TXILE

Auzitegi Gorenak atzera bota du Pinochetek jarritako helegitea

Guzman epaileak diktadore ohia atxilotu eta auzipetzeko aukera du

Erredakzioa
HERRIA
2005eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Txileko Auzitegi Gorenak atzera bota zuen, atzo, Augusto Pinochet diktadorearen defentsak aurkeztutako helegitea. Hala, diktadorea Condor Operazioa-gatik (1973-1990) auzipetzea baimendu du Gorenak. Izen horrekin ezagutzen da 70eko eta 80ko hamarkadetan Hego Amerikako diktadurek oposizioko kideak hiltzeko aurrera eraman zuten plana.

Erabakia bost epailek sinatu zuten. Horietako hiruk, Alberto Chaigneau, Milton Juica eta Jaime Rodriguezek defentsak aurkeztutako helegitearen kontra egin zuten. Enrique Cury eta Nibaldo Segurak, berriz, alde. Era horretan, Juan Guzman Tapia epaileak Pinocheti leporatutako karguak baieztatu dira. Kargu horien arabera, Pinochet bederatzi bahiketaren eta hilketa baten erantzulea da. Babes helegitearen alde bozkatu zuten bi epaileen ustez, «Pinochetek pairatzen duen dementzia arinak auzian bere burua defendatzea eragozten dio». Auzitegiko idazkari den Carlos Menessesek argitara emandako epaiaren arabera, «Pinochet jeneralaren defentsak aurkeztutako babes helegitea errefusatzeko baldintza egokiak daude». Orain, Guzman epaileak diktadorea atxilotu eta auzipetzeko aukera du. Halere, auzipetzea berriz geldiaraz dezake Pinocheten defentsak, Apelazio Auzitegira joz.Txileko gizarteak modu ezberdinean erreakzionatu zuen erabakia jakin zuenean. Atxilotutako eta Desagertutako Biktimen Familietako Elkarteko bozeramaile Lorena Pizarroren esanetan, Pinocheten auzipetzea «oparirik onena da». «Pozik gaude urte berria albiste bikain honekin hasi dugulako. Borroka gogorra izan dugu diktadorea berriro auzipetzea lortzeko. Guzmanek agindutako behin-behineko atxiloketa betetzea espero dugu», gaineratu zuen. Pinochet Fundazioaren zuzendari exekutibo Luis Cortes Villa, aldiz, ez zen iritzi berekoa. Villaren ustez, Txileko presidente izan zenari heriotza azkartzeko bidea da eta hori «oso mingarria da». Pinocheten defentsak diktadorearen osasun egoera eskasa dela argudiatu du auzipetzea saihesteko.Auzipetutakoaren azken joan-etorriek eztabaida eragin dute berriro. Jakin ahal izan denez, Santiagotik 130 kilometrora duen etxera joan zen iragan abenduaren 31n, urteko azken eguna bere familiarekin igarotzeko asmoz. Osasuna lagun, urtarrila osoa bertan pasatzeko asmoa zuela adierazi zuten bere hurbilekoek. Horretaz gainera, orain dela bi aste, ospitalea utzi eta hurrengo egunean, bere biloba baten eztei-jaian egon zela jakin da. Bi gertakari horiek ezagutu eta gero, «justiziari barre egiten» ari zaiola nabarmendu zuen Eduardo Contreras abokatuak.

DINA eta Pinochet

DINAren, hau da, diktadura garaiko Polizia Sekretuaren eta Pinochet diktadorearen arteko harremanen berri ematen duen 1975. urteko txosten ofizial bat argitaratu zuen atzo Txileko egunkari batek. Aipatu txostenak diktadorearen sinadura darama.

Giza Eskubideen aldeko abokatu batek hurrengo egunetan emango die dokumentua, Pinocheten aukako auzia eramaten duten epaileei.

-

'COLONBO OPERAZIOA'



 

Diktadurako 10 militar auzipetu dituzte





Garai bateko 10 errepresiogile auzipetu ditu Juan Guzman epaileak. 1974 eta 1975 bitartean zortzi lagun bahitzea leporatzen die. Orduan oposizioko 119 kide desagerrarazi zituztenColombo Operazioan. Auzipetutakoen artean, Pinocheten polizia sekretuko (DINA) hainbat kide daude. DINAko buru zen Manuel Contreras jeneral ohia da horietako bat. Colombo Operazioa Txileko justiziak argitu beharreko kasurik zailenetakoa izan da. Izan ere, DINAk aurrera eramandako egitasmorik sekretuenetako bat izan zen hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.