Irango Guardia Iraultzailearen autobus batek eztanda egin zuen atzo goizaldean Zahedan hiritik gertu, Iranek Pakistanekin eta Afganistanekin muga egiten duen lekuan. 11 hildako eta 31 zauritu eragin zituen eztandak, eta horietatik gehienak militarrak badira ere, atzo ez zuten ziurtatu tartean zibilak zeuden edo ez. Erasoa izan eta berehala, bost pertsona atxilotu zituzten gertaerarekin zerikusia zutelakoan; hainbatek ustez armak eta argazki kamerak zeramatzaten, eta bi lagun gertatutakoa ikusten ari zirenen artean atxilotu zituzten.
Mugalde hori gatazkatsua izan ohi da, eta azken bi hilabeteotan atentatuak ugaritu dira, baina atzokoaren egilea nor izan den ez dute argitu. Jundola taldeak (sunitak) bere gain hartu zuen adierazpen batean, Mehr agentziak azaldu zuenez, baina ez dago jakiterik komunikatu hori egiazkoa den. Irango buruzagiek, berriz, Erresuma Batua eta AEBak egin ditu erantzule. Esan dutenez, «iturri arduratsu batek esan du egileek AEBen laguntza jasotzen dutela». Dena dela, ez da batere ohikoa atzoko atentatua egin zuten modua, hango komunikabideek esan zutenez. Egun argiz, kale erdian, eta Guardia Iraultzailearen kontrako erasoa izatea, alegia. Guardia hori eliteko militarrez osaturik dago.
Mohamed Javad koronelak esan zuenez, «deabruzko elementuak eta iraultzaren kontrakoak izan dira atentatu terrorista egin dutenak». Hala ere, egileei buruzko xehetasun gehiagorik ez zuen eman.
Erasoa nola izan zen ere, bertsio ezberdinak daude gertatutakoaren inguruan. Iturri batzuen arabera, bonba auto batean zegoen gordea, eta eztanda egin zuen autobusa ondotik igaro zenean. Beste iturri batzuek diotenez, berriz, motorzale batzuek tiro egin zioten autoari autobusa ondotik igarotzen ari zela.
Autobus militar bat lehertu eta 11 lagun hil dituzte Iranen
Teheranek Erresuma Batuari eta AEBei leporatu die atentatua; bost pertsona atxilotu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu