AURRERANTZEAN

2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Martxoaren 31. Europar Kontseiluak —27 gobernuburuak Donald Tusk presidentearen zuzendaritzapean— herrialde bakoitzaren esku utziko du negoziazio txostenaren zirriborroa. Herrialdeetako ordezkaritzek proposamenak bidaliko dituzte, eta Tuskek proposamen horiek txosten batean bateratuko ditu.

Apirilaren 29a. 27 herrialdeetako estatu eta gobernuburuen bilera izango da Bruselan, behin betiko txostena hitzartzeko, negoziazioen lerro nagusiak emango dituena.

Apirilaren 30a. Europar Kontseiluko komisarioen ezohiko bilera —herrialde bakoitzetik ordezkari bat, eta kontseiluko presidentea eta presidenteordeak—. Txostena hartu izanaren adierazpena egingo dute, eta kontseiluari negoziazioak hasteko baimena emango dio. Ildo nagusiak agindu negoziatzaile bilakatzeko prozesua hasiko dute. Dokumentu hori askoz xehatuagoa egongo da: 27en jarrera bateratua ezarriko du negoziatu behar diren gai guztietan.

Maiatza-ekaina. Prozesu negoziatzaile horrek zenbait aste iraun dezake, agindu negoziatzailea hitzartu bitartean. Behin onartuta, Brusela eta Londres eseri ahal izango dira formalki hitz egitera. Epeak finkatuko dituzte lehenik, prozesua daten barruan egin ahal izateko.

2018 amaiera. Michael Bernier EBk brexit-a negoziatzeko duen arduradunak dibortzio puntu guztiak hitzartuta nahi lituzke 2018a amaitu baino lehen. —Erresuma Batua EBko instituzioetatik bereiztea, bateko herritarren eskubideak bestean, muga berriak, diru kontuak....—. Hori hala balitz, gainerako tramite demokratikoak egiteko denbora legoke; besteak beste, hitzarmena berresteko Europar Kontseiluan, Europako Legebiltzarrean eta Erresuma Batukoan.

2019ko martxoaren 29a. Agur esateko ordua izango da, baina, bi aldeek hala adosten badute, epea luza daiteke —EBko estatukideek aho batez onartu beharko dute luzapena—. Akordioa lortuz gero, berriz, Europako Batasunean, Europar Kontseiluak onartu behar du —gutxienez hogei estatuk, eta herritarren %65 ordezkatu beharko dute—, eta, ondoren, Europako Legebiltzarrak berretsi beharko du akordioa. Erresuma Batuan, berriz, parlamentuak baimendu behar du. Akordiorik ez balego, Europako Batasuneko hitzarmenek Erresuma Batuan indarrean egoteari utziko liokete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.