Kurdistan

Aurrera doa Turkiaren okupazioa

Turkiak gogortu egin ditu Siriaren menpeko eskualde kurduaren aurkako erasoak azken bi hilabeteetan. Milaka mertzenario lekualdatu dituzte herritarrek hutsik utzitako etxeetara

Turkiak gogortu egin ditu Rojavaren aurkako bonbardaketak azken asteetan. Argazkian Zirgan herrirako sarrera, Siriaren menpeko Kurdistanen. ORSOLA CASAGRANDE.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Zaila da egunotan Rojava iparraldean eta ekialdean Interneten ibiltzea. Argindar orduak gutxi dira, Administrazio Autonomoak ahaleginak egin arren. Turkiak iturria ixten jarraitzen du Eufrates ibaian dauden urtegietan, eta Siriaren menpeko eskualde kurdu askok bi arazo dituzte: ur eskasia eta argindarrarena.

Turkiak ura baliatzen du bertako herritarren aurkako arma gisa. Uda bero honetan —42 gradu ere izan dituzte—, iturria ixtea krimen bat da bere horretan, baina oraindik gehiago ere bada kontuan izanik Siria iparraldea eta ekialdea, gainontzeko lurralde guztiak bezala, koronabirusaren beste olatu bat jasaten ari direla. Ia bi milioi eta erdi pertsonari eragiten die ur eskasiak Raqqa, Heseke, Deirez-Zor eta Kobane eskualdeetan. Edateko ura lortzeko zailtasunek osasun arazoak eragiten dituzte eta gaitzak zabaltzen. «Baina Turkiak ez du bakarrik ura mozten. Egunero bonbardaketak ditugu hemen, Ayn Isan, Til Temirren, Zirganen eta Manbijen», azaldu dio BERRIAri Sherrek, zeina Berxwedango kanpalekuko kanpadenda batean bizi den senarrarekin eta hiru alabarekin, urtebete, 2 urte eta 6 urtekoak.

Turkiak 2018ko martxoan okupatu zuen Afrin, eta Shehban bizi dira hango desplazatuak. «Uste dut 2018tik ahaztu egin dugula zer den lo egitea. Gauero, gehienez ere, bi orduko atsedena lortu ohi dugu. Baina dagoeneko ez naiz gogoratzen zer den 5-6 ordu jarraian lo egitea. Eta arraroena da ez dudala ametsik egin Turkia Afrin bonbardatzen hasi zenetik», dio Sherrek.

Zirganen bonbardaketak gogortu egin dira azken bi hilabeteotan. SDF Siriako Indar Demokratikoetako Komando Nagusiak esan zuen atzo komunikatu batean AEBek eta Errusiak, potentzia bermatzaile gisa, esku hartu beharko luketela tripulaziorik gabeko Turkiako hegazkinek egindako erasoen aurka. «Turkiako Estatuak Serekaniyen eta Gire Spinen egindako erasoen ondoren, su-eten bat adostu zen, eta AEBek eta Errusiak hartu zuten hura bermatzeko ardura. Baina Turkiako Estatuak inoiz ez du bete, eta zibilei erasotzen jarraitu du. Nazioarteak esku hartu behar du ahalik eta azkarrena. Eraso horiek gelditzea oso garrantzitsua da eskualdeko bakerako eta segurtasunerako», azaldu zuen SDFko eledun Aram Henak.

Abuztuaren 17an, emakume bat eta haur bat hil ziren eta dozenaka zibil zauritu Turkiaren erasoaldietan. Uztailetik Turkiarekin lotutako mertzenarioak Zirgan inguruko herrixkei erasotzen ari dira; inguru hartan dauden 60 herrietatik 28 okupatu dituzte dagoeneko. Gutxienez 150.000 pertsonak utzi behar izan dute bere etxea. Atzo, berriz, Qamixli eta Al-Jat bonbardatu zituzten, bigarren hori Manbijetik gertu.

Mertzenarioek egunero bonbardatzen dute Zirgan, arma astunekin eta suziriekin. Telefonoz honela dio Azab B. irakasleak: «Eskola bat ere bonbardatu dute. Turkiako Estatuaren helburua da bertako herritarrak kanporatzea. Okupatzaileek aldatu egin nahi dute Zirgango egoera demografikoa, aurrez Afrinekin, Serekaniyerekin eta Gire Spinekin egin zuten moduan». Hiru eskualde horietara lekualdatu zituen Turkiak milaka mertzenario eta haien familiak, eta ihes egitera behartutako herritarren etxeetan egin zien tokia.

Azadek gogoratu du nola Siriako gerraren hasieran, 2012an, Al-Nusra fronteak hartu zuela Zirgan, Herriaren Babes Unitateek (YPG) 2013an askatu zuten arte. 2019ko urrian, Turkiak eta haren mertzenarioek Serekaniye eta Tel Abyad hiriak hartu zituztenean,saiatu ziren ere Zirganen sartzen, baina ez zuten lortu. Orduz geroztik, hiriari erasotzen jarraitzen dute, eta Turkiaren aldeko taldeen eta kurduek kudeatutako SDFren arteko borroken gune bilakatu da.

Azadek nabarmendu du azken egunetan kilometro eskas batek bakarrik banatzen dituelaSDFren indarrak eta Turkiaren aldeko mertzenarioenak. «Herritarrek ez dituzte beren etxeak utzi nahi. Aurrekoan [abuztuaren 17an] Turkiak eta haren mertzenarioek egindako beste krimen baten lekuko izan ginen. Zibilen etxeak bonbardatu, eta ama bat eta haren haurra hil zituzten. Turkiak zibilei erasotzen die Administrazio Autonomoa menderatzeko asmoz, baina herritarrak ez daude prest hainbeste urteko sufrimendua eta errepresioaren ondoren lortutako garaipenei eta askatasunari uko egiteko. Administrazio Autonomoak jendearen sostengua du, eta hori da Turkiak jasan ezin duena».

Zozanek deitu du Zirgandik, eta abuztuaren 17an bizitakoaz hasi da hitz egiten. «Familia guztia etxean zegoen: ni, senarra eta haurrak. Bat-batean suziri bat erori zen etxe ondoan. Haurrak negarrez hasi ziren. Senarrak eta biok jateko zerbait hartu genuen eta sotora jaitsi ginen haurrekin. Baina sotoan jaten ari ginen bitartean, beste suziri bat erori zen bizilagunaren etxean. Odola ikusi nuen, eta ohartu nintzen semea zaurituta zegoela. Bizilagunen oihuak entzun, eta etxetik lasterka irteten ikusi nituen. Haurrak negarrez zeuden. Erabaki genuen senarra saiatuko zela bizilaguna eta gure semea erietxera eramaten, eta ni, beste bizilagunak eta sei haurrak sotora joango ginela».

Zozanek eta bere familiak Zirgango beren etxeko sotoan jarraitzen dute. «Eta nora joan ahalko ginateke? Gure etxea bakarrik dugu. Nire bizilagunak erietxean jarraitzen du, eta gu hemen gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.