Espero bezala, Kataluniako Parlamentuaren gehiengoa autodeterminazio galdeketari buruzko ebazpenaren alde azaldu da gaur arratsaldeko bozketan, gehiengo handiz azaldu ere: diputatu denen artean %64 agertu dira ebazpenaren alde. Erreferenduma datorren legealdian egiteko eskatzen dio ebazpenak Generalitateari —azaroaren 25ean bozak egingo dituzte—.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan du kontsulta ez dela konstituzionala izango eta, hura eragozteko, neurri juridikoak hartuko dituztela. Galdeketa egitekotan, estatu osoan egin beharko litzateke, haren arabera.
Gaurko bozketako emaitzak
Saioan legebiltzarrrean ziren 131 diputatuetatik —lau falta ziren—, 84k eman dute aldeko botoa. CiU, ERC, ICV eta SI-ko legebiltzarkideek, Joan Laporta independenteak eta Ernest Maragall sozialistak, hain justu.
PSC abstenitu egin da; 25 abstentzio —parlamentario bat falta zen, mahaiko presidenteordeak ez du botorik eman, eta Ernest Maragallek PSCren boto diziplina hautsi du—. Alderdi sozialista herri galdeketa egitearen alde azaldu zen atzo, baina kontsultak "legezkoa" izan beharko duela zioen. Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak esan du Espainiako Gobernuaren baimenarekin edo gabe egingo dutela galdeketa.
PPk eta Ciutadansek ebazpenaren kontra bozkatu dute (21 boto).
Erabaki eskubidean oinarrituta Kataluniaren garapena bermatuta, ebazpenak dioenez
Onartu duten ebazpenean, irailaren 11ko Diadako manifestazio independentistak izandako "arrakasta izugarria" aitortu du parlamentuak, eta orain Katalunian, erabaki eskubidean oinarrituta, "trantsizio nazionala" hasiko dutela azpimarratu du. Idatziaren arabera, Kataluniak autodeterminazioaren bidez "garapen sozial eta ekonomikoa" eta "katalan kultura eta hizkuntzaren sustapena" bermatzerik izango du, eta ez luke hori erdietsiko Espainiako Estatuaren barruan egonda, handik azkeneko 30 urtean erantzun ona jaso ez duelakoan.
Kataluniako "prozesu demokratikoa" aurrera ateratzeko "eragile politiko, sozial eta ekonomikoen artean ahal den adostasunik handiena" bilatuko dute, ebazpenak dioenez, eta nazioarte mailan ere egingo dute lan.
2010eko bozen ondotik, CiUk 62 diputatu ditu, ERCk 10, ICVk 10 eta SI-k 3 —4 lortu zituen, baina gero Laportak taldea utzi zuen—. PSCk 28 ditu, PPk 18 eta Ciutadansek 3.
ERCren proposamena CiU, ICV eta SI-ri gutxieneko programa bat egiteko
Oriol Junqueras ERCko presidenteak azaroaren 25eko hauteskundeetarako elkarrekin gutxieneko programa bat egiteko proposamena egin die CiU, ICV eta SI-ri. "Gaur autodeterminazioaren alde bozkatuko dugula eta, zergatik ez ditugu bateratzen elkarren programak?", galdetu du Terrasan.