GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak soldaduak bidali ditu Bahrainera, hango gobernuak eskatuta. Saudi Arabiako mila soldadu sartu dira artxipelagoan bi herrialdeak lotzen dituen pasabidetik, «ordena eta segurtasuna mantentzeko» helburuarekin. Bahrainen joan den hilean hasi ziren gobernuaren eta errege familiaren aurkako protestak, eta estatuko indarrek zazpi lagun hil zituzten. Manifestariek, hala ere, karriketan segitzen dute oraindik, aldaketa eske.
GCC erakundea Bahrainek, Kuwaitek, Omanek, Qatarrek, Arabiar Emirerri Batuek eta Saudi Arabiak osatzen dute. Azken herrialde horretako soldaduen lana «oinarrizko eraikinak babestea baino ez da izango», Bahraingo errege jauregiko aholkulari Nabeel al Hamerren arabera. Eraikin horien artean daude petrolio, argindar eta gas instalazioak eta finantza eta banku egoitzak. Arabiar Emirerri Batuek ere poliziak bidali dituzte Bahrainera.
Parlamentuko presidente Adel al Muadek adierazi du, berriz, atzerriko tropen sarrera golkoko herrialdeen «elkartasun erakusgarria» dela. Al Muadek dio ez duela uste Saudi Arabiako soldaduak manifestarien aurka bidaliko dituztenik. AEB Ameriketako Estatu Batuen ustez, atzerriko indarren esku hartze hori «ez da herrialde baten inbasioa».
Hilabete protestan
Bahraingo protestak otsailaren 14an hasi ziren, eta Manama hiriburuko Lulu plaza izan dute erdigune. Tunisiako eta Egiptoko ereduen arrimura hasi ziren mobilizazioak, baina Bahrainen berezko ezaugarria dute aldarrikapenek, botere esparruak gutxiengo sunitaren esku baitaude —errege familia sunita da—, eta gehiengo xiitak bazterketa salatu izan du. Joan den hiletik izan diren borrokarik gogorrenak herenegun gertatu ziren. Manifestariek herrialdeko errepide nagusia blokeatu nahi izan zuten, eta Poliziarekin hainbat orduz borrokan aritu ziren. Lagun bat hil zen.
Protestak herrialde arabiarretan
Atzerriko soldaduak sartu ditu herrialdean Bahraingo erregimenak
Gobernuak dio ez dituztela manifestarien aurka erabiliko eta azpiegiturak babestu baino ez dutela egingo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu