Hilabeteetako negoziazioen ondoren, AEBek eta talibanek bake akordioa izenpetu dute gaur, Qatarren, eta, hala, amaiera eman diote AEBek inoiz izan duten gerrarik luzeenari. Ofizialki, 2014ko abenduan eman zuen amaitutzat gerra Barack Obama orduko AEBetako presidenteak, baina ordutik talibanen eta AEBetako tropen arteko gatazka ez da eten.
Sinatutako akordioak jasotzen duenez, AEBek eta harekin nazioarteko aliantza eratu duten herrialdeek beren tropak aterako dituzte Afganistandik hamalau hilabeteko epean. Etxe Zuriak konpromisoa hartu du Afganistanen dituen 14.000 militarretatik 8.600 erretiratzeko, akordioaren onarpenetik 135 egun betetzen direnerako.
Horrez gain, gaur sinatu duten akordioak dio "bake akordio integral" bat lortu ahal izateko lau baldintza bete beharko direla: "norbanako edo talde terroristek lur afganiarra erabiltzea ekiditeko bermeak" lortzea, atzerriko indarrak erretiratzeko egutegia betetzea, Afganistango eragileek akordio politiko bat erdiestea eta "su eten iraunkor eta integrala" ezartzea.
AEBek eta Afganistango Gobernuak konpromisoa hartu dute talibanekin elkarrizketak hasteko, "bi aldeetako preso kopuru esanguratsu" baten askatzea negoziatzeko. Neurri horren helburua "akordio politiko baterako baldintzak sortzea" litzateke.
Bestalde, Kabulek hitzeman du talibanak NBE Nazio Batuen Erakundeko zigorren zerrendatik ezabatzeko ekinaldi diplomatikoa abiatuko duela. Akordioan jasotakoaren arabera, aurtengo maiatzaren 29a baino lehen kendu beharko lirateke talibanak zerrenda horretatik, edo "akordio marko bat eta su eten iraunkor eta integral bat" lortu eta 30 egunera.
AEBek Afganistango indar armatuak entrenatzeko, hornitzeko eta aholkatzeko finantziazioa ziurtatuko duela ere agindu du, eta ziurtatu du ez duela esku hartuko Afganistango "lurralde integritatearen edo independentzia politikoaren kontrako" mehatxu edo erasoen aurrean; ezta "barne auzietan" ere. Afganistango indarren autonomia bultzatuko du.
Etxe Zuriak konpromisoa hartu du "eskualdeko eta nazioarteko adostasun bat eraikitzeko", Afganistanien akordio politiko bat lortzeko abiatuko diren negoziazioei babesa emate aldera.
Afganistango gerra 2001eko urriaren 7an abiatu zuten AEBek. Talibanei urte bereko irailaren 11an New Yorkeko Dorre Bikiei eraso egitea egotzi zieten, eta boteretik kendu zituen.