Austriako eskuin muturrak ozta-ozta galdu du presidentetzarako aukera

Alexander Van der Bellen independentea 31.026 botoren alde estuari esker izango da presidente. Errefuxiatuak izan dira kanpainaren ardatz

Alexander Van der Bellen Austriako presidente berria, atzo, garaipenaren berri izan ostean, Vienan. CHRISTIAN BRUNE/ EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Austriak ez du izango eskuin muturraren presidentetzarik, baina izan duen gorakadak alarma guztiak piztu ditu Europako Batasunaren egituran. Azkenean, ordea, Alexander Van der Bellen independenteak irabazi ditu —Berdeen bozeramaile ohiak—, ozta-ozta bada ere: botoen %50,3 lortu ditu, 31.026 paper gehiago soilik. FPO eskuin muturreko alderdiko Norbert Hoferren kontrako lehia posta bidezko botoak irauli du. Hoferrek 144.000 botoren aldea lortu zuen igandean, baina austriarren %14k posta bidez eman dute botoa, hau da, 900.000 herritarrek.

Van der Bellen izango da SPO sozialdemokratena edota OVPpopularrena izan ez den lehen presidentea 1945. urtetik. Garaipena hiriburu guztietan eta bederatzi estatuetatik lautan erdietsi du. Hofer, berriz, landa guneetan izan da garaile. Eskerrak eman die Ven der Bellenek herritarrei, eta «harro» agertu da «belaunaldi, adin eta klase sozial ezberdinetako herritarren botoa eskuratu» duelako.

Izan ere, sozialdemokraten eta popularren buruzagiek argiki bere alde egin ez duten arren, eskuin muturra geldiarazteko herritar askoren botoa jaso du, lehen itzulian SPO eta OVP alderdiek hondoa jo, eta lehiatik kanpo geratu baitziren. Koalizio handia osatuta agintzen dute, baina soilik botoen %11na jaso zituzten, eta Werner Faymann sozialdemokraten buruzagi eta Austriako gobernuburuak dimisioa eman zuen, alderdi barruan jasan zituen kritiken eraginez eta asilo politika gogortzearen ondorioz.

Errefuxiatuak erdigunean

Lehen itzulian Norbert Hoferrek botoen %35 eskuratu zituen, eta Alexander Van der Bellenek, berriz, %21. Hori dela-eta Hofer izan da bigarren itzuliko kanpainako diskurtsoa gidatu duena: Austriak. 90.000 asilo eskaera izan zituen iaz, eta Hoferrek kezka hori bilakatu du mamua handitzeko: «Errefuxiatu faltsuei» mugak ixtearen alde egin du, eta immigrazioaren kontra. Austria eta austriarrak lehenak leloa izan du bere kanpainak, eta migrazioari buruz Bruselak hartutako erabakien kontra aritu da.

Alexander Van der Bellenek, berriz, gobernuak azkenaldian asilo politika gogortzeko hartu dituen neurri gogorrei kritika eginez erantzun du: Europako Batasun sendo bat defendatu du, errefuxiatuei irekia. Horregatik, beharbada, inkesta guztiak aurka izan ditu.

Hautagai independentea Europako Batasunaren oso gustukoa izan gabe ere, kezkagarriagoa zaie eskuin muturreko euroeszeptikoen jarrera. Bruselak adi begiratu die emaitzei, eta arnasa hartu du Hofer bezalako politikari batekpresidentetza izateko aukera galdu duenean. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak eta Martin Schulz parlamentukoak eskuin muturra kritikatu dute egunotan, euren ustez, FPO alderdiaren gisakoen garaipenek Europaren izaera aldatuko luketelako. Hofferrekezezkoa emango lioke Europako Batasunean sartzeko bozketa egun egingo balitz.

Baina garaipena lortu ez duen arren, gorantz jarraitzen du etengabe; espazio handia irabazi du, eta boto emaile asko bereganatu ditu lanari, segurtasun ezari eta islamizazioaren arriskuari buruzko mezuak emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.