Protestak herrialde arabiarretan

Auto gidari klandestinoak

Saudi Arabiako hainbat emakumek automobila gidatzeko debekua hautsi dute, kanpaina baten barruan

mikel rodriguez
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Saudi Arabiako hainbat emakumek beren bideoak jarri zituzten atzo Interneten. Autoa gidatzen ageri dira horietan. Herrialde gehienetan ez luke bertze munduko garrantzirik izanen ekintza horrek, baina Saudi Arabian emakumeek debekatuta daukate gidatzea. Aspaldiko aldarrikapena dute debeku hori amaitzea, baina agintariek entzungor egin diete. Ez hori bakarrik, errepresioa ere erabili dute.

Izan ere, iragan martxoaren 21ean Manal al Sherif atxilotu zuten Interneten autoa gidatzen ageri ari zen irudiak paratzeagatik, eta hamar egunez preso eduki zuten. Fidantza ordainarazita aske utzi zuten, atzoko deitu zuen protesta ekintza bertan behera uztearen truke. Bertze hainbat emakumek, ordea, lekukoa hartu diote Al Sherifi. «Ez da gidatzea atsegin dugulako edo esperientzia sentitu nahi dugulako. Lanera joan behar badut, neroni joan ahal izateko da, eta norabait joan nahi badut, berdin», azaldu du emakume batek bideoetako batean.

Women2Drive izena du aldarrikapen kanpainak (Emakumea ere gidari). Emakume batzuek anonimotasuna gorde dute bideoak paratzerako orduan, baina bertze batzuk izenak eman dituzte. Laila Sindi izeneko gazte batek ekialdeko Jeda hirian hartu du autoa, Twitter sare sozialetik azaldu duenez. Plataforma beretik azaldu du Aziza Jusef 54 urteko emakumeak bere ibilbidea. Riad hiriburuan gidatu du autoa, eta Fahd erregea karrikatik ibili da, haren testigantzaren arabera.

Gizonezkoaren menpe

Maha al Kahtani ere Riaden ibili da, Muhamad al Kahtani senarra ondoan zuela. Saudi Arabiako Eskubide Politiko eta Zibilen Elkarteko presidentea da Muhamad al Kahtani. «Ez dut espetxera joateko beldurrik», adierazi du. BBCri bere testigantza eman dion emakume batek —ez du izenik eman— salatu du gidatzeko eskubidea «txikikeriatzat» hartu izan dela. «Ez da eskubide garrantzitsuenetakoa. Baina, nahiz eta oinarrizko eskubide guztiak lortu, gidatzea baino garrantzitsuagoak omen diren horiek, ezinen genituzke gozatu, mugitzeko gaitasunik izanen ez genukeelako. Ezin gara mugitu gizonik gabe».

Iraganean ere Saudi Arabiako emakumeak mobilizatu izan dira gidatzeko eskubidearen alde. 1980an 47 emakume atxilotu zituzten, eta zigor gisa anitz lanetik bidali zituzten. Golkoko Gerran (1990-1991), Saudi Arabiako baseetan zeuden AEBetako emakumezko soldaduek ez zuten autoa gidatzeko debekurik jasan. Hori dela eta, Saudi Arabiako hainbat emakumeek AEBetakoen eskubide berbera aldarrikatu zuten.

Arau erlijiosoa

Debekua ez da berez estatuko lege bat. Buruzagi erlijiosoek ezarritako fatua edo araua da. Saudi Arabian wahabismoak —suniten joera integrista bat— errege familiaren sostengu zabala duenez, arau horiek zorrotz betearazten dira. Horren adibide, iragan asteko ortziraleko errezoetan, buruzagi erlijioso anitzek atzoko protestaren aurkako deia egin zuten. Kanpaina «ustela» eta «moralaren aurkakoa» dela erran zuten. Women2Drive ekimenaren sustatzaileek, baina, espero dute Abdala erregeak dekretu bidez debekuarekin amaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.