“Ez dugu daniarren antzik, ez dugu haiek bezala pentsatzen, eta ez gara daniarrak”, dio Aleqa Hammondek. 43 urte ditu, eta Groenlandiako Atzerri eta Finantza ministroa da. Ez da hala pentsatzen duen bakarra, munduko uharterik handienean, herritarren %75 dira independentziaren aldekoak. Ez dute jarraitu nahi 4.000 kilometrora dagoen gobernu baten menpe. Horiek hala, pentsatzekoa da gaur egitekoa duten autodeterminazio erreferendumean baiezkoak erraz irabaziko duela -Euskal Herrian 14:00ak zirela ireki dituzte hautestontziak, han 9:00ak zirela-.
Hala balitz, Justizia eta Poliziaren gaineko erabakiak Godthabek -Nuuk groenlandieraz- hartuko lituzke aurrerantzean, eta soilik segurtasuna eta atzerri politika geratuko lirateke Kopenhageren esku. Bide beretik, natur baliabideetatik lortutako irabaziak uhartean (56.000 biztanle) geratuko lirateke. Kontuan izanda uharteko ur izoztuen azpian 110.000 milioi tona petrolio egon daitezkeela, ez da harritzekoa Danimarkarekiko negoziazioek luze jo izana.
Godthab eta Kopenhageko ordezkariek hitzartutako itunaren arabera, Groenlandia independente izan daiteke herritarrek erreferendumean hala erabakitzen badute. Bi milioi kilometro karratuko uharte horretan, ordea, natur baliabide asko daude, ez bakarrik petrolioa, baita zinka eta urrea ere. Europako Batasunak berak aste honetan bertan hitzartu du Artikoko hidrokarburoak ustiatzeko lehen akordioa. Ituna sinatu dutenen artean daude Danimarka, Finlandia eta Suedia. Gaur egun, Danimarkaren menpeko lurraldea da Groenlandia, baina ez da EBko kide. Hala, etorkizun batean subiranotasuna lortuz gero, Europak ere aliatu garrantzitsua galduko luke, klima aldaketaren eraginez uharteko izotza urtuz joango delako, bertako natur baliabideak ustiatzea erraztuz.
Groenlandiako Gobernu ordezkari Mininnguaq Kleisten esanetan, natur baliabideetatik lortutako irabaziek mila milioi euroko sarrerak gainditzen dituztenean, uharteak bere independentzia “erosi” ahal izango du. “Petrolioa ustiatzen hasten garenean, Danimarkak ez du jada guregan aginduko”. Arazoa da, baina, inork ez dakiela hori noiz gertatuko den.
Gizarte arazoak
Groenlandia munduko uharterik handiena den arren, zati handiena izoztuta dago, eta 57.000 lagun soilik bizi dira bertan, %90 inuitak. Azken urteetan, Danimarkako gobernuek indigenen aldeko hainbat erabaki hartu dituzte, haien onespena irabazteko asmoz. Baina ez dute lortu, Groenlandiaren Autodeterminaziorako Batzordeak argi dioen gisan: “Danimarkak indigenen eskubideak jarri ditu autodeterminazio eskubidearen gainetik, Groenlandiaren subiranotasuna trabatzeko asmoz. Baina herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu”.
Siumut alderdia dago Gobernuan, eta hitzeman du indigenen eskubideak bermatuko dituela, baina baita ohartarazi ere herriaren eskubideak egongo direla ororen gainetik. “Indigenen eskubideak bermatzea Gobernuaren eginbeharra da; indigenen eskubideak gutxiengoenen antzekoak dira, baina zabalagoak. Hala ere, herriaren eskubideak izango dira beste ororen gainetik”.
Herri horrek berak, ordea, arazo larriak ditu azken urteetan. Mendebaldean ez bezala, uhartearen ekialdeko egoerak okerrera egin du. Sexu gehiegikeriako salaketak, alkoholismo kasuak eta bere buruaz beste egiten dutenenak ugaritu egin dira. Duela bi urte 58 lagunek hil zuten beren burua, horietatik %20 15 eta 16 urte bitarteko neskak izan ziren. Adituen arabera, ekialdeko langabezia arazoen ondorioa da egoera. Izan ere, uhartearen mendebaldea da ekonomikoki garatzen ari dena; ekialdean, aldiz, nerabeen %70ek ez dituzte oinarrizko ikasketak amaitzen.
Dena den, groenlandiarrek itxaropentsu begiratzen diote etorkizunari, galdeketan baiezkoa nagusitzen bada urrats bat gertuago izango dutelako independentzia. “Subiranotasuna uste baino lehenago helduko zaigu”, dio Hammondek.
Mundua
Autodeterminazio erreferenduma egingo dute gaur Groenlandian
Gaurko galdeketan baiezkoa nagusituz gero, Danimarkak soilik segurtasunari eta atzerri politikari buruz erabakiko du. Inkesten arabera, uharteko herritarren %75 Danimarkatik banatzearen aldekoak dira. Euskal Herrian 14:00ak zirela ireki dituzte hautestontziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu