Atzerriko agenteen legeak protestak eragin ditu Georgiako hiriburuan

Finantzaketaren %20tik gora atzerriko iturrietatik jasotzen duten erakundeei eragingo die legeak

Polizia eta manifestariak aurrez aurre, atzo, parlamentuaren aurrean, Tbilisin. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Georgiako Parlamentuak atzerriko agenteei buruz onartutako legeak haserre olatua eragin du georgiarren artean. Arau horren arabera, finantzaketaren %20tik gora atzerritik jasotzen duten erakundeek «atzerriko agente» gisa erregistratu beharko dute Kaukasoko estatu horretan; besteak beste, GKE gobernuz kanpoko erakundeak eta zenbait hedabide egongo lirateke zerrenda horretan. Protestak herenegun gauean piztu ziren, Tbilisin. EB Europako Batasunera batzearen alde dauden milaka manifestarik «antidemokratikotzat» hartu zuten legea, eta legebiltzarreko sarrera blokeatu zuten. Tentsioa hain zen handia, ezen istiluak izan baitziren estatuko indarren eta protestarien artean. Barne Ministerioaren arabera, gutxienez 66 lagun atxilotu zituzten. Atzo ere protestak eta borrokak izan ziren.

Atzerriko agenteen legeak kritika handiak eragin ditu oposizioaren eta Mendebaldeko politikarien artean. Georgiako presidente Salome Zurabixvilik herenegun New Yorken egindako adierazpenetan salatu zuen legea «Moskuren agindupean idatzi» dela, eta proiektua «erretiratzeko» exijitu zuen. Kritikoek diote ganberak ontzat emandako legea Errusian 2012an indarrean ezarritakoaren «parekoa» dela; nabarmendu dutenez, Kremlinek lege hori erabili du Mendebaldeko funtsetatik finantzatutako zenbait GKE eta hedabide ixteko.

Hain zuzen ere, parlamentuaren eraikinaren aurrean atzo bildu ziren manifestariek «Errusiako legeari ez» eta «zuek errusiarrak zarete» oihukatu zieten legearen alde bozkatu zuten diputatuei. Bide horretan, Poliziak negar gasa eta ur kanoiak erabili zituen manifestariak sakabanatzeko. Protestari batzuek, berriz, molotov koktelak eta harriak jaurti zizkieten estatuaren indarrei. Protestariek, gainera, esan zuten legeak kalte egingo diela Georgiak EBn sartzeko dituen itxaropenei.

Aitzitik, ekinbidearen bultzatzaileek, Herriaren Boterea mugimenduak eta agintean dagoen Georgiako Ametsa alderdiak, legea beharrezkoa dela diote, atzerritik finantzatutako erakundeen «gardentasuna bermatzeko». Proiektuak aldeko 76 botorekin egin zuen aurrera, eta lege proiektua Veneziako Batzordera bidali zuten —Europako Kontseiluko organo bat da—. Parlamentuko presidente Xalva Papuaxvilik ziurtatu zuen hiru hilabete barru jasoko dutela batzordearen erantzuna.

«Atzerapausoa»

Brusela aztertzen ari da Georgiari talde komunitariora batzeko hautagai estatusa emateko eskaera. Josep Borrell EBko diplomaziaburuak herenegun ohartarazi zuen legea «bateraezina» dela klub komunitarioko «balio eta arauekin». Erantsi zuen legedi berri hori onartzea «atzerapausoa» dela Tbilisirentzat, eta horrek herrialdeko gizartea «geldiarazteko» arriskua eragin dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.