Krisi ekonomikoaren eta legediaren zurruntzearen artean harrapatuta, Italian bizi den gero eta etorkin gehiago ari da bizitoki baimena galtzen edo lortzeko zailtasunak izaten. Lanik gabe egonda, nabarmen egin du gora klandestinitatera itzuli diren kanpotarren kopuruak, eta CIE Atzerritarrentzako Identifikatze eta Kanporatze Zentroetan inoiz baino pertsona gehiago dituzte atzemanda.
Barne Ministerioak emandako azken datuen arabera, 1.040 atzerritar daude Italiako hamahiru barneratze zentroetan. Giza Eskubideen aldeko erakundeek alarma gorria piztu dute dagoeneko, baina Mario Montiren gobernu teknokratako Ana Maria Cancellieri Barne ministroak italiarrak lehenago esapidea bere egin du: «Ez dugu lanik etorkinak jasotzeko».
Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik datozen milaka lagunen lehen helmuga izan ohi da Italia. Europarako geltoki azkarrena maiz. Orain, berriz, Erromatik eta EB Europako Batasunetik ezarritako segurtasun neurri zorrotzek sakonki murriztu dituzte «amets europarra» betetzeko aukerak. Barneratze zentroak xede horren amaiera dira askorentzat.
Kartzelen egitura
CIE zentroak zulo beltz bat dira Italiarentzat, Paolo Oddi abokatuaren ustez. «Kartzelen antza duten azpiegituretan uzten dituzte etorkinak, kanporatuak izan arte zenbat denbora pasatuko duten jakin gabe. Linbo batean bezala daude». Milango barneratze zentroko etorkinei defentsa legala eskaini ohi die Oddik: «Behin zentrotik pasatuta, oso gutxik lortzen dute bizitoki baimena. Gehienak jatorriko herrialdeetara kanporatzen dituzte, identifikatu ostean».
Turingo zentroan paperik gabeko 104 atzerritar daude, metalezko hesiz itxitako sei eremutan gizonezkoak eta emakumezkoak banaturik. Poliziak, Finantza Guardiak, Carabinieri-ak eta armadak osaturiko talde batek kudeatzen du eremua, baita Gurutze Gorriak ere. Kartzelak baino militarizatuago daude CIE zentroak, Oddiren arabera. «Zergatik muturreko segurtasun neurri horiek? Etorkinek ez dute delitu penalik; atxiloketa administratibopean daude».
Bertan dauzkaten etorkinek ere gogor kritikatzen dute Italiako sistema. «Sei urterekin etorri nintzen Marokotik Erromara, gurasoekin. Eskola publikoan ikasi eta okindegi batean hasi nintzen lanean, kontraturik gabe. Baina 18 urte betetzean bizitoki baimena amaitu zitzaidan. Duela hogei egun, Poliziak kalean geratu ninduen, eta legez kanpo nengoela jabetu ostean, hona ekarri ninduten», azaldu du Abdullahek, italiera ezin hobean.
Oddik salatzen du etorkinek bizitoki baimena lortzea ia ezinezkoa dutela, eta «Poliziaren estatuan» bizi direla dio. «Urtebeteko bizitoki baimena lor dezakete, lan kontratu mugatu bat izanez gero, eta bi urtekoa kontratu mugagabearekin. Lanerako bakarrik nahi dituzte etorkinak, baina egun Italian nork lor dezake ganorazko kontratu bat?».
Ziurgabetasuna nagusi
600 lagun baino gehiago kanporatu zituzten iaz Turingo zentrotik. Haietatik ehunek iraungita zeukaten bizitoki baimena. Egozpenen kontra matxinatu ziren, hain zuzen, barruan zeudenak joan den apirilean. «Apopiloak deitzen gaituzte, baina eufemismo hutsa besterik ez da. Atzerritarrentzako kartzelak besterik ez dira CIEak», nabarmendu du Tib izeneko senegaldarrak. Bost hilabete daramatza barneratze zentroan. Senegalgo Gobernuak ez du hartu haren identifikazio prozesuan parte hartzeko erantzukizuna. «Hamar urtez nirea izan den harrera herrialdeak giltzapean sartu nau, eta jatorriko herrialdeak ez du ni itzultzerik nahi», salatu du.
Turingo zentroaren kudeaketa darama Gurutze Gorriko Maurizio Canzzo. Haren ustez, «ulergarriak» dira CIE barruko erreboltak: «Kartzelan daudenek badakite zenbat denbora egingo duten barruan. Hemen ez, identifikazioa lortzen ez bada beste bi hilabetez luzatzen baita atxiloaldia. Ziurgabetasunak eta kanporatuak izango diren beldurrak tentsio uneak ekartzen ditu». Legeak, gehienez, hemezortzi hilabeteko egonaldia ezartzen du.
Italiako barneratze zentroetako egoerak kritika zorrotzak jaso ditu giza eskubideen aldeko erakundeen partetik. A Buon Diritto taldeak emandako datuen arabera, CIE sistemak Erromari eguneko 200.000 euroko gastua eragiten badio ere, zentroetako kudeaketak larrialdi egoera bati erantzuten dio, ez sistema antolatu bati. Iritzi berekoa da Oddi: «Oro har, ez dago laguntza psikologikorik edo kulturalik. Zentroek anbulatorio txiki bat besterik ez dute. Inertzia hutsari jarraitzen diote funtzionarioek, etorkinei gizatasunik erakutsi gabe». Turinen, ordea, zentroa ondo prestatuta dagoela nabarmendu du polizien buru Rosanna Lavezzanok. «Ez da gure erantzukizuna etorkinak hemen atzemanda izatea justua den ala ez erabakitzea. Baina behin hona ekarrita ondo zainduta daudela ziurtatzen dut».
Asilo politikoa
Joan den urtetik, Tunisiako, Egiptoko eta Libiako protestak piztu zirenetik, Italian asilo politikoa eskatu dutenen kopuruak nabarmen egin du gora. Hori dela eta, CIE zentroetan babes politikoa eskatua duten etorkinak gero eta gehiago dira. Gehienek poliziak atzeman ostean eskatzen dute asiloa.
«Behin eskaera eginda, badakigu ez gaituztela botako», adierazi du Libian lanean ari zen eta gerraren ondotik Italiara alde egin zuen Maliko gazte batek. Beste askok, berriz, aurreko hamarkadetan izandako guden ondorioz eskatu dute babes politikoa. «Erantzunaren esperoan nago. Duela hogei urte joan nintzen Sierra Leonatik, gerra zela eta. Hiltzeko dudan arriskua kontuan hartu gabe nire herrialdera bidaliko nauten beldur naiz», nabarmendu du Jong gazteak. «Ez dit axola barneratze zentroetako egoera pairatzea azkenean errefuxiatu estatusa lortzen badut».
Baina, immigrazio legeriari dagokionez, Berlusconiren azken gobernuko herentzia aldatu gabe du oraindik Erromak. Roberto Maroni Lega Nordeko idazkari berri eta Barne ministro ohiak utzitako «segurtasun paketeak» dira horren adibide garbia. Udaberri Arabiarraren ondotik, ustezko larrialdi egoera bati aurre egiteko, araudia zorroztu zuen Berlusconik.
Oddik babes politikoa eskatu duten kanpotar asko defendatu ditu azken urtean. «Italian, bost batzorde daude babes eskariak aztertzeko. Libian lanean zeuden Afrika hegoaldeko herritarren partetik iritsi dira eskakizun gehienak». Libiatik heldutako etorkinek errefuxiatu estatusa lortzeko nahikoa aukera dituztela onartzen du, baina tunisiarrak eta egiptoarrak kasik berehalakanporatzen dituzte. Tunisiarekin 2011ko apirilaren 5ean akordio bat sinatu zuen Erromak. Ondoren iritsitakoak bueltan bidaltzen dituzte.
Bestelako galdera bat ere egiten du Oddik. «Immigrazio politika zorroztuko zukeen Italiak, herrialde arabiarretako protestak gertatu izan ez balira?». Abokatuak argi dauka baietz. «Itxialdi zentroak harrera herrialdeetatik jatorriko herrialdeetara eramateko joera garbia da. Etorkinak iritsi baino lehenago geratu nahi dituzte. Iraultzen aitzitik Berlusconik eta Gaddafik sinaturiko laguntasun akordioak ideia hori aipatzen zuen».
Europaren ardura
Immigrazioaren gaineko Italiako legedia EBko herrialde gehienetakoak baino murriztaileagoa da. «Oreka joko konplexu bat dugu Europatik datozen prozedurak ezartzeko, paradoxikoa badirudi ere, Italiako araudia askoz gogorragoa delako», adierazi du Oddik.
Bi ereduak bat egitea da orain Montiren jomuga. Europa osoan barreiatuta dauden barneratze zentroei dagokienez, araudi bateratua ezarri da. EBk 2008an ezarritako arauek legezkotzat jotzen dute CIEetan etorkinak gehienez hemezortzi hilabetez izatea. Erromak gehienezko egonaldi hori ezarri du bere araudian.
Baina Italiako CIEetan bada maiz ezkutatzen den eta Europarentzat biziki larria den errealitate bat, Oddiren ustez. EBko herritarrak ere atzematen dituzte. «Erkidegoaren barruan zirkulazio askatasuna eskubide berretsi bat den arren, Berlusconik utzitako araudi baten arabera, EBeko herritarrak ere beren herrialdeetara kanporatu daitezke, segurtasun publikoari kalte egiten dioten heinean». Oddiren aburuz, Italiak pairatzen duen arrazismo kronikoa biluzi du beste behin legediak. «Araudi hori herritar jakin batzuei ezartzen zaie; batez ere, Errumaniako ijitoei. Inoiz ez zaie ezarri Frantziako edota Alemaniako biztanleei».
Laura Ferraris Schengengo Itunean aditua den soziologoak, ordea, EBk Italiarekin duen jokabide «konplizea» salatu du, eta immigrazio legeak berridatzi behar direla dio. «Barne mugak desagertu dira, baina kanpokoei dagokienez inoiz baino itxiago dago Europa. Zein batasun mota nahi dugun galdetu behar dugu». Ferrarisen hitzean, Europako proiektu integratzailearen porrotaren adibide dira CIE zentroak.
Italia. Immigrazio politika
'Atzerritarren kartzelak', Europaren babespean
Paperik gabeko mila etorkin daude Italiako barneratze zentroetan, noiz identifikatu eta kanporatuko dituzten zain. Aldi baterako atxilotutako immigranteek salatzen dute azpiegitura militarizatuak eta muturreko segurtasun neurriak erabiltzen dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu