Irakeko erresistentziaren erasoak hasi zirenetik kurduen aurka egindako atentatu handienak egin zituzten atzo, Irbil hirian. Goizeko hamar eta erdiak inguru zirela, PDK Kurdistango Alderdi Demokratikoaren egoitzan lehergailu bat eztandarazi zuen erasotzaile suizida batek. Minutu batzuen buruan, beste suizida batek egin zuen atentatua UPK Kurdistango Batasun Abertzalearen egoitzan.
Leherketen ondorioak oso handiak izan ziren: oraingoz, 56 lagun hil direla ziurtatu dute agintariek, eta, era berean, 200 bat pertsona zaurituta daudela. Nolanahi ere, zaurituetako asko oso larri daudela onartu dute, eta litekeena dela hildakoen kopurua handitzea.
Bildotsaren Jaia zen atzo musulmanentzat, eta, ondorioz, bi alderdien egoitzak jendez beteta zeuden, festa hori dela-eta, harrera ekitaldiak egiten baitituzte.
Alderdi kurduetako buruzagiek Ansar al-Islam talde armatu islamistari egotzi dizkiete erasoak, eta, era berean, talde horiek Al-Kaedarekin harremanak dituztela azpimarratu dute.
AEBek eta haiek gidatutako koalizioak Saddam Husseinen erregimaren kontra Iraken inbasioa hasi zuenean, Irak iparraldeko kurduek bat egin zuten haiekin, eta Husseinen erregimenaren kontra egiteko laguntza eman zieten. Trukean, kurduen autonomia errespetatzeko prest agertu dira Irakeko agintari berriak. Saddam Husseinen erregimenak sarraski handiak egin zituen bere garaian kurduen aurka.
Iraken inbasioaren ondorenak
Atzoko atentatuetan hildakoen artean Irakeko kurduen hainbat buruzagi daude
Iraken mendeko Kurdistango Irbil hirian atzo egin zituzten bi atentatuetan hildako 56 lagunen artean hainbat buruzagi daude, besteak beste, Irbilgo gobernadorea, probintziako lehen ministrordea, Nekazaritza ministroa eta Irbilbi polizia burua. Halaber, erasoen jomuga izan ziren kurduen bi alderdi nagusietako, PDK eta UPK-ko, zenbait agintari. Dolu giroa nabarmena da gaur Irbilen, eta, oro har, Iraken mendeko Kurdistanen. Gainera, zaurituak 200 bat dira, eta haietako asko oso larri daudenez, hildakoen kopuruak gora egingo duela uste da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu