Auzitara, etorkinen alde

Arizonako legea Konstituzioaren aurkakoa dela salatu dute giza eskubideen hainbat erakundek

arantxa elizegi egilegor
2010eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Kentuckyn familia pobre bateko aitak Kaliforniara lan bila joatea erabakiko balu, bere seme-alabei jaten eman ahal izateko, heroia izango litzateke. Zein da, beraz,desberdintasuna? Norbaitek lerro bat marraztu duela hareatan», dio Bob Keek, Samaritans erakundeko kideak. MexikotikAEB Ameriketako Estatu Batuetara sartzen ahalegintzen diren etorkinekin lan egiten du Keek. Horietako gehienak Sonora eta Arizona arteko basamortua baliatzen dute muga igarotzeko. Apirilaren amaieran, ordea, Arizonako gobernadore Jan Brewerrek SB1070 legea onartu zuen, argudiatuz «indarkeria» handitu egin dela Mexikoko mugan. Horren bidez, Poliziak «susmagarri» den edonor geldiarazi eta dokumentazioa eskatu ahal izango du, baita atxilotu eta kanporatu ere paperik izan ezean. Horretaz gain, dokumentaziorik ez duten etorkinei lana edo aterpea ematen dietenen aurkako zigorrak ere gogortu egiten ditu. Epaileek geldiarazi ezean, neurria uztailaren 29an sartuko da indarrean. Horiek hala, eskubide zibilen aldeko erakundeek auzitara jo zuten atzo neurria «Konstituzioaren aurkakoa» dela salatzeko. Helegitea aurkeztu duten taldeetako bat Arrazaren Kontseilu Nazionala da, eta haren arabera, arauak legezko bilakatuko du arrazakeria; izan ere, «etorkin itxura» duen edonor geldiarazi ahalko dute segurtasun indarrek. Haren eta giza eskubideen aldeko erakundeen iritziz, legediak ez du arazoa konponduko, eta, gainera, beste estatu batzuk bultzatuko ditu antzeko neurriak hartzera.

Bestetik, eta agintariak estu hartzeko asmoz, Arizonari boikota egiteko eskatu dute hainbat taldek. «Gure balioen aurka horren argi egiten duen lege bat onartzen dutenean, sendo erantzun behar dugu», adierazi du Arrazaren Kontseilu Nazionaleko buru Janet Murguiak. Boikotarekin bat egin dutenen artean Asiar-amerikarren Justizia Zentroa dago. Boikotaren ondorioak nabaritzen hasiak dira dagoeneko Arizonako hiri nagusietan.

NBE, kezkatuta

Etxean ez ezik, nazioartean ere kezka eta gaitzespenak eragin ditu Arizonako Gobernuak hartutako erabakiak. NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du arrazan oinarritutako indarkeria gehitu dezakeela neurriak. «Lege horrek giza eskubideak urratzen ditu, eta aurrekari arriskutsuak ezartzen. Ez dugu halako neurririk ikusi Jim Crow legeen garaietatik -zurien eta beltzen arteko banaketa arautzen zutenak-», nabarmendu du Isabel Garcia abokatu estatubatuarrak.

Baina Brewer gobernadoreak sinatutako legeak ez du paperik gabeko etorkinak kriminalizatzen bakarrik, Arizonako eskoletan etniei buruzko ikastaroak antolatzea ere debekatzen du. Horrek eragina izango du, besteak beste, mexikar-amerikarrei buruzko ikasketa programan. Horretaz gain, Arizona eta Mexikoko Sinaloa estatuaren arteko mugako segurtasuna ere nabarmen zorroztuko dute. «Irailaren 11ko atentatuen ostean, AEBek mugako neurriak gogortu zituenean, jakin bazekiten etorkin gehiago hilko zirela, baina horiek albo-kalteak ziren», azaldu du Keek. Giza Eskubideen Koalizioaren arabera, aurten iaz baino %60 lagun gehiago hil dira muga igarotzeko ahaleginean. «Jendea etsita dagoenean, edozer egiteko gai da beren familiei jateko zerbait emateko. Biziaren eta heriotzaren arteko aukera da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.