialdean sartzea debekatu die Gaddafiri, haren sendiari eta hurbileko laguntzaileei; finantza edo banku operazioak ere debekatu dizkie. NBE Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak onartutako zigorrei jarraituz erabaki du hori Moskuk.
Nazioarteak erregimena bakartu eta haren aurkako finantza neurriak hartu dituen arren, esku hartzeko aukera adostu gabe jarraitzen du; halakorik erabakitzen badu, gainera, beranduegi izan liteke oposizioarentzat, Gaddafiren indarren erasoaldiaren azkartasuna ikusita. Eztabaidagai nagusia aire eremua debekatzeko neurria da, eta Frantzia eta Erresuma Batua dira proposamen horren sustatzaile nagusiak —Arabiar Liga ere alde dago—. Erresuma Batuko Atzerri ministro William Haguek adierazi du «behar handia dagoenean» herrialdeek esku har dezaketela, «nazioarteko zuzenbideari jarraituz, Segurtasun Kontseiluaren ebazpenik gabe». Parisen Libiako egoera aztertuko duen G8koen bilera hasi aitzinetik erran du hori. Frantziak eta Erresuma Batuak Segurtasun Kontseiluan proposatuko dute Libiako aire eremua ixtea.
Iragan astean Ras Lanuf hiria (Tripolitik 700 kilometro ekialdera) borroka gogorren ondotik hartu zuten Gaddafiren indarrek, eta, orain, borroka frontea 110 kilometro ekialderago mugitu da, Bregara. Erregimenak dio herenegundik kontrolpean duela herri hori, baina oposizioa hura berreskuratzen saiatu da, eta herriko gune batzuk hartu dituela aldarrikatu du. Propaganda garrantzitsua da bi aldeentzat: egoera kontrolpean duela erakusteko Gaddafirentzat, eta morala igotzeko oposizioarentzat. Brega herria, berriz, garrantzitsua da bi arrazoi nagusirengatik: petrolio instalazioengatik eta Ajdabija hirirantz jotzeko azken defentsa postu nagusia delako.
Ajdabija da Bengazi baino lehen dagoen hiri nagusia —170 kilometro daude bien artean—. Erreboltarien komandante Abdel Fata Junisek aitortu duenez, Ajdabijaren garrantzia «berebizikoa» da. Izan ere, hiri hori bidegurutzea da, Bengazira ez ezik, Tobrukera edo Libiako hegoaldera jotzeko. Tobruk Egiptoko mugatik hurbil dago, eta Gaddafiren indarrek harat joko balute, Bengazi setiatuta geldituko litzateke. Horregatik, lurretik hurbildu baino lehen, Gaddafiren hegazkinak hasi dira Ajdabijaren gune estrategikoak bonbardatzen. The New York Times-en arabera, gutxienez bi leherketa izan dira.
Mendebaldeko gotorlekuak
Ekialdean, erregimena aitzinera egiten ari da, eta mendebaldean, bere kontroletik at dituen hiriak gero eta estuago ditu. Iragan astean setio gogor baten ondotik Az Zauia (Tripolitik 50 kilometro mendebaldera) berreskuratu eta gero, erregimenak Misratara bideratu du arreta. Libiako hirugarren hiria da, eta hiriburutik 200 kilometro ekialdera dago. Misratak egunak daramatza setiatuta, eta azken bi egunetan Gaddafiren indarrek artilleriarekin bonbardatu dituzte etxebizitza auzoak, berri agentziek jakitera eman dutenez. Oposizioak kontrolpean duen bertze hiri batean, berriz, Zuuaran (Tunisiako mugatik hurbil) lau lagun hil dituzte bonbardaketa batean, Al Arabijaren arabera.
Protestak herrialde arabiarretan
Atzerrian bakartuta egon arren, gerra bideratuta dauka Gaddafik
Borroka frontea Bregan dago orain, eta Ajdabija bonbardatu du Libiako erregimenak; Bengazi gero eta hurbilago duSegurtasun Kontseiluaren ebazpenik gabe esku har daitekeela dio Erresuma Batuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu