Aurpegi bikoitzaren txapelduna izan ohi da Frantzia. Alde batetik, giza eskubideen aberria balitz bezala, lezioak ematen dihardu mundu osoari; bestetik, diktadura itzelenekin harreman diplomatikoak eta merkataritza trukaketak izaten ditu, lotsagabe. Sudango agintearekin daraman jokabidea, hain zuzen, ildo horretakoa da.
Aurrealdetik, Parisek gaitzespena agertzen dio Omar al Bashir Sudango presidentearen aginteari. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Al Bashirren aurka irekitako auzibideari babesa eman dio Frantziak. Era berean, Sudango indar armatuek eta horien aliatu janjauid miliziek gogor gudukatzen dituzten Darfur herrialdeko gerrilla taldeetako buruzagiei asilo politikoa ematen die Parisek. Khartumek frantziar militar asko Txad herrialde auzoan zabalduta egotea ere ez du begi onez ikusten.
Hori da, baina, aitzinaldean emana den irudia. Atzealdean, haatik, bestelako itxura dago, interes ekonomikoek diseinatutako errealitate batenak. Izan ere, Frantziako agintari politikoak Sudango Gobernuaren basakeriak gaitzesten dabiltzan une berean, Frantziako Estatuak diruz kontrolatzen duen multinazional batek negozio ederrik egiten du, lasai asko, Khartumgo agintearekin. Ezen Areva energia eta meatzaritza alorreko enpresaren filial batek, La Mancha sozietateak, du ustiatzen Sudango urre meategi handiena, Hassai hobia. Sudango ipar-ekialdeko eskualde horretan, La Mancha sozietateak eta Khartumgo aginteak elkarrekin eratutako Ariab konpainiak 30.000 kilometro koadroko -ia Belgikaren eremua- kontzesio baten jabetza du.
Negozio bikaina
Hassaiko hobiaren %40 ustiatzeaz gain, gaur egun, La Mancha sozietateak esplotazio xede baterako ikerketak daramatza Sudan iparraldean eta Nuba mendialdean, hegoaldeko mugan. Eskualde horretan, urre ontza bakar bat ere ez dutelarik orainokoan erauzi, eginiko ikerketen ondorioek «perspektiba oso ederrak» agertu dizkietela adierazi du La Manchako agintaritza taldeko Nicole Blanchardek. Horrek nabarmendu du, «aspaldiko harremanen harira», sozietateak Khartumgo agintearekin elkarlanean jarraitzea espero duela ustiakuntza gune berri horretan.
Anartean, Hassaiko urre hobitik 60.000 ontza erauzi zituzten iaz. Azkenaldiotako balioaren arabera, urre ontza 927 eurotan delarik, ia 56 milioi euroren salmentak egin zituzten iaz meategi horren ustiakuntzatik. Eta ez dirudi joera hori gelditzekotan denik, ezen iragan urtarriletik, urrearen salneurria %12,5 igo da. Iaz, %40ko igoera izan zuen; horren eragile nagusia Txinak eginiko erosketak izan ziren. Izan ere, Pekinek %76 handitu zituen iazko urre erosketak, eta, hala, salneurriak gorantz eraman.
Kanadan kokatutako enpresa baten atzean ezkutatzen bada ere, Areva da Sudango urre ustiakuntzako eragile nagusietatik bat. Ezen La Mancha sozietateko kapitalaren %63 Arevaren eskuetan da. Eta Areva, berriz, Frantziako Estatuaren kontrolpean da, argi eta garbi. Izan ere, meatzaritza alorraz gain, energia nuklearraren munduko aitzindaria den multinazional horren kapitalaren %78,96 CEA Atomo Energiarako Ordezkaritza erakunde publikoaren esku dago. Frantziako Estatuak berak, zuzenean, akzioen %8,39 eskuko dauzka; Caisse des Depots et Consignations kutxa publikoak, berriz, %3,59; eta EDF energia ekoizle publikoak, azkenik, %2,42. Hortaz, zuzenean edo zeharka, Frantziako Estatuak Areva sozietateko kapitalaren %93,36 kontrolatzen du.
Mapa geologikoa
Areva eta haren filial La Mancharen esku-hartzeaz gain, Sudango urrearen ustiakuntzarako elkarlan gehiago egon daiteke aurki Parisen eta Khartumen artean. Hala, uztail erditsuan, Sudango meatzaritza ministro Abdel Baki al Jailani Frantzian bisitaz ibili zen. Bere sailari lotutako topaketen artean, egitura publikoBRGM Geologia eta Meatzaritza Ikerketarako Bulegoan egon zen. BRGMren laguntzarekin, Khartumgo aginteak Sudanen mapa geologiko zehatz bat osatu nahi duela zehaztu du Al Jailanik, «nazioartean gure mea aberastasunak modu egokienez ustiatzeko helburuarekin».
Merkataritza kontuak eta politika jardunak estu lotuta daudela nabarmen azaldu du ere bai Sudango agintariak. Hala, Frantziako Atzerri ministro Bernard Kouchnerrekin bilera izan ondoren, hauxe adierazi ei dio Al Jailanik: «Politika kontuak bazter utzitzazue; Sudanen dauzkazuen interesak gerizatu behar dituzue; ezen Sudandik aldentzen bazarete, beste batzuek hartuko dute zuek utzitako lekua». Hori baino argiago ez zitekeen hitz egin.
Aurretik, gaitzesteak, eta atzetik, etekinak
Parisek sustatzen ditu Sudango presidente Omar al Bashirren aurkako nazioarteko auzibideak. Aldi berean, ordea, Frantziako Estatuaren Areva meatzaritza enpresak urre hobiak ustiatzen ditu Sudanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu