Australia

Australiak salatu du «estatu sofistikatu» batek zibereraso bat egin diola

Scott Morrison Australiako lehen ministroak adierazi du «ahal esanguratsua» duen estatu batek eraso egin diela. Segurtasun adituen esanetan, Txina da arduraduna. Azken hilabeteetan okerrera egin du Txinaren eta Australiaren arteko harremanak.

Scott Morrison Australiako lehen ministroa, gaur, zibererasoaren berri emateko prentsaurrekoan. MICK TSIKAS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 19a
12:42
Entzun

«Adituek emandako informazioaren arabera, Australiako erakundeak estatu sofistikatu batek eginiko erasoen jomuga izaten ari dira», esan du Morrisonek, gaur, prentsaurreko batean. Azaldu duenez, erasoak «askotariko sektoreei» eragin die. Besteak beste, «gobernuaren hainbat mailatako erakundeei, industriari, erakunde politikoei, hezkuntzari, osasunari, oinarrizko zerbitzuei eta azpiegitura kritikoei».

Lehen ministroaren hitzetan, Australiako Gobernuak ziurtzat jo du «estatu sofistikatu bat» dela erasotzailea, zibererasoaren tamainagatik eta «helburuen eta erabilitako tekniken izaeragatik».

Morrisonek ez du zehaztu nahi izan erasoaren egilea zein estatu izan daitekeen. Haren esanetan, estatu jakin bati ardura leporatzeko ebidentzia mailak «izugarri altua» beharko luke, eta, hala ere, soilik Australiaren interes nazionalekin bat etorriz gero egingo luke publiko. Dena den, nabarmendu du gisa horretako jarduera gauzatzeko gai diren estatuak ez direla asko.

Argiago mintzatu da Peter Jennings Australiako Estrategia Politiken Institutuko burua. Jenningsen arabera, Txinak, Errusiak eta Ipar Koreak zibererasoetarako ahal handia dute, baina garrantzitsua da herrialdeek izan ditzaketen motibazioak kontuan hartzea. «Herrialde bakarra dago erasoa egiteko ahalmen handia eta egiazko motibazioa dituena, eta hori Txina da».

Australiaren eta Txinaren arteko harremanak nabarmen egin dute okerrera azken hilabeteetan. COVID-19 gaitza munduan hedatzen ari zela, Australiak bat egin zuen AEBekin, eta koronabirusaren jatorria argitzeko ikerketa independente bat eskatu zuten herrialdeetan lehenetako bat izan zen. Ordutik, Australiaren kontrako hainbat neurri ekonomiko hartu ditu Pekinek. Besteak beste, Australiako garagarrari muga zergak jarri dizkio, herrialdeko lau hiltegitako haragi gorriaren inportazioak eten ditu, eta bere herritarrei eskatu die hausnar dezatela Australiara bidaiatzeko edo hara ikastera joateko aukerari buruz, txinatarren kontrako eraso arrazistak geroz eta ugariagoak direla argudiatuta.

Txina da Australiaren kide komertzial nagusia, baina herrialdeak AEB du aliatu nagusi segurtasun arloan. AEBen eta Txinaren arteko lehia geopolitikoa dela eta, Australiako atzerri politikak zailtasunak ditu bi potentzien artean oreka topatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.