Auzokideak, albo kalte

Bi pilotu turkiar bahitu dituzte Libanon, eta horiek askatzeko, Siriako oposizioak preso dituen libanoarrak libre uzteko eskatu duteSiriako gatazka gero eta gehiago ari da inguruko herrialdeak zipriztintzen

Ion Orzaiz.
2013ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Siriako gatazka armatuari adarrak hazi zaizkio. 2011ko martxotik, Baxar al-Assaden gobernuaren eta matxinoen arteko gerra piztu zenetik, eragin handia izan du aferak nazioartean; batez ere, AEBetako, Israelgo, Errusiako, Erresuma Batuko edota Frantziako gobernuen arteko harremanetan. Azkenaldian, ordea, gero eta gehiago ari dira gatazkan nahasten Siriaren auzokideak. Istiluak ate-joka dira Turkian, Kurdistanen eta Libanon.

Atzo, Turkish Airlines konpainiako bi pilotu turkiar bahitu zituzten Beiruten (Libano), Murat Akpinar eta Murat Agca. Reza Imamaren Bisitariak izeneko talde batek bere gain hartu zuen ekintza eta, Akpinar eta Agcaren truke, 2012an Sirian preso hartutako libanoar erromes talde bat askatzeko exijitu zieten Siriako matxinoei eta Turkiako Gobernuari. Izan ere, Siriako errebelde sunitak babesten ditu Turkiak eta, aldiz, Al-Assaden gobernuaren alde egiten du Libanoko komunitate xiita osoak —tartean, Hezbollahek—.

Bahiketaren berri izan eta berehala, Libanoko Barne ministro Marwan Txarbelek adierazi zuen segurtasun zerbitzuak lanean direla, atzemandako bi gizonak topatu eta aske uzteko. «Bahiketa oro gaitzesten dugu», gaineratu zuen Nayib Mikati lehen ministroak. Ankarak, berriz, dei egin zien Turkiako herritar guztiei, «ahal bada» Libanora bidaiarik egin ez dezaten: «Libanon dauden turkiarrek etxera itzuli beharko lukete, eta ezinbestean han gelditu behar badute, adi egon behar dute eta segurtasun neurriak zorroztu». Korapiloa askatze aldera, iaztik Sirian bahituta dauden erromes libanoarrak libre uzteko «presioa» egin dezan eskatu dio Turkiako Gobernuari Xiiten Batzorde Islamiko Goreneko kide Abbas Zugheibek.

2012ko maiatzean bahitu zituzten erromesak Alepon, eta orain arte hamaika protesta ekintza antolatu dituzte haien senideek, Turkiako Gobernuari esku hartzeko exijituz. Hala ere, bi pilotuen bahiketarekin zerikusirik ez dutela esan zuten atzo. «Presio neurri gisa, ongi deritzogu bi turkiar bahitzeari, baina ez gaitzatela gu afera horretan nahastu», adierazi zuen Daniel Xeiab bahitutako libanoarretako baten anaiak.

Siriarekin lotura duten bahiketak eta istiluak, ordea, ez dira Libanora eta Turkiara bakarrik zabaldu. Kurduek ere sufritu dituzte Siriako matxino taldeen erasoak. Kurdistango Rojava eskualdean —Siriaren menpekoan— etengabeak dira kurduen eta Al-Nusra frontearen arteko liskarrak. 200 lagun daude oraindik Al-Nusrako ekintzaileen eskuetan, eta Tal Abyad barrutian, 450 pertsona hil ditu fronteak, hedabideen arabera.

Genevara begira

Sirian eta inguruko herrialdeetan indarkeriak gora egiten duen bitartean, Genevan egitekoa den —eta behin eta berriz atzeratu den— bake konferentziari begira daude mundu osoko potentziak, ez aurrera ez atzera, euren arteko eztabaidetan murgilduta. Atzo, gailurra prestatzeko lanak «bizkortzeko» eskatu zuten NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek eta Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek. Hala ere, Siriako matxinoek dagoeneko esan dute ez dutela goi bilkura horretan parte hartuko eta Al-Assaden gobernuak adierazi du, negoziazio mahaian esertzeko prest egon arren, ez duela agintea emateko asmorik. AEBen eta Errusiaren arteko harremanen gaiztotzeak ere eragin handia izanen du afera horretan.

AEBek, Israelek, Erresuma Batuak eta Frantziak, besteak beste, Siriako matxinoen alde egiten duten bitartean, Errusiaren, Txinaren eta Iranen babesa du Al-Assadek.Hain zuzen, babes hori apurtzen saiatu omen da Saudi Arabiako Gobernua, AFP berri agentziaren arabera, eta «eragingarri ekonomiko eta politikoak» eskaini omen dizkio Vladimir Putin Errusiako presidenteari, Damaskori bizkar ematearen truke. Berri agentziak dioenez, ordea, Putinek uko egin dio eskaintzari, eta ez du aldatuko Siriarekiko duen jarrera.

Konpromiso horren barruan kokatzen da armamentu militarraren gainean Damaskok eta Moskuk duten hitzarmena. Lau S-300 aire defentsa sistema salerosteko kontratua sinatu zuten bi herrialdeek 2011n, Al-Assaden aurkako matxinada hasi baino lehen, baina armamentua atzeratu eginen dela adierazi du Kremlinek. Gutxienez, datorren urteko ekainera arte ez du jasoko Siriako Gobernuak. Kremlinen arabera, «azken hilabeteotako gertaerek bultzatuta» hartu dute erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.