ASIAKO ITSASIKARA

Aurreneko kolpea

Zigor Aldama.
2004ko abenduaren 31
00:00
Entzun
ceh. Izen hau ezezaguna zen Mendebaldeko herritar gehienentzat. Orain, aldiz, Mendebaldearen arretagune bihurtu da. Bere izena behin eta berriro errepikatzen da, hildakoen kopuru izugarriari jarraiki. Ehunka hildakotik milaka hildakora; milakatik dozenaka milara. Sumatra iparraldeko eskualde hau Indonesiako bigarren uharte handiena da Sumatra inguru basatia da, sarrera zailekoa. Herrialdeko oihan itxienetakoak dituen Gunung Leuserko parke natural erraldoiak banatzen du Aceh Sumatraren gainerako lurraldeetatik. Garapen ezak jota eta independentzia lortzearren Indonesiako Gobernuarekin duen gatazka armatuagatik ahulduta, uhartediko zonalde txiroenetako bat da Aceh.

Hori guztia nahikoa ez dela, historiako itsasikararik suntsitzaileenetako bati aurre egin behar izan zion joan den igandean. Itsasikararen epizentrotik kilometro gutxira, lehen talka jaso zuen eremua izan zen.

Tsunami-ak kostaldea suntsitzeaz gainera, askoren bizitzak zein beste askoren etorkizuneko ametsak ere aurretik eraman zituen.Banda Aceh da eskualdeko hiriburua. Bertako kaleak Indonesiako beste asko bezalakoak dira: zoladura irregularrak, azoka zalapartatsuak, denda erakargarriak eta egurrezko milaka etxe. Dena den, meskiten kopuru handiak argi uzten du islama beste modu batean bizi dutela Acehen; bai, behintzat, herrialdearen gainontzeko eskualdeekin Sumatran 200 milioitik gora musulman bizi dira alderatuz gero. Aipatu pertzepzio hori edari alkoholikoak lortu ezin izanak areagotzen du. Islamaren presentzia han Sumatrako gainontzeko eskualdeetan baino handiagoa dela baieztatzeko bi datu erabil daitezke: bat, emakume guztiek ilea txadorraz estalita eramaten dutela; eta, bi, errezo jendetsuek. Bereizgarri horiek eta beste arrazoi batzuek independentziaren aldeko borrokara bideratu dituzte. Gatazkak milaka hildako eta 150.000 errefuxiatu eragin ditu eta turismoa uxatu du. Gatazkaren erroak 1951. urtean aurki ditzakegu, Indonesiak Aceh bere egin zuenean.

Batean etxe orratz dotoreak, bestean, berriz, etxolak

Aceh-ko biztanleek Jakartako Gobernuari leporatzen diote eskualdearen aberastasunez baliatu dela eta Acehen beraren garapena eragotzi duela. Gertakari horrek GAM gerrillari (Aceh Askea) herritarrek emandako sostengua indartu du. Joan den urtean egindako bidaian dendari batek ziurtatu zigunez, «Aceh bezala, urrun dauden probintzietako diruarekin eraikitzen ditu Jakartak bere etxe orratz dotore horiek. Aipatu probintzietan baina, txirotasunean eta garapen ezan itota bizi dira». Beste hondamendi natural batzuk, iaz ehunka hildako eragin zituzten uholdeak adibidez, Indonesiako egur enpresek bultzatutako etengabeko baso soiltzeetan oinarrituta zeuden. «Herritarrak ez dira baso soiltze horien onuradunak, soilik ondorioak pairatzen dituzte», gehitu zuen dendariak.

Aceh-ko hiriburuan kontrastea da nagusi. Hormigoizko eraikin berrien ondoan, egur ohol batekin eta uralitaz estalita eraikitako etxeak daude. Haatik, Calang bezalako landa-zonaldeetan, aipatu azken etxeek gehiengoa osatzen dute eta itsasoaren indar bortitzaren aurrean amore eman behar izan dute. Tsunami-ek ingurune hori itxuraldatu dute, zaborrez eta hildakoz estaliz. Tsunami-ek ere indarrez astindu dute kostaldean dagoen Banda Aceh, baina, ohitura den bezala, kalte handienak kostaldeko herriek jasan dituzte, non herritar gehienek arrantzari esker bizirauten duten.Goizeko zortzietan, lurrikarak zonaldea astindu zuen orduan, asko arrantzara irtetekoak ziren, haurrak eskolara zihoazen bitartean. Nazioarteko laguntza zailtasunarekin heltzen da. Laguntza ailegatzeko modurik errazena Banda Aceh-ko aireportua da, orain gainezka dagoena. Jakartako gobernuak, munduak estrainekoz probintzia horretaruntz begiratu duela jakinda, su-etena eman du, Armadak egin beharreko salbamendu lanak errazteko asmoarekin.Jan Egelandek, Nazio Batuen larrialdietarako arduradunak, olatu erraldoiek milaka pertsonaren etorkizuna aurretik eraman duela baieztatu du. Eta ez da itsasikararen bat-bateko ondorioez ari, etorriko denari buruz baizik. Egurrezko txalupa bat galtzea dramatikoa izan daiteke Aceh-ko arrantzale familia batentzat. Kontuan hartu behar da jasoko duten laguntza txikia izango dela; eta hori, jasotzen badute. Izan ere, ez dago gizarte segurantzarik eta askok ez dute asegurua egitea sekula pentsatu. Aceh orain agertu da mapetan. Zenbat denbora iragango da berriz desagertu arte? Kazetariek alde egiterakoan, nazioarteko laguntza etetean, eguneroko bazka duten azpigarapenari aurre egin beharko diote berriro eta su-etena amaituko da. Hori bai, lehen baino apur bat txiroagoak izango dira.

-

Datua





100

Nazio Batuen Erakundearen Munduko Elikagai Programaren arabera, elikagaietan 100 milioi dolar beharko dira joan den igandeko lurrikarak kalte egin dien bi milioi pertsonaren premiak betetzeko. Munduko Elikagai Programaren esanetan, kopuru horrek hurrengo sei hilabeteetarako balioko du. Agentziak hurrengo egunetan aurkeztuko du bere eskaera.

-

SOMALIA



 

Lau egunen ondoren, laguntza heldu da





Iragan igandeko lurrikaratik lau egun pasatu behar izan dute Somaliako biztanleek, Jafungo penintsulakoek, hain zuzen, giza laguntza jaso zezaten. Hartara, atzo 12 tona janari heldu ziren aipatu lekuraino. Herenegun, Nazio Batuen Erakundearen Munduko Elikagai Programak bidalitako 30 tona janari blokeatuta geratu ziren, olatuek bertara heltzeko bide bakarra guztiz hondatu zutelako.

Atzo, baina, kargamentuaren zati bat garraiatu ahal izan zuten. Lur orotako ibilgailuek zazpi ordu behar izan zituzten, lokatz eta ur artean, gelditzen zitzaien tarte txikia burutu ahal izateko. Laura Melok, Munduko Elikagai Programak Kenyako hiriburuan duen bozeramaileak, atzo arratsaldean adierazi zuenez, Jafuneko 500 familiaren artean laguntza banatzen hasi ziren.Somaliako lehen ministro Ali Mohamed Ghedik atzo Nairobin Somaliako Gobernuak bertan du behin-behineko egoitzaadierazi zuenez, igandeko itsasikarak 132 hildako eta 150 zauritu eragin ditu, gutxienez. Nazio Batuen Erakundea, alabaina, tentu handiagoz dabil datuak ematerako orduan. Hala ere, premiako laguntza behar duten pertsonak 30.000 eta 50.000 artean egon daitezkeela jakinarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.