KLIMA LARRIALDIA

Aurtengo ekaina, uztaila eta abuztua inoiz erregistratutako beroenak izan dira

Munduko Meteorologia Erakundeak kaleratutako txostenaren arabera, abuztuko batez besteko tenperatura 1,5 gradu altuagoa izan da industriaurreko garaikoa baino. Antartikako itsas izotzaren hedadura minimo historikoetan dago. NBEk herrialde aberatsei eskatu die bizkortu dezatela irtenbide klimatikoa.  

Zenbait turista, iturriaren ondoan, bero sapa betean, uztail amaieran, Vatikano Hirian. CLAUDIO PERI / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko irailaren 6a
13:11
Entzun

Berotze globalak eragindako muturreko ondorioek ez dute etenik. Munduko Meteorologia Erakundeak argitaratu du txostena, Copernicus zerbitzuak kaleratutako datuekin, eta, horren arabera, inoiz erregistraturiko hiruhilekorik beroena izan da azken hau munduan. Hain zuzen, aurtengo abuztua 1,5 gradu beroagoa izan da, batez beste, industriaurreko —1850-1900 bitartean— garaian baino, eta historiako hilabeterik beroenetan bigarrena izan da, aurtengo uztailaren ondotik.

Ekaineko, uztaileko eta abuztuko tenperaturak jaso ditu EB Europako Batasunak klima aldaketa aztertzeko sorturiko zerbitzuak, eta, horren arabera, aurtengo lehen seihilekoa inoiz erregistraturiko beroenetan bigarrena izan da, 2016koaren ondoren.

>El Niño Ozeano Barean itsaslaster beroa sortzen duen klima fenomenoaren ondorioz, gainera, itsas azaleko tenperatura globalak maximoetara iritsi dira hirugarren hilabetez jarraian; abuztuan, batez besteko tenperaturarik altuena erregistratu zen: 20,98 gradu. Azken datu horrek, zehazki, 2016ko martxoan jasotako inoizko tenperaturarik beroena gainditu zuen.

Ildo horretan, Antartikako itsas izotzaren hedadura minimo historikoetan dago. 1970eko hamarkadaren amaieran satelite bidezko behaketak egiten hasi zirenetik, izotzaren hedadura batezbestekoaren %12 azpitik kokatu zen abuztuan.

Munduko Meteorologia Erakundeak Copernicusen eta nazioarteko beste zenbait agentziaren datuak xehatu ditu, klima aldaketaren egoerari buruzko txostenerako. Hain zuzen, erakunde horrek eta Erresuma Batuko Meteorologia Bulegoak elkarren artean maiatzean kaleratutako txosten batean aurreikusi zuten %98ko probabilitatea dagoela hurrengo bost urteetako batean inoizko tenperaturatik altuena erregistratzeko, eta %66koa 1850-1900 bitarteko batez besteko tenperatura baino 1,5 gradu handiagoa izateko. Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, ordea, horrek ez du esan nahi Lurrak Parisko Akordioan zehaztutako 1,5 graduko maila etengabe gaindituko duenik.

Muturreko hainbat bero bolada izaten ari dira Ipar hemisferioan, eta horiek sute handiak eragin dituzte, «osasunari kalte eginez, eguneroko bizitza nahasiz eta ingurumenean sarraskiak eraginez», Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusi Petteri Taalasek ohartarazi duenez. Gogorarazi du, gainera, El Niño fenomenoaren berotze eragina «nozitu baino lehen» gertatzen ari dela.

«Urtea hasi zenetik zortzi hilabete igaro diren honetan, orain arte inoiz izandako urterik beroenetan bigarrena izaten ari da, 2016ko urtearen ondotik. Klima sistema berotzearen ondorio argiak dira horiek», dio Copernicuseko zuzendari Carlo Buontempok.

Bide horretan, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres kezkati mintzatu da: «Lur planetak bero bolada jasan berri du, su txikian: inoiz erregistratu den udarik beroena. Kolapso klimatikoa hasi da. Zientzialariek denbora daramate ohartarazten erregai fosilekiko mendekotasuna zerk eragingo duen». Hori dela eta, Guterresek estatuetako liderrei eskatu die irtenbide klimatikoa bizkortu dezatela. «Oraindik ere okerrena saihestu dezakegu, eta ez gaude denbora galtzeko», esan du NBEko idazkari nagusiak.

Nairobiko Adierazpena, onartua

Afrikako hogei herrialdetako estatuburu, eta nazioarteko erakundeetako eta munduko beste eskualde batzuetako liderrak Nairobin (Kenyan) izan dira aste honetan, ACS Afrikako Klimaren Goi Bileran. Bada, batzar horren amaieran, Nairobiko Adierazpena deiturikoa onartu dute, zeinaren helburua den Afrikako jarrera bateratu bat antolatzea, hainbat foro globaletarako. Horrela, Afrikako liderrek ikuspegi bateratu bat eraiki nahi dute COP28ren, Nazio Batuen Batzar Nagusien, G20ko kideen edo nazioarteko finantza erakundeen aurrean. «Afrikak emisio globalen %4 baino ez du isurtzen, baina ondoriorik okerrenetako batzuk pairatzen ditu: muturreko beroa, uholdeak, eta lehorte suntsitzaileek dozenaka mila lagun hil izana», nabarmendu du NBEko idazkari nagusiak.

Guterresek ekintza klimatikoetan «anbizio handiagoa» eskatu die herrialde aberatsei, eta garapen bidean diren estatuei urtero 93.000 milioi euro inguru emateko promesa bete dezatela, klima krisira egokitzea bultzatzeko. Bada, Kenyako presidente William Rutok baieztatu duenez, dagoeneko hasi dira horretan. Goi bileran zehar, 23.000 milioi dolar bildu dituzte, Afrikako zenbait gobernuren, sektore pribatuetako entitateren, bankuren eta GKE gobernuz kanpoko erakundeen artean. Horien artean, Arabiar Emirerri Batuek gaur iragarri dute 4.200 milioi euro jarriko dituztela kontinentean trantsizio energetikoa sustatzeko proiektuetarako.

Afrikaren «garapen iraunkorrerako» inbertsio aukerak nabarmendu dituzte bertaratutakoek, eta mineralak behar dituzten energia berriztagarrien sektorean «ustiatu gabeko potentziala» aztertu dute. Hain zuzen ere, kontinente horrek ezinbesteko baliabideak ditu energia berriztagarriak garatzeko, hala nola munduko kobalto, manganeso eta platino erreserben %40. Era berean, Afrikako karbono merkatuen hedapena behatu dute goi bileran, zenbait herrialdek negoziazio aukera gisa ikusten baitute, nahiz eta ingurumen ekintzaile askok horri uko egin.

Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen, berriz, adierazi du Europak Afrikaren «aliatu» izan nahi duela COP28 klimaren goi bilerari begira; urte amaieran egitekoak dira, Dubain, trantsizio energetikoari begira.

Bi hildako Grezian, uholdeengatik

Daniel ekaitzak gogor astindu du Grezia: gutxienez bi lagun hil dira uholdeen ondorioz, eta pertsona bat desagertu. Duela gutxi arte 2007tik izan den bero boladarik latzena igaro eta gero, herrialdearen erdialdeko eskualdeetan euri jasa handiak pairatu behar izan dituzte. Atzo, Magnesia eskualdeko Zagora herrian, metro koadroko 75,4 litro bota zituen 24 orduan, 2009an izandako maximoa ia halako bi.

Suhiltzaileek Volos hirian harrapatuta zeuden dozenaka herritar erreskatatu behar izan dituzte. 150.000 biztanle ditu hiri horrek, eta Magnesia eskualdeko hiriburua da. Herritar gehienak argirik eta ur hornidurarik gabe daude, eta euriteek kalte handiak eragin dituzte eskualde osoko errepide sarean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.