AEB-etako presidentetzarako bozak

"Aurrekari penalak" dituzten etorkinak kanporatu edo espetxeratuko ditu Trumpek

Mexikoren eta AEBen arteko muga "indartu" ostean erabakiko du presidente hautatu berriak zer egin gainontzeko paperik gabeko etorkinekin. Buruzagi errepublikanoak CBS kateari eskaini dio bozak irabazi osteko lehen elkarrizketa, eta bertan egin ditu adierazpenok.

Donald Trump, artxiboko irudi batean. SHAWN THEWN / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko azaroaren 14a
07:56
Entzun

Bi eta hiru milioi artean izan daitezke "aurrekari penalak" dituzten paperik gabeko etorkinak, eta horiek guztiak kanporatu edo espetxeratzeko asmoa duela iragarri du Donald Trump presidente hautatu berriak. "Kriminalak direnak, aurrekari penalak dituztenak, droga trafikatzaileak... herrialdetik botako ditugu. Hiru milioi ere izan daitezke. Ondoren, muga [Mexikoren eta AEBen artekoa] indartuko dugu, eta hori egindakoan erabakiko dugu zer egin gainontzekoekin", azaldu du CBS kateari eskainitako elkarrizketan.

Senatuan eta Ordezkarien Ganberan gehiengo errepublikanoa izatea oinarrizkotzat jo du Trumpek kanpainan iragarritakoak aurrera eramateko: "Dena galduko nuela zioten, presidentetza eta bi ganberak. Eta begira orain, hirurak lortu ditut. Orain, hitzemandakoak egin ahalko ditugu".

Oraindik presidentegai zela iragarri zuen Trumpek paperik gabeko migranteak kanporatzeko asmoa. Orduan, "kanporatze talde bat" sortzeko aukera ere jarri zuen mahai gainean. Ordea, atzo bertan CNN kateari emandako elkarrizketan Ordezkarien Ganberako buru Paul Ryanek ukatu egin zuen halakorik. "Gure asmoa mugak segurtatzea da. Beste ezertan hasi aurretik, gure herrian nor sartzen den jakin behar dugu, eta gero gerokoak".

Bere aurka protestan ari direnengatik galdetuta, garrantzia kendu dio Trumpek. "Clintonek irabazi eta gu kalera irten izan bagina, guztiek kritikatuko gintuzten; "hori izugarrikeria", esango zuten. Bestelako irakurketa egingo zuten. Baina aurkakoa gertatu da".

Lehen izendatzeak

Gobernu berriko kide izango direnen izenak zabaltzen hasia da Trump. Reince Priebus izango da buruzagi errepublikanoaren kabineteburua, eta Steve Bannon, berriz, aholkulari eta estrategia arduraduna.

Errepublikanoen Batzorde Nazionaleko burua izan da orain arte Priebus, eta hasieratik Trumpen alde agertu den buruzagi errepublikano gutxietako bat da. Ryanen oso gertukoa da 44 urteko errepublikanoa.

Bannon, berriz, Trumpen kanpainako arduradun eta Breitbart News aldizkari kontserbadoreko zuzendari izan da orain arte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.